INFO

Ana Tejadak 2024-2025eko denboraldi amaierara arte berritu du kontratua Realarekin

Errioxako atzelariak bi denboraldi gehiagorako sinatu du kontratua talde txuri-urdinarekin. Tejadaren hitzetan, berak «hasieratik hemen jarraitu nahi» zuen, eta «azkenerako klubarekin erdi bideko akordio batera» iritsi da. Hiru sasoi egin ditu Donostiako taldean eta laugarrena beteko du.

Ana Tejada, bere izena eta 2025 urtea duen kamisetarekin. (REAL SOCIEDAD)

«Nik hemen jarraitu nahi nuen hasieratik, eta azkenerako erdi bideko akordio batera iritsi gara klubarekin», nabarmendu du Ana Tejadak, Realarekin 2024-2025eko denboraldi amaierara arte sinatu berritan. Errioxako atzelariari pasa den ekainean amaitu zitzaion kontratua talde txuri-urdinarekin, eta gaur jakinarazi du klubak beste bi denboraldiz egongo dela taldean.

Tejada 17 urterekin iritsi zen Realera, 2019-2020ko denboraldian, eta sasoi honetan laugarrena beteko du. «Oso pozik nago hemen egoteagatik, hemen hezi naiz eta hemen jarraitu nahi dut hazten. Nire entrenatzaileengatik ikasten jarraitu nahi dut, eta batez ere, pertsona moduan hazi. Izan ere, uste dut hemen kirolari eta pertsona orok izan beharko lituzkeen balioak bultzatzen dituztela», adierazi du atzelariak.

Taldeari zer ematen dion galdetuta, errioxarrak azpimarratu du pertsona «alaia» dela, eta «energia positiboa ematen saiatzen dela beti»: «Une txar bat batean beti saiatzen naiz alde positiboa bilatzen, eta, batez ere, egunez egun lan egiten hobea izateko». Horrez gain, «lana eta sakrifizioa» negoziaezinak direla adierazi du.

Datorren astelehenean hasiko dute denboraldiaurrea txuri-urdinek. Sasoi honi begira, Tejadak adierazi du «talde handi bat» izateko lan egingo dutela, eta, batez ere, talde multzo «trinkoa» eratu nahi dutela. Taldeko helburuen inguruan, errioxarrak esan du «ahal duten helbururik handienen bila» joango direla, eta «oso gogor» lan egingo dutela horretarako.

Pasa den denboraldian, Tejadak Natalia Arroyo entrenatzailearen konfiantza izan zuen. Izan ere, ligako 30 partidetatik, hemeretzi jokatu zituen hasieratik.