INFO

Emakumeen bizitzak ezbaian AEBetan

2022an AEBetako Auzitegi Gorenak indargabe utzi zuen Roe V. Wade epaia eta, hartara, estatu bakoitzari abortatzeko eskubidea mugatzea ahalbidetu zion. Haurdunaldiak eteten jarraitu dute emakumeek, beste estatu batzuetara bidaiatuz, ordaindu dezaketenek, eta bizitza arriskatuz, pobreagoek.

Joan den astean protesta egin zuten Washington DC hiriburuan abortatzeko eskubidearen alde. (Anna MONEYMAKER | AFP)

Abortatzeko eskubidea ezabatu beharrean, Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak abortuaren inguruan hartutako erabaki historikoak sekulako buruhausteak sortu dizkie emakumeei, istiluak eragin ditu epaitegietan eta dilema zabaldu du alderdi errepublikanoaren baitan. 2022ko ekainaren 24an, Donald Trumpek birmoldatutako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen 1973. urtetik estatubatuarrei abortatzeko eskubide a bermatzen zien Roe v. Wade epaia.

Horrela, estatu bakoitzari haurdunaldia etetea arautzeko legeak egiteko askatasuna itzuli zion. Egun berean debekatu edo mugatu zuten hainbat estatuk beren mugen baitan abortatzea. Berehalako araudi aldaketak klinikak presaz ixtea edo beste estatu batzuetara aldatzea eragin zuen.

Geroztik, herrialdea banatuta dago debekuak edo murrizketa handiak ezarri dituzten hogei estatuen eta eskubidea bermatzeko neurriak hartu dituztenen artean.

Eragin orokorra mugatua da, zifrei erreparatuz gero, behintzat. Society of Family Planning erakunde profesionalak hilean 79.031 abortu zenbatu ditu AEBetan, batez beste, 2022ko uztailetik 2023ko martxora bitartean. 2022ko apirilean eta maiatzean 81.730 izan ziren; hau da, % 3,3ko jaitsiera jazo da. «Pertsona askok abortatzen jarraitzen dute, oztopo gehiagori aurre egin behar badiete ere», laburbildu du Ushma Upadhyay Kaliforniako Unibertsitateko Osasun Publikoko eta Ginekologiako irakasleak.

«Erruleta errusiarra»

Dozena bat estatutan klinikak itxi izanak milaka emakume bidaiatzera bultzatu ditu. Kostu ekonomikoaz haraindi, lanpostuan egun libre bat lortzea edo bere senideei absentziaren zergatia azaltzea ez da beti erraza izaten abortatu behar duten emakumeentzat. Antolatzeko beharrak interbentzioa atzeratzen du, haurdunaldia luzatuta, eta eragin psikologikoa izan dezake emakumearengan. Halaber, osasun fisikoari ere kalte egiten dio interbentzioa atzeratzeak.

Salaketa batean, Anna Zargarian Texasko bizilagunak adierazi zuen urak goizegi bota zituela eta beraz, fetuak ez zeukala bizirik irauteko aukera baina, hala ere, Coloradora joan behar izan zuela fetua atera ziezaioten. Hegaldia «beldurgarria» izan zela azaldu zuen: «Errusiar erruletan jolastea bezalakoa izan zen odoljarioa edo infekzioa izateko aukera handia nuelako, baita erditzen hastekoa ere».

Lehen hiruhilekoan, estatubatuarrek abortatzeko pilula har dezakete, haurdunaldia eten nahi izanez gero. Baina, legez kanpokoa da hainbat estatutan, eta Interneten edo laguntza sareen bidez eskuratzen dutenek «auzitara eramanak izateko arriskuari aurre egin behar izaten diote», Ushma Upadhyay Ginekologiako doktoreak eta unibertsitateko irakaslek adierazi duenez.

Haurdunaldiarekin jarraitzera behartuta daudenei dagokienez, «pobreenen artean pobreenak» dira batez ere, doktorearen arabera, eta herrialdean dauden arraza desberdintasun sakonak kontuan hartuta, askotan emakume beltzak edo hispanoak izaten direla gaineratu du adituak.

Hala ere, salbuespenak ere badaude, Amanda Zurawski esaterako, zuria, ezkondua eta klase ekonomiko ertain-altukoa baita. Haurdunaldiko 18. astean erditze lanetan hasi zenean, medikuek esan zioten umea ez zela biziko. Hala ere, fetuaren bihotza taupadaka ari zela-eta, ez zen legala Texasen abortatzea. Beraz, ez zioten haurdunaldia eten, hiru egun geroago septizemia batek ia hil zuen arte.

Bost milioi

Upadhyayk zalantzak dauzka etorkizunari dagokionez. Duela urtebetetik hona, emagin asko mobilizatu dira emakumeei laguntzeko, «baina hemendik urtebetera edo bi urtera, ahalegin pribatu horiek agortu egingo dira», adituak iragarri duenez.

Era berean, marko legalak ezegonkorra izaten jarraitzen du. Lege murriztaile bakoitza auzitara eraman dute, eta oraindik ez diete errekurtso gehienei erantzun, ezta horrenbeste biztanle dituzten hegoaldeko estatuetan ere, hala nola Georgian edo Hego Carolinan.

Baina zalantzarik handienak abortatzeko pilulen ingurukoak dira. Apirilean, epaile federal batek megipristona (RU 486) merkaturatzea debekatu zuen. AEBetako Sendagaien Agentziak (FDA) 2000. urtean baimendu zuen pilula horren salmenta eta orduz geroztik, bost milioi emakumek baino gehiagok erabili izan dute. Auzitegi Gorenak aipatutako erabakia bertan behera utzi du, baina apelazio auzitegi batek laster indarrean jar dezake berriz ere.

Presiopean

Politikaren alorrean ere eztabaidak daude. Joe Biden presidentea katoliko praktikantea da eta denbora luzez zuhur jokatu izan du abortuaren gaiari dagokionez. Hala ere, demokratek bere egin dute haurdunaldia eteteko eskubidearen aldeko borroka eta haren defentsa beren lehentasunetako bat bilakatu dute.

Dirudienez, estrategia horrek ahalbidetu die agintaldi erdiko hauteskundeetarako iragarri zitzaien porrota saihestea. Bestalde, Kansas eta Kentucky estatu kontserbadoreetan abortuaren aurkako erreferendumek izandako porrotak errepublikanoak ere baretu ditu.

Eskuin erlijiosoak alderdi errepublikanoaren hautesleriaren zati handia hartzen du eta haiek asetzeko, tokiko esparruetan presioa egiten ari dira legedi oso murriztaileak bultzatzeko. Hautesle moderatuak ez kanporatzeaz arduratuta, ez dute horren zorrotz jokatzen maila federalean, abortatzeko eskubidearen aurkako erakunde handien presioak gorabehera.

Erakunde horien artean dagoen SBA Pro-Life taldeak jakinarazi du AEB guztietan abortua mugatuko duen lege bat bultzatzeko konpromisoa hartzen duten presidentegaiak bakarrik babestuko dituela 2024ko hauteskundeetan.

 

ABORTATZEKO LAGUNTZA, TELEFONOAREN BESTE ALDEAN

Urtebete da telefonoak etengabe jotzen duela. Linda Prine medikuak telefono linea bat sortu du abortatu nahi duten emakume estatubatuarrak artatzeko eta 70 bat profesional sanitariok modu boluntarioan txandaka erantzuten dute. Telefono linea egunean 18 orduz egoten da irekita.

Bereziki, haien estatuko legediak bultzatuta etxean eta medikuak artatu gabe medikamentuak hartuz abortatzen dutenei ematen diete laguntza. Abortatzeko pilulak non lor daitezkeen galdetzeko deitzen dute gehienek. Beste askok, pilulak hartu ondoren, funtzionatu dutela ziurtatzeko.

Linda Prine doktorea (Angela WEISS / AFP)

Auzitegi Gorenaren erabakiaz geroztik, Prinek nabarmendu duen ezberdintasun nagusia da emakumeek haurdunaldia aurreratuago dagoela abortatzen dutela, aste batzuk behar izaten baitituzte pilulak atzerritik iristeko. «Hainbatek 18 asteko daudela hartzen dituzte pilulak», medikuaren arabera.

AEBetan, abortatzeko pilulak 10. astera arte baimentzen ditu Sendagaien Agentziak. Epe hori igarota, emakumeek abortu kirurgikoa eskatu dezakete baimenduta dagoen estatuetan. Haurdunaldiaren bigarren hiruhilekoan pilulak hartzen dituztenean, identifikatu daitekeen fetu bat botatzen dute emakumeek eta horrek erabat izutzen ditu, medikurik gabe eta bakarrik egiten baitute, norbaitek salatuko dituen beldurrez.

Prine «haserre» dago abortatzeko eskubidearen murrizketengatik, baina bere amorrua ekintza bihurtzen duela dio: «Horrek bultzatzen nau kontraerasora».