INFO

«Fuck Guggenheim» aldarria ere Tourrean, inoizko modurik bitxienean

Erabakitzeko eskubidearen aldarria edota presoak etxeratzearenaz gain, larunbateko etapan «Fuck Guggenheim» aldarria ere Tourrean izan zen. Gauteriz-Arteagako auzokideek modu irudimentsuan egin zuten protesta atzoko etapako 86. kilometro inguruan.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Frantziako Tourra Euskal Herritik igaroko zela jakin zutenetik, hainbat euskal herritar bere aldarri eta ikurrak prestatzen ibili dira. Urdaibaiko kuadrilla batek ere prestatuta zuen bere protesta txirrindulariak heltzerako. Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako aldarria egin zuen.

Txirrindulariei itxaroten ari ziren bitartean, afitxa horietan «Le Tour de France 23» zuten idatzirik, frantziako telebistan ere agertu omen ziren ustezko tourraren aldarria eskuetan. Baina tropela iristerakoan, afitxei buelta eman, bizilagunak lekuz aldatu eta «Fuck Guggenheim» esaldia osatu zuten. Telebista bidez tourra jarraitzen ari ziren milaka ikuslek etxetik bertatik ikusi zuten bizilagun hauen aldarria. Protesta bitxia izan zen, momentuz, aurtengo edizioko irudimentsuena izan dela esan daiteke.

Testuinguru honetan baina, ez ziren Guggenheimek Urdaibairako duen proiektua kritikatu duten bakarrak izan. Pasa den ostiralean, Gernikan mobilizazioa deitu zuen Ernaik Guggenheim Urdaibai proiektua arbuiatzeko. Turismoa beharrean, lehen sektorea eta industria oinarri dituen Busturialdea aldarrikatu zuten. «Turismo masiboak sortuko lituzkeen lan prekarioen» aurka eta biosfera mantentzearen alde mobilizatu ziren gazteak.