Erabakitzeko eskubidearen aldarria Zuberoako larre zabaletara hedatu da, Tourra agurtuz
Tourreko bosgarren etapak Zuberoa zeharkatu du asteazken honetan. 40 kilometro egingo ditu Euskal Herrian eta euskal herritarren «borondatea lau haizetara zabaltzeko» Gure Eskuren ekimenak kapitulu berri bat du. Zuberoako larre zabaletan ikurrina eta nafar bandera erraldoiak kokatu dituzte.
Euskal herritarron «borondatea lau haizetara zabaltzeko» ekimenak indarra hartu du asteazken honetan, egun bateko atsedenaren ostean. Tourra Euskal Herritik abiatzen zela-eta, Gure Eskuk errepideak ikurrinez eta euskal ikurrez betetzeko deia egin zuen, «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen» aldarria nazioartera zabaldu asmoz. Lehendabiziko hiru etapak igarota, helburua betetzat jo zuten atzo eginiko balantzean baina bertan gogoratu zuten asteazken honetan berriro ere errepidera ateratzea egokitzen zela.
Izan ere, Tourraren bosgarren etapa, Pauen hasi eta Larüntzen bukatzen dena (162 kilometro), Zuberoatik igarotzen da. 40 bat kilometro egingo ditu Euskal Herrian, alegia. Hori horrela, lehendabiziko hiru etapetako dinamikarekin jarraiki, ikurrina eta nafar bandera erraldoi bana kokatu dituzte Zuberoko larre zabaletan.
Ikurrina eta nafar bandera badaude jada Xiberuan, plazer guztietako txokorik ejerrenean! Gaur ere herritarron borondatea lau haizetara zabalduko dugu!#BasquesDecide #EuskalHerriakerabaki #TDF2023 @LeTour pic.twitter.com/DJuvYuNFgq
— Gure Esku (@gure_esku) July 5, 2023
Bestalde, Idurre Eskisabelen, herri iruditeriaren ikerlari feminista eta Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiaren, adierazpen batzuk bildu ditu, ikurrinaren inguruko hausnarketarekin.
«Bandera trapu bat da haizerik ez badabil», Dut musika taldearen ‘Haize eza’ abestiko esaldia ekarri du gogora hasteko eta ondoren, egun hauetan ikurrinak beregain hartu duen aniztasuna nabarmendu du: «Milaka lagunetako bakoitzak esanahi jakin bat, ñabardura bat, erantsi dio ikurrinari. Eta ukaezina da badagoela nor izateko bokazio bat keinu horietako bakoitzean eta nor izatearen oinarria erabakitzeko eskumena izatea da», adierazi du.
Idurre Eskisabelek, herri iruditeriaren ikerlari feministak, ikurrinaren inguruko hausnarketa bidali digu.
— Gure Esku (@gure_esku) July 5, 2023
Gaur Zuberoan, berriro ere, astinduko ditugu geure koloreak! Berriro ere argi utziko dugu herritarron borondatea!#BasquesDecide #TDF2023 @LeTour pic.twitter.com/rkMu7c38jT
Esaterako, «erabakitzea nora arte luzatzen den baietza eta non hasten den ezetza; erabakitzea zein diren hizkuntza gutxitua den euskarari zor zaion hizkuntza politikak; erabakitzea Bidasoa izan dadila egiaz bizimodu hobeetarako zubi bat migratzaile denentzat».
«Pentsatu nahi dut esanahi horiek eta beste hainbat jantzi dituela egunotan ikurrinak, hala behar du gu askotariko eta konplexu honetan itogarri bihurtuko ez bada», ondorioztatu du Eskisabelek.