INFO
Elkarrizketa
Kirmen Uribe
Idazlea

«Gizarteak askotan ez du ikusten euskal kultura duen mailan»

Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) ostegunean jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria curriculum nabarmenari, ibilbide literarioaren eta kulturalaren aintzatespen gisa, egindako ekarpen naro eta nazioartekotuak zabaldu duen bideari segika.

Kirmen Uribe. (Jon Urbe | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


‘Lizardi eta erotismoa’ (1996, Alberdania) saiakera eta ‘Bitartean heldu eskutik’ (2001, Susa) poema liburua izan ziren Kirmen Uriberen hastapenak, ibilbide luze eta oparo baten lehen urratsak. ‘Bilbao-New York-Bilbao’ (2008, Elkar), ‘Mussche’ (2012, Susa), ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ (2016, Susa) eta ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (2021, Susa) eleberriak etorri dira gerora, baita gazte literaturan emandako lanak ere, edo ‘17 segundo’ poema liburua (2019, Susa) eta zenbait sari –Kritikarena hirutan, esaterako, edota Narratiba Sari Nazional espainola, 2009an–. Azken urteetan ‘Newyorkeratua’, Eusko Ikaskuntza saria jasotzekotan da orain ondarroarra, euskarazko literaturak duen idazle nazioartekoena. Euskal Herrian da uda garaiaren abaroan, eta bizitakoak eta esku artean dituenak azaldu ditu segidan datorren elkarrizketan.

Eusko Ikaskuntza saria jasoko duzula-eta, zer moduz doa Euskal Herriko bisita?

Oso ondo. Egia esan hona natorren bakoitzean maitasun handia jasotzen dut, eta eskertzen da. Maitasun horren zati bat da sari hau, Eusko Ikaskuntza saria. Okurritu zitzaidan esatea gure sari nazionala dela eta egia da, zeren Eusko Ikaskuntza dago euskararen lurralde guztietan eta bozka ematen duten horiek ere Euskal Herriko unibertsitateetako errektoreak dira. Orduan, sari nazional honekin, pozik.

Sari nazionala aipatu duzu, baina egia da hain justu nazioartean izan duzun arrakasta dela saria emateko arrazoietako bat. Askotan esan duzu ez zaizula enbaxadore hitza gustatzen, baina ezin uka daiteke euskara nazioarteko plazan kokatu duzula. Eroso sentitzen zara rol horretan?

Uste dut bi lan daudela egiteko gurean. Bat da Euskal Herrian egin behar dena, eta sakonean egin behar dena, euskal literaturarentzat irakurleak lortzea –begira zer gertatzen ari den Igelarekin, ez dira oso berri onak–. Hemen ere lan handia dago egiteko, eta horren osagarri da gurea nazioartean ezagutaraztea ere. Nazioartean ezagutaraziz gurea, hemengoek ere sentitzen dute halako duintasun eta poz bat; euskal kulturak oraindik ere behar ditu poz horiek. Nolabait, oraindik ere borrokan ari gara gure eskubideen alde, eta kanpoan halako isla dugula sentitzeak indarra ematen digu jarraitzeko bi norabide horietan, hemengoa zaintzen eta kanpoan gurea ezagutarazten.

Esan daiteke, beraz, barneko errekonozimendu falta kanpoko errekonozimendu horrekin ere konpentsatu daitekeela modu batean?

Barnekoa edo gure gizartekoa. Gure gizarteak askotan ez du ikusten euskal kultura duen mailan. Gure sortzaileak hemen ez dira oso ezagunak ere. Eta kanpora joateak eta kanpoan nolabaiteko sona lortzeak probarazten digu gure kultura maila handikoa dela eta errekonozimendu hori hemen ere izan beharko lukeela, euskal herritarron artean, ez soilik euskal komunitatean.

«Euskal literaturarentzat irakurleak lortu behar dira. Hemen ere lan handia dago egiteko eta horren osagarri da gurea nazioartean ezagutaraztea»

Lehen aipatu duzu Igelaren kasua. Paradigma honetan, etxe barruan ditugun tresnak gutxiesten ari gara?

Ez dugu behar bezala baloratzen, eta itzulpena bi norabideetan oso beharrezkoa da. Gero eta gehiago ari da baloratzen itzulpena kanpoan. Igelako liburuekin guk ikasi dugu, Igelak gu egin gaitu idazle. Euskarazko idazleok ez ditugu soilik euskaraz idatzitako liburuak irakurri euskaraz, irakurri ditugu itzulpenak eta asko ikasi dugu. Itzulpen batek soluzioak ematen dizkizu. Idazketarako irtenbide asko itzulpenetan aurkitu izan ditugu idazleok, eta ez badugu guk itzultzen euskarara eta hori ez bada sustatzen eta promozionatzen, tresna handi bat gabe geratzen gara, ez soilik itzultzaileak, baizik idazleak ere. Notizia oso txarra litzateke, Igelaren itxiera konfirmatzen bada.

Askotan aipatu izan duzu, gurea hizkuntza hegemonikoa ez den heinean, molde ez hegemonikoetan idazten dugula eta hala sumatzen dugula. Orduan zer berezitasun eskaintzen dugu euskaldunok atzerrian?

Liburu ausartak direla eta tokia egiten diegula ahotsik izan ez duten horiei ere. Euskarak ez du izan ahotsik, baina euskararen barruan beste komunitate batzuk ere ez dute ahotsik izan. Emakumeek, LGTBIQ kolektiboak, etorkinek... Orduan ari gara horretan ere ahotsa ematen euskararen barruan. Eta gero, formaz ere, oso ausartak gara. 

