INFO

Bertan behera geratu dira Eusko Label eta Euskotren Ligen hasiera Coruñako itsaso zakarragatik

Eusko Label eta Euskotren Ligetako Coruñako estropadak ezin izan dira jokatu gaur arratsaldean, «ontziratzeko egoera oso konplikatuak» baitziren, adierazi dute antolatzaileek. B plan baten falta botatzen dute talde ezberdinetako arduradunek.

Eusko Label eta Euskotren Ligak Coruñan hastekoak ziren, baina bertan behera geratu da lehen jardunaldia. (AGENCIA LOF)

Albiste txarrak iritsi zaizkigu Coruñatik. Asteburu honetan Eusko Label eta Euskotren Ligen denboraldiko lehen estropadak jokatu behar ziren, baina, gutxienez, larunbat honetakoa bertan behera geratu behar izan da itsaso zakarragatik eta arraunlari guztien segurtasuna bermatzeko.

Hala adierazi du Benigno Silva ACTko Komite Teknikoko presidenteak: «Ontziratzeko egoera oso konplikatuak dira. Olatu batetik besterako tartea oso motza da, olatuek altuera handia dute, erresaka asko dago eta oso konplikatua da. Oso azkar egin behar da eta ia ez dago denborarik egiteko. Ez dago zero arriskua, baina estropada gaur egitea gehiegizko arriskua hartzea litzateke eta tripulazioren batek ezbehar arriskutsuren bat izan zezakeen. Uste dut erabakarik onena estropada bertan behera uztea dela, ea bihar (igandean) egitea lortzen dugun».

Gainera, gaineratu behar da hondartzan bandera gorria zegoela bainatzeko. Zentzu honetan, «arraunlarien segurtasuna bermatzen dugu», azpimarratu du Benigno Silvak. «Ehuneko ehuneko segurtasuna ez dago inoiz, baina egoera hauekin arriskuak txikitzen saiatu behar gara, eta arriskuak badaude. Ontziratzea oso konplikatua dago. Lurretik pixka bat hobeto ikusten zen, baina hemen, tokian tokian ikusita, oso konplikatua da», gaineratu zuen estropadako antolatzaileak.

B plana?

Ez da honelako egoera antzeko bat gertatzen den lehenengo aldia. Gogoratu behar da 2011. urtean Trophee Bordeaux Casino Lucien Barriere estropada ere bertan behera geratu behar izan zela ibaiko korronte handiengatik. Garai hartan traineruen denboraldiko lehen estropada zen, gaurkoa bezalaxe, eta Coruñan bildutako arraun elkarte ezberdinetako arduradunek B plan bat ez izatea kritikatu dute hondartza inguruan.

Honekin batera, hainbeste kirolari Galiziaraino joan eta beste aukerarik ez izatea ere azpimarratzekoa da. Izan ere, Hondarribia, Orio eta Donostiarra taldeek bi traineru dituzte Eusko Label eta Euskotren Ligetan banatuta. «60 pertsona baino gehiago» mugitu behar izan dira bertaraino, adierazi du Juan Mari Etxabe Orioko prestatzaileak.

Orokorrean, denek ulertu dute bertan behera uztearen arrazoia. «Ados hartutako erabakiarekin. Ez dago B planik. Noizbait gertatu behar zen, eta gaur gertatu da, eta ezin da uretara joan. Niretzat egon den erabakirik onena da», adierazi dute Arraun Lagunak emakumezkoen taldetik.

Nadeth Agirre Orioko patroiaren ustez, «errazena da esatea jokatuko dela, baina hor hondartzatik atera egin behar da eta, nahiz eta jende pila bat elkartu trainerua heltzen, indar handia du olatuak. Horren beldur ginen pixka bat eta gure aldetik, bertan behera utzi ostean, lasaiago gaude».

«Jende askoren errua»

Hibaikako arduradunek gehitu dutenez, «Gurutze Gorrikoek esan digute ea nola atera gaitezkeen egoera horretan. Olatu serieak etortzen direnean, ni behera sartu naiz, zuloa egiten du eta hor Kristoren erresaka pila bat dago. Bi metroko pareta bat altxatzen da hor. Bi metroko pareta hori altxatzen denean olatuarekin, trainerua altxako dizu eta zeinek heltzen du traineru hori? Arrisku handia dago eta jendea arriskuan jartzeak ez du pena merezi inondik inora ere».

Arraun Lagunak taldetik ere oso zintzoak izan dira: «Oso arrisku handia dago. Ez dakigu limitea non dagoen, baina momentu horretan ezin zen. Pisu gutxiko jendearekin, emakumeak adibidez, 60 kiloko mediarekin, aurretik eramango digu eta mutilek ere gaizki pasako dute. Mina hartzeko arriskua dago eta ez dakiguna da gero bueltatzeko zer gertatuko den. Denok bagenekien hau gerta zitekeela, baina azkenean gertatu da eta ez dugu oraindik soluziorik bilatu. Lau urte pasa dira eta ez da baten kulpa bakarrik, baizik eta jende askorena».

Talde batzuetako ordezkariak nahiko haserre ageri dira egoera honekin. «Ez dut beroan hitz egin nahi, bestela gero zigorrak eta multak guregan erortzen dira, baina hemen eta Burdeosen pasa zena, berriro pasa egin da. Ea bihar zer gertatzen den...», azpimarratu dute.

Kontrako aldean, Mikel Orbañanos Hondarribiako entrenatzaileak uste du «horren azkar bertan behera uzteko iruditzen zait erabaki prezipitatu bat izan dela. Uretaratzeko nire ustez ez dago hain gaizki. Neurriak hartu behar dira, bai, baina iruditzen zait ahalko zela uretaratu».