Zirkuak bere magia bitxiaz intsektuak artista egin ditu
Akrobazia txundigarrien eta koreografien artean, koadro komikoak tartekatuz, armiarma, kilker, sorgin-orratz eta kakalardoek beren misterioak erakutsiko dizkiote euskal publikoari, uztailaren 19an hasi eta astebetez Donostian arituko den Cirque du Soleil zirkuaren eskutik.
Intsektu erraldoiek Donostia inbadituko dute, ikuskizun bitxi bat zalaparta handiz erakusteko. Uda betean gaude, intsektu asko, bereziki odola xurgatzen dutenak, madarikatzen ditugu, zanpatu eta bertan hil, baina uztailaren 19tik aurrera astebetez Illunbeko zezen-plazan arituko direnei auka egiteko gogorik ez duzu izango. Zu zeu, intsektu bat bezala, zanpa zaitzaketelako. Nazkagarriak dira askorentzat, ez digute lo egiten uzten, ziztatu egiten gaituzte, baina zirku honetako intsektuen laguna izatea gustatuko litzaizuke.
Cirque du Soleil, sortzez kanadarra den eta 40 urte betetzear dituen konpainia erraldoia, Euskal Herrian da, berriz, bederatzi urteren ondoren. ‘Ovo’ (portugesez arrautza) ikuskizun koloretsu, bero, alai eta sutsua eskaintzera etorri da. Intsektu xarmagarriak dira protagonista, zomorro dinamiko jostari bromazaleak, likrazko beren jantzi bitxi eta eleganteekin, ekoizle brasildarrak propio konposatutako musikak, eta ez bakarrik bossa nova estilokoa, klima tropikal batean sentiaraziko gaituen ikuskizunean.
Familia bat
Guy Laliberte-k sortutako Cirque de Soleil konpainiak zirku tradizionala eraldatu du, kontzeptualki muga berriak urratuz, adierazpen artistiko sublimeetara iritsiz. Elementu groteskoak delikatu eta grazia berezikoak izatera pasatu ziren. Zirkua egiteko modu berri bat erakutsi zuen, fintasunez, originala, sormen handikoa. Tranpolina, diaboloa, eskalada, ekilibristak, bihurrikariak, itzulipurdiak, soka bertikala, komikoak, aireko balleta, orotariko akrobaziak beraiek ekoitzitako jantzi eta musika bitxiekin lagunduta.
Izan ere, zirkuaren arteen iraultza azkartu zuen konpainia hau, erraldoia izateaz gain, autogestionatua ere bada. Herenegun Donostian ikusi ahal izan genuenaren arabera, 100 pertsonako familia da, 23 trailer eta beste hainbat ibilgailu txikiago mundu osoan zehar mugitzen duena eta geldialdia egiten duen hiri bakoitzean aste bat pasatzen duena. 25 nazionalitatetako 52 artista daude, akrobata ikusgarriak denak, horietako bi gimnastikako munduko txapeldun izanak, beste asko nazioarteko hainbat kirol lehiaketatan sarituak. Zirkuan bertan kozinatzen dute familia osoarentzat, egunean hirutan. Beraien etxea, Illunbeko zezen-plazaren barrunbeetan ikusi ahal izan genuenez, trafiko-seinalez josia dago, dena geziekin, honi jarraituz gimnasiora, hari segitu eta garbitegira, handik kamerinoetara, hemendik atsedenguneetara edo entsegu guneetara.
Etxean etxeko
Zirkua da, baina ez dute karparik, estadioetako espazioetara egokitzen dira. Zirkua da, baina animaliarik gabekoa, intsektuen paperean sartzen diren pertsona harrigarriez osatua. 800 jantzi ezberdin eramaten dituzte ‘Ovo’ ikuskizunean, armiarmena, kilker, mantangorri, sorgin-orratz, euli, kakalardo eta abarrena, diseinu bitxiekin Montrealen josiak denak. Akrobaziarako aproposa eta erosoa den materialez egindakoak, diziplina zehatzei eta artista zehatzei egokiturikoak dira.
Familiarekin bidaiatzen duten lau jostunek konpontzen dituzte entsegu eta emanaldietan jantziek izaten dituzten urradurak eta izerdiak eragindako higadura. Garbigailu erraldoiekin bidaiatzen dute, oinetako guztiak beraiek egindakoak dira, makillaje denak bezala, Cirque de Soleil konpainiako artista orok dakielako makillatzen, hori nahitaez ikasi beharra duelako.
Perfektu, ortopediko
Cirque de Soleil piztia oso bitxia da. Montrealen sortutako konpainiak intsektuen bilduma eklektiko baten bizitzan oinarritu du ‘Ovo’ ikuskizuna. Bertan, intsektuek lan egiten dute, jan, katuka dabiltza, jirabiraka hegaldatzen dira, jolasten dira, borrokatzen dira eta maitasuna bilatzen dute. Agian, ez du publikoa txundituta utziko, David Attenborough-en telebistako emanaldien bakantasun zientifikoa galtzen du, eta, egia da, haurrentzakoa den intsektuen mundua erakusten duen komiki baten antza ere badu.
Klasikoek zioten arterik gabe bizitza hutsa, aspertua eta hotza izango litzatekeela. Eta horixe duela arteak: sublimazioa, ohikeria edertasun egitea. Herenegun, prentsako bisitarien aurrean aritu ziren akrobaten exekuzioak perfektuak izan ziren, milimetrikoak. Baina aurreratu ziguten ikuskizunean ez zen kontakizun baten trama igartzen, teknikak zuen pisu handiena. Eta, dudarik gabe, teknikoki ikuskizun txundigarria da, baina sakonago ez doana. Edo hala dela ez ziguten behintzat aurreratu. Espektakulua da gakoa.
Bai, espektakularra da, baina haurrentzat gehiago nagusientzat baino. Eta sarrera garestia da, bai. Baina esan liteke ez dagoela bermatua ahaztezina izango den ikuskizunik.
Galdera irekia
‘Ovo’-ren berezitasuna intsektuak protagonista dituela da. Ez da ohikoa. Baina beren unibertsoan sartzeko giltza eman dezake, bere txikitasunaren handitasuna eta xarma aurkitzeko bidea. Izan ere, misterioz beterikoak dira.
Nor ez da txikitan armiarmari euliak jaten emanez dibertitu? Nori ez zaio termiten gizarte antolaketa, bere primitibotasunean, sozialismoaren aplikazio praktikoa iruditu? Nork ez du gizarte baten funtzionamendu harmoniatsua inurrien mirarian ikusi? Eltxoak, kaparrak, arkakusoak, zorriak... beren txikian zenbat madarikatzen ditugun ikustea oso metafora indartsua da. Labezomorroen ezdeusa epopeia bat den bezala, ez bailituzke apokalipsi nuklear batek ere akabatuko. Baiezta dezaketelako, guk ez bezala, munduan biziko diren azken izakiak eurak izango direla.
Azken buruan, zer gara, ba? Batzuk kotxorro, besteak (potro)zorri, marisorgin ala sorgin-orratz, labezomorro kaskagogor... Gure misterioan, ez ote dugu haien trazarik? Galdera horri erantzuteko gonbidapena egin digute.