Laguardia Alavesen enbaxadore eta kirol zuzendaritzaren lan taldeko kidea izango da
Beste urtebeterako kontratua zuen arren, 33 urterekin erretiroa hartu du erdiko atzelariak. Erabaki «zaila» eta «gogorra» izan dela onartu du, baina zintzotasun osoz eta arduraz jokatu duela. Jokalarien eta klubaren arteko zubi lana egingo duela azaldu du.
Victor Laguardia 2014ean iritsi zen Alavesera eta jokalari ibilbideari kapitain handi bat bezala agur esan dio. 285 partida jokatu ditu eta talde gasteiztarraren historian norgehiagoka gehien jokatu dituen hirugarren futbolaria da. Horren adibidide, Iraultza 1921 zaleen taldeak ere oroigarri bat eman dioela.
Sergio Fernandez kirol zuzendaria eta Alfonso Fernandez de Troconiz presidentea alboan zituela futbola uzteko erabakia azaltzeko agerraldia egin du Laguardiak. Zaragozan jaiotako mutilak oraindik 33 urte ditu eta beste urtebeterako kontratua zeukan. Prentsaren aurrean aitortu duen moduan, erabaki «zaila» eta «gogorra» izan da. Hala ere, zintzotasunez eta arduraz jokatu duela uste du. Gazteei bidea ireki behar zaiela nabarmendu du eta ezin zuela «berekoia» izan. Taldea Lehen Mailara bueltatzea lortu ostean, une egokia zela erretiroa hartzeko aipatu du. Amets guztiak bete dituela azpimarratu du eta futbolaz bizitzeko «pribilegioa» izan duela, gogora ekarriz bere ibilbidean igