INFO

Europan zehar bidaiatzeko txapela jokoan

Uztailaren 21ean Galen jokatuko den Reala-Osasuna partidaren aurkezpenean, Euskal Herria Kirolak antolatzaileek, talde txuriurdinak, Real Unionek eta Asier Illarramendik elkartasuna erakutsi diete iruindarrei UEFAk Conference Leaguen jokatzeko jartzen ari zaizkion traben aurrean.

Irungo Gal Stadiumean aurkeztu dute gaur hurrengo ostiraleko partida. (Maialen ANDRES/FOKU)

«Txapela buruan eta ibili munduan, edo gutxienez Europan zehar». Horixe izango da hilaren 21ean Irungo Gal Stadimuean jokatuko den Euskal Herria Txapelaren finalerako leloa, historian lehen aldiz, datorren denboraldian Europan jokatzeko txartela eskuratuko duten bi taldek; Realak eta Osasunak, lortu baitute final hori jokatzeko eskubidea. Besterik da, ordea, talde gorritxoak azkenean Conference Leaguen lehiatzeko baimena eskuratuko duen eta UEFA irundarrekin izaten ari den jarrera oso present izan da gaur Irunen egin duten partidaren aurkezpenean.

Antolatzaileen aldetik, Euskal Herria Kirola elkarteak bi taldeak zoriondu ditu azken denboraldian lortutako emaitzengatik eta elkartasuna eta babesa adierazi dio Osasunari UEFAk «zelaietan lortutakoa» kendu nahi diolako. Ildo horretan, UEFAri bere erabakian atzera egin eta Osasunari lehiaketa horretan aritzeko eskubidea onar diezaiola eskatu du.

«Osasunak Conference League jokatzeko desiratzen gaude», azaldu du Joseba Ibarburuk. Realeko presidente ordeak Osasunarekin dituen harreman onak aipatu ditu, elkartasuna adierazi dio Osasunari, esan du UEFAk Osasuna Europako lehiaketetatik kanporatzea dela eta hori zuzendu beharra dagoela nabarmendu du.

Aurkezpenean gonbidatu gisa egon den Asier Illarramendik ere babes osoa eskaini dio talde iruindarrari. «Niri ere bidegabekeria bat iruditzen zait zelaian lortu duten helburu bat orain dela urte  asko gertatu zen gauza bategatik kentze hori. Euren indarrez eta euren esfortzuarekin lortutako zerbait da», azaldu du.

Igor Emeri, Real Unioneko presidenteak ere antzeko hitzak izan ditu Osasunarentzat eta finala euren zelaian jasotzea ohore bat dela nabarmendu du.

Bi taldeek bigarrena nahi

Partida hurrengo ostiralean jokatuko da, gaueko 20:45etatik aurrera, eta bertan euren bigarren txapela eskuratu nahi izango dute denboraldi-aurreko lehen partida izango duen Realak eta ordurako beste bi jokatuta izango dituen Osasunak. Imanolenak izan ziren aurtengo denboraldian punturik gehien bildu zituztenak (9) eta iruindarrek Athleticek bezala 4 puntu eskuratu bazituzten ere, euren arteko norgehiagoketan gehiago izan zenez, Jagoba Arrasaterenek ere jokatuko dute final hau.

Ohikoa den bezala, aurtengo edizio honetan ere izango da omenaldirik eta Asier Illarramendi eta Oier Sanjurjo jokalariak omenduko ditu Euskal Herria Kirola elkarteak, «euren kirol bilbide oparo osoan zehar, Euskal Herria Kirolak biltzen dituen baloreen ildoan jardun dutelako: profesionaltasuna, konpromisoa, kiroltasuna eta herria». Ohorezko sakea egingo dute finalean, eta horrez gain txapeldunari txapela jartzeko ohorea ere izanen dute.

Sarrerak dagoeneko salgai daude interneten, ehkirola.eus webgunean. Realeko dendetan eta Lasesarreko bulegoetan ere zuzenean erosi ahal izango dira hurrengo egunetan. Tribunako sarrerak 20 eurotan salduko dira, eta albokoak 15 eurotan. 16 urte artekoentzat, 10 eta 5 eurotan hurrenez hurren.