(Jon URBE | FOKU)

Zer eskaintzen dizu idazle gisa herritik urrun egoteak?

Han egoteak ematen dit, batetik, distantzia pixka bat gogoeta egiteko eta, bestetik, denbora. Ze New York oso lanera bideratutako hiri bat da. Han lortzen dut lanordu asko izatea idazteko, hemen lortzen ez nuena. Gure Euskal Herriko bizimodua oso bizkorra da. Neuronak eta pertsonak daude hortik mugitzen, batetik bestera, eta ez nuen lortzen astia izatea benetan idazteko. New Yorken goiz osoa daukat idazteko, eskolak ematen ditudanean gutxiago, baina normalean egunero idatzi dezaket. Eta gero, New York bezalako giro batean bizitzean asko ikas dezaket. Ideiak errazago sortzen dira.

Euskal idazlerik nazioartekoena zarela esan daiteke. Nabaritu duzu zure ibilbidearekin batera ateak zabaldu ote dizkiezun euskal kulturako beste sortzaileei?

Esango nuke belaunaldi oso baten lana izan dela, baina ez bakarrik idazleena; zinemagileak, musikariak... uste dut badagoela belaunaldi bat mundura atera dena kalitatezko gauzak eginez eta ohiko zirkuluetatik harago iritsi dena. Ateak zabaltzen ari dira, eta bada belaunaldi oso indartsu, kalitatezko bat, lan egiten ari dena nazioartean, orain arte ez bezala, esango nuke nik.

‘Elkarrekin esnatzeko ordu’ nobela argitaratu zenuen 2016an (Susa). Jakin dugunez zinemara eramateko asmoa dago tartean...

Poz handia da. Asier Altunak eramango du zinera, eta berak ‘Karmele’ jarri dio izenburua, ze berak oso argi ikusi zuen Karmele (Urresti) dela protagonista eta nobelaren erdigunea. Eta da gure historiaren zati bat. Nola Ondarroako neskato bat, erizaina bera, gudarengatik joango den Iparraldera, eta Eresoinka enbaxada kulturala muntatzen ari direla enteratuko den, eta hura ere han sartuko da. Parisen daudela ezagutuko du Bilboko tronpeta jotzaile bat, Txomin Letamendi. Maiteminduko dira, eta hor hasten da espioitza kontu bat ere bai, estatubatuarren ondoan egon ziren euskaldunak egon zirelako espioitzan nazien aurka. Hori da kontatzen dena, sufritu genuena 30, 40, 50eko hamarkada horietan, euskal kontzientzia bat izatearren. Karmeleren familiak den-dena galdu zuen, ontziak, etxea... Neba bat egon zen Còmete sarean sartuta, beste bat Ezkabako kartzelan... Baina ‘Kixi’ Altunak gidoian beste itxura bat eman dio. Historia gogor batetik pelikula eder bat egingo du. Edertasunari emango dio garrantzia, eta hori ez da erraza. Datorren udaberrian filmatuko dute, apiril aldean.

«Liburu ausartak dira euskal literaturan egiten direnak, eta tokia egiten diegu ahotsik izan ez duten horiei. Formaz ere oso ausartak gara»

Filmaz gain, Juan Carlos Perezekin batera osatutako opera ere esku artean duzu. Estreinaldi datarik badago?

Bai, badago. Estreinatuko da 2024ko ekainaren 20an, Arriaga Antzokian. Uste dut bi emanaldi direla, 20an eta 22an, eta sarrerak ere salgai daude. 2017an idatzi nuen libretoa, eta Juan Carlos aritu da urte hauetan guztietan musika egiten, artisauaren lan geldo horrekin. Lan handia egin du.

Saturrarango hondartzan bi haitz daude, eta txikitan Ondarroan esaten zen bi haitz horiek bi maitale zirela, ezin zutela elkarrekin egon, itsasoan sartu zirela eta ito egin zirela. Hari horretatik, 80ko hamarkadan nik ezagutu nituen neskato batzuen historia moldatu eta libretoa egin dut. Benetako istorioak dira bata bestearekin nahastuak, baina halakoak bizi izan ziren Ondarroan eta beste toki batzuetan. Bi neskato dira bikote; bat kanpotarra da, Andaluziakoa, eta bestea euskalduna. Gazteak dira, sartuko dira heroinaren mundu ilun horretan eta, bestetik, aita arrantzalea dago haiei laguntzen. Ikusten da ze lan baldintzetan lan egiten zuten arrantzaleek... Badago trasfondo berezi bat.

Zure azken urratsez ari garela, 2018an Cullman bekarekin abiatu zinen AEBetara, 2021ean ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (Susa) kaleratu zenuen eta tartean ‘17 segundo’ (2019, Susa) poema liburua. Zer duzu esku artean?

Esku artean ditut bi gauza. Eta bat izango da irakurleentzat eta entzuleentzat oso pozgarria. Duela hogei urte atera genuen ‘Zaharregia, txikiegia agian’ CD-liburu bat, poesia, musika eta irudiak uztartuz, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta bostok. Orain erabaki dugu berriz biltzea. Egongo gara Madrilen, New Yorken eta Euskal Herrian, eta hori da lehenengo egitasmoa eta gainera primizia osoa da. Eta gero nobela berriarekin nabil, eta garai berri bat izango da.