INFO

Anfetamina, marihuana, karabinak eta arma zuriak Beasaingo pabiloi batean

Ertzaintzak 36 urteko gizon bat atxilotu du Beasainen, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita, pabilioi batean hainbat substantzia estupefaziente aurkitu ondoren. Horrez gain, hainbat karabina, errebolber, detonagailu bat eta arma zuriak atzeman dizkiote.

Aurkitutako armen argazkia. (ERTZAINTZA)

Ostiralean, goizaldean, Oriako ertzain-etxeko patruilek gizon bat identifikatu zuten Beasaingo pabiloi batean, polizia-dispositibo batean. Eraikinaren barruan, eta txakurren unitatearen parte-hartzearekin, hainbat droga aurkitu zituzten. Hala, hozkailu baten barruan 110 gramo anfetamina baino gehiago aurkitu zituzten eta 140 gramo marihuana poltsa batean. Gainera, ebaketa-substantzia bat aurkitu zuten eta haxix zati bat, doitasun-baskula batekin batera.

Horrekin guztiarekin batera, beste gela batzuetan hainbat arma atzeman zituzten, horien artean, sei karabina eta beste hiru arma desmuntatuta, detonagailu erako errebolber bat, 45 zentimetro inguruko orriko katana bat, aihotz bat, sastakai bat, makila luzagarri bat eta hainbat labana. Horietako bik pistola baten eta giltza baten itxura zuten, eta tximeleta motako beste batzuk ere bazeuden.

Lakuako Segurtasun Saialak ohar batean iragarri duenez, aurkitutako materiala ikusita, aipatutako gizonezkoa atxilotu egin zuten. Atxilotua epailearen aurrean aurkeztu dute larunbat honetan.

Bestetik, Ertzaintzako agenteek eginbideak ireki dizkiote beste gizon bati, osasun publikoaren aurkako delitu batekin zerikusia duelakoan. Izan ere, Andoaingo etxebizitza batean eta lonja batean 50 gramo kokaina eta ehun marihuana landare inguru aurkitu zizkioten.