INFO

Angelu eta Biarritzeko bi hondartzatan bainua debekatu dute, karabela portugaldarrengatik

Angelu eta Biarritzeko bi hondartzatan bainua debekatuta dago igande honetan, karabela portugaldarrak atzeman dituztelako. Atzo bost hondartzatan debekatu zuten. Atzo ez bezala, Bizkaiko kostaldean ez da agertu igande honetan karabela portugaldarra.

Karabela portugaldar bat, artxiboko irudian. (EUROPA PRESS)

Joan zen igandean, uztailaren 9an, hasi ziren agertzen karabela portugaldarrak euskal kostaldean; lehendabizi Gipuzkoan (Donostian, Zarautzen, Hondarribian eta Getarian) eta ondoren Lapurdin atzeman ziren. Bizkaiko kostaldean, berriz, larunbatean atzeman zituzten lehenengo karabelak eta Foru Aldundiak kasu hauetarako protokoloa martxan jarri zuen. Azken orduetan Zumaian ere azaldu dira.

Lapurdin ere, Angelun eta Biarritzen, marmoka itxurako organismo hori berriro agertu zen atzo eta bost hondartzatan bainua debekatu zuten, hain zuzen ere Biarrizko Euskaldunen kostako hondartzan eta Angeluko Mariñela, Urrezko hondartza, Amodioen Ganbera ttipia eta Kortsarioen hondartzan.

Igande honetan, berriz, Angeluko Amodioen Ganbera ttipian eta Biarrizko Euskaldunen kostako hondartzan bainuak debekatuta jarraitzen du, karabela portugaldarren presentzia dela-eta.

Portugalgo karabela (Physalia physalis) itsaso zabalean aurkitu ohi da planetako ur bero guztietan, baita Atlantikoko Golkoko korrontean ere; euskal kostaldean noizean behin agertzen da.

Marmoka itxura du, baina karabela portugaldarra organismo koloniala da, eta kolonia bizirik mantentzeko espezializatzen dira. Lana banatzen duten hidroideen talde bat da. Taldean mugitzen da, itsasoaren gainazalean, eta ziztada arriskutsua eta oso mingarria du.