Planetak inoiz izan duen batez besteko tenperaturarik altuena izan zuen uztailaren 4an
Planetaren azaleraren gaineko batez besteko tenperatura globala 17,18 gradukoa izan zuen uztailaren 4an, Maineko Unibertsitateak egindako azterketa baten arabera. 1979an erregistroak hasi zirenetik altuena da.
Planetak inoiz izan duen batez besteko tenperaturarik altuena izan du uztailaren 4 honetan. Zehazki, 17,18 Celsius gradukoa izan da (62,92 Fahrenheit), Maineko Unibertsitateak eginiko azterketaren arabera.
1979an erregistroak hasi zirenetik planetaren azaleraren gaineko batez besteko tenperatura altuena da gaurkoa; orain arte sekula ez zen 17 graduko langa gainditu, baina aste honetan bi aldiz hautsi da: joan zen astelehenean, 17,01 gradu izan ziren, eta asteartean marka hori gainditu zen, 17,18 gradurekin, unibertsitate horretako Climate Reanalyzer proiektuaren arabera.
‘El Niño’ izeneko fenomeno meteorologikoaren eta klima aldaketaren konbinazioak zientzialarien alerta piztu du eta 2023.a urterik beroenetako bat izango dela ohartarazi dute.
Ekainaren hasieran, AEBetako Ozeanoaren eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak (NOAA) ‘El Niño’ren hasiera iragarri zuen, ekuatore-ekialdeko Ozeano Bareko tenperaturen igoerarekin lotutako fenomeno klimatikoa.
Erakunde horren arabera, ‘El Niño’ren efektuak uda euritsua eragin lezake Estatu Batuetako hegoaldean eta Mexikoko Golkoko kostaldean.
Kaliforniako Berkeley Earth Unibertsitateko Robert Rohdek aurreikusi duenez, «konbinazio honek egun beroagoak ekar ditzake datozen sei asteetan».
Nahiz eta estatistikak 1979an hasi ziren, adituen arabera beste datu multzo batzuek atzerago begiratzeko aukera ematen dute, eta uztailaren 3a eta 4a neurketa instrumentalak hasi zirenetik beste edozein puntu baino beroagoak izan zirela ondorioztatzeko aukera ematen dute eta, ziurrenik, denbora askoz lehenagotik ere bai, Rohdek zehaztu duenez. «Berotze globalak mundu ezezagun batera garamatza», adierazi du.
Aurtengo udako beroak milioika pertsona jarri ditu arriskuan mundu osoan. Txina muturreko bero-boladarik handiena jasaten ari da, Pekinen tenperaturek errekorrak hautsi eta bi astera. Joan den hilean, Indian jasan zuten beroa eskualde pobreenetan izan ziren heriotzekin lotu zuten. Britainia Handiak ere bere historiako ekainik beroena izan zuen.