INFO

Javi Abaurreak 31 ordu ibiltzen igaroko ditu Enkarterrin, Acambi elkartearentzat dirua biltzeko

Javi Abaurrea Sodupeko bizilaguna 31 orduz ibiliko da ostiral eta larunbatean Enkarterriko udalerrietan zehar. Abaurreak Acambi Bizkaiko minbizi ginekologikoaren eta bularreko minbiziaren elkartearentzat dirua biltzea du helburu, baita gizonezkoen bularretako minbizia ikusaraztea ere.

2021ean Javi Abaurreak burutu zuen erronkaren artxiboko irudia. (Javier Abaurrea | Europa Press)

Javi Abaurrea bizkaitarrak 31 ordu segidan ibiltzen igaroko ditu Enkarterriko hainbat udalerritan, ostiral eta larunbat honetan. Ekimen honen bidez, Acambi bularretako minbizi eta minbizi ginekologikoko Bizkaiko elkartearentzat dirua biltzea du helburu. Horretaz gain, gizonezkoen bularretako minbizia agerian jartzea ere nahi du Abaurreak.

Aurretik Abaurreak mota honetako beste bi ekimen burutu ditu, elkarte horretarako dirua biltzeko. 2021ean 16 ordu igaro zituen Gordexola mendietatik ibiltzen eta iaz 15 orduz ibili zen gelditu barik. Bi ekimen horiekin 18.202 euro bildu zituela jakinarazi du bizkaitarrak.

Ostiralean hasiko duen erronkan 120 kilometro inguru igaroko dituela adierazi du Abaurreak. Arratsaldeko 14.00etan Gordexolatik hasi eta Balmaseda, Kolitza mendia, Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Artzentales, Sopuerta, Galdames, Zalla, Gueñes eta Alonsotegi herriak igaroko ditu. Azkenik, larunbatean gaueko 21:00etan Gordexolara iristea aurreikusten du.

Ekimen honetarako «fisikoki zein psikologikoki» trebatu dela nabarmendu du Abaurreak. «Abenduaren 1etik daramat erronka honetarako entrenatzen», adierazi du Sodupeko bizilagunak. Horretaz gain, nahi duenak berarekin erronkan parte hartzera «gonbidatuta» dagoela jakinarazi du.

«31 orduz ibiltzea erabaki dut, nire emaztea Karmelek kimioterapiako 31 ordu jaso zituelako», adierazi du Abaurreak. Ekimen honen bitartez minbizia duten pertsonak bakarrik ez sentitzea du helburu. Horregatik, Acambi elkarterako dirua biltzea du xede, elkarteak bere egunerokoan lanean jarraitu ahal izateko.

Horretaz gain, «ikusezina ikusaraztea» du helburu; alegia, jendeak gizonezkoen bularretako minbiziaren gainean kontzientzia hartzea. Abaurreak jakinarazi du gizonezkoen %86k ez dakiela gizonek bularretako minbizia izan ahal dutenik. Horren ondorioz, gehienetan minbizia berandu diagnostikatzen dela adierazi du.

Ibilaldiarekin batera, hainbat ekintza antolatu dira Enkarterrin, Acambi elkartearentzat dirua biltzeko asmoz. Bazkari eta afari solidarioak antolatu dituzte, Karrantzan, Gueñesen eta Gordexolan. Horretaz aparte, mota askotako musika ikuskizunak ere egongo dira; horien artean Beatboxeko emanaldia, Trseonrockeko kontzertua eta Dj-ak.