INFO

Bilboko Esperantza udal ekipamenduaren pribatizazioa eten dute, LABek helegitea jarri ondoren

Bilboko Esperantza udal ekipamenduaren lizitazio iragarkiari helegitea jarrita, prozesua etetea lortu duela adierazi du LAB sindikatuak. Udalak beste kudeaketa eredu batzuk aztertzeko asmoa agertu du.

Esperantza udal ekipamendua, Bilbon. (LAB)

Esperantza frontoia zegoen lekuan irekiko den udal ekipamendu berriko zerbitzuak kanpoko enpresek kudeatzeko argitaratutako lizitazio iragarkiei LABek helegitea jarri ostean, prozesua geldiaraztea lortu du sindikatuak, ohar batean azaldu duenez. Ekipamendu horrek Gaztegunea, Mediateka eta Haurgune/Kidegunea izango ditu, baita atezaintza zerbitzua ere, besteak beste.

Sindikatuak jakitera eman duenez, Esperantza kaleko lokal horretan eskaini behar ziren zerbitzu publikoen balizko pribatizazioari buruzko «zurrumurrua» zabaltzen hasi eta gutxira, ekainaren 12an, ekipamendu horren lizitazio iragarkia argitaratu zuen Bilboko Udalak.

Bilboko Udaleko LABeko atal sindikalak bere garaian negoziazio mahaian adierazi zuen ez zuela «beste aldera begiratuko» pribatizazio saiakeraren aurrean, izan ere, «sindikatu honentzat lehentasunezkoa da udal zerbitzu publikoak defendatzea eta zerbitzu publiko horiek udal langileen bidez kudeatzea».

Hori horrela, Bilboko Udaleko LABeko atal sindikalak, sindikatuko zerbitzu juridikoekin batera, Esperantza kaleko udal ekipamendua kudeatzeko eta dinamizatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientearen aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta dagokion arloko zinegotziari eta Giza Baliabideen zuzendariari ere jakinarazi zien.

Bada, sindikatuak adierazi du Udalak jakinarazi diela pribatizazio prozesua bertan behera uztea aginduko dutela, berrikusi ahal izateko, «beste kudeaketa eredu bat posible dela» uste omen dutelako. Horregatik, adierazi dute «pribatizazio hori gelditzea» lortu dutela. Era berean, zerbitzu publikoen defentsan jarraitzeko asmo irmoa agertu du LABek.