INFO

Damaris Egurrolak 2027ko sasoi amaierara arte luzatu du kontratua Olympique de Lyonekin

Erdilariak beste hiru denboraldi gehiagorako luzatu du kontratua talde frantsesarekin, –2024ra arte zuen–. Haren hitzetan, «ez dago Lyon baino leku hoberik». Orain Munduko Kopan dago buru-belarri, Herbehereetako selekzioarekin jokatuko du. Bi aste barru hasiko da, uztailaren 20an.

Damaris Egurrola Olympique de Lyoneko jokalaria kligako partida batean. (@OLfeminin)

Damaris Egurrolak elastiko zuria janzten jarraituko du 2027ko denboraldi amaierara arte, berak hala nahi badu behintzat. Izan ere, hiru denboraldi gehiagorako luzatu du kontratua Olympique de Lyon taldearekin, –2024ra arte zuen–.


NAIZen orain dela bi hilabete egindako elkarrizketan adierazi zuen oso pozik zegoela Estatu frantsesean, eta bere asmoa zela han jarraitzea. «Uste dut ez dagoela egoteko leku hoberik, eta hemen bezala ez naizela inon egongo», nabarmendu zuen Egurrolak.

Pasa den denboraldia «gorabeheratsua» izan zen Olympique de Lyonentzat, bereziki Txapeldunen Ligan: final-laurdenetan Chelseak kaleratu zuen. Halako talde batentzat, hori «porrota» izan zen. Hori bai, ligak eta kopak ez zien ihes egin, eta geratzen zitzaizkien bi garaikur horiek eskuratu zituzten.

Munduko Kopan, Herbehereekin

Australian eta Zeelanda Berrian jokatuko den Munduko Kopan egongo da Egurrola. Uztailaren 20ean hasi eta abuztuaren 21ean bukatuko da. Pasa den astean jakinarazi zuen Andries Jonker Herbehereetako hautatzaileak 23 jokalarien zerrenda, eta bertan da erdilaria.

Horren inguruan ere mintzatu zen elkarrizketan, eta adierazi zuen multzoen fasean AEBen eta Portugalen kontra jokatzeak balioko diela «ikusteko zein bidetan» doazen, eta «txapelketan apurka-apurka hazten joateko».

Munduko Kopan arituko diren beste euskal herritarrak dira Irene Paredes eta Oihane Hernandez. Horiek Espainiako selekzioarekin jokatuko dute.