Departamenduak aho batez onartu du mugatik hesiak kentzeko EH Baik aurkezturiko mozioa
Annie Povedak eta Iker Elizaldek mozio bat defendatu dute ostiral honetan Baionan iragan den Pirinio Atlantikoen Departamentu Kontseiluaren batzorde iraunkorrean. Mugako hesiak altxatzeko galdegin dute Euskal Herria Bairen hautetsiek. Adierazpena aho batez onartua izan da.
Annie Povedak eta Iker Elizaldek izenpeturiko mozioa eztabaidagai izan du gaur goizean Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseiluko batzordea iraunkorrak Baionan egin duen bilkuran.
Euskal Herria Baiko bi departamendu kontseilariek mugako hesiak altxatzea galdegin dute, zehazki Etorbidearen zubia berriro itxi dutela-eta aurkezturiko adierazpen horretan.
Mozioa aho batez onartua izan dela zentro-eskuineko gehiengoak gobernatzen duen departamendu kontseiluko batzorde iraunkorrean jakitera eman dute bi hautetsiek sare sozialen bidez zabaldu duten bideoaren bidez.
Bi hautetsiek nabarmendu dutenez mozioak bildu duen sostengu zabalak erakusten du «Euskal Herrian ez ditugula mugak nahi baizik eta zubiak».
Hori esanda, biek ala biek dei egin diete herritar guztieri mobilizatzen jarraitzeko.
Mozioan jasotako hiru eskariak
Lehenik eta behin, 2021eko urtarrilaz geroztik frantses Estatuak baliaturiko mugak ixteko luzapenaren amaiera galdegiin dute aipaturiko mozioan Euskal Herria Baiko ordezkariek.
Iragan apirilean Bruselari jakinarazitako azkeneko komunikazioaren bidez frantses Gobernuak 2023ko urrira bitartean luzatu zuen Schengen Tratatua ez errespetatzeko erabakia.
Bi hautetsi abertzaleeek egin duten bigarren galdera da Hendaia eta Irun lotzen dituen Etorbidearen zubian berrezarritako hesiak behingoz kentzea.
Hain zuzen, gaur, arratsaldeko 18.00etan, hesiaren bi aldeetan elkartzeko deia egin diete herritarrei Jose Antonio Santano eta Kotte Ezenarro, hurrenez hurren Irungo eta Hendaiako auzapezek, pasabidearen itxiera salatzeko.
Finean, «pertsona migratzaileak laguntzen dituzten herritarren aurkako errepresio istema amaitzeko» galdegiten dute aipaturiko mozioan EH Baiko departamendu kontseilariek.
Departamenduko batzorde iraunkorrak plazaratu duen testuan, helburu horiek laburtzearekin batera, 2021az geroztik itxita dauden lau pasabide irekitzea galdetzen dute departamendu kontseilariek.
Hau da Izpegi, Aldude, Larraine eta Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubiak behin betiko irekitzeko eskaera zehaztu du batzorde iraunkorrak adierazpen horretan.
Santiago zubia moztu zuten atzo
Hamabost bat eragilek deituta elkartasuna ez dela delitua aldarrikatzeko eta mugen irekiera eskatzeko mobilizazioa egin zuten, atzo, Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago zubian.
Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Diakite-Etorkinekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bagera, SOS Arrazakeria, Bizi!, LAB, FSU, Solidaires, EH Bai, EELV, NPA eta Mugak Zabalduz Karabana Iruñea izan ziren jende anitz erakarri duen mobilizazioaren sustatzaileak.
18.00etatik goiti eta ordu erdi batez Santiago zubia blokeatu zuten, bi norabideetan, badira bi urte t'erdi itxita den mugaren behin betiko eskaera eskatzearekin batera «gero eta militarizatuagoa dagoen eremu horretan» aplikatzen diren «etengabeko kanporaketek eta kontrol arrazistek» pertsona migratzaileen bizitzak arriskuan jartzen dituztela agerian jartzeko, beste behin ere.
Uztailaren 22rako deitu duten mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu zieten, finean, Bidasoaldeko herritar zein hautetsiei.