Saskibaloiko Euskal Kopa Durangon jokatuko da, irailaren 14tik 17ra bitartean
Neurketak Durangoko Landako kiroldegian izango dira eta Endesa Ligan dabiltzan hiru euskal taldeek jokatuko dute. Kutxabank Araski eta Ibaeta Basket hasiko dira hilaren 14an, gasteiztarrek Lointek Gernika izango dute aurkari 16an eta 17an, gernikarrek eta donostiarrek itxiko dute lehia.
Saskibaloiko denboraldiaurreari dagokion hitzordu garrantzitsuenetakoa bihurtu da azken urteetan Euskal Kopa. Jakina da euskal talderik dabilen kategoria bakoitzeko Euskal Kopa bat antolatzen dela eta ostegun honetan Endesa Ligako euskal taldeen egutegia eman da jakitera.
Hala, irailaren 14tik 17ra bitartean ospatuko da aurten Euskal Kopa eta, esan gabe doa, azken urteetan ohikoa den legez, Kutxabank Araski, Ibaeta Basket eta Lointek Gernika Bizkaia ariko direla lehian. Neurketa guztiak Durangoko Landako kiroldegian jokatuko dira.
Bistakoa da taldeak oraindik erabat osatzeke eta erritmo falta handiarekin izango direla, baina aurpegi berriei so egoteko balioko dute neurketa hauek. Hala, irailaren 14n, osteguna, 19.00etatik aurrera jokatuko dute Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek elkarren arteko lehia, euskal Kopa honi hasiera emanez.
Handik bi egunera, hilaren 16an, 12.00etan hasita, Madelen Urietak gidatzen duen taldeak Lointek Gernika Bizkaia izango du aurkari, Mario Lopez berriz ere aulkian dela joan zen denboraldian osasun arrazoiak tarteko Anna Montañanari lekua egin eta gero.
Euskal Kopako azken partida igandean, irailaren 17an jokatuko da, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotrenen artean. Joan zen urtean IDK Euskotren nagusitu zen, neurketa bietan nagusitu ostean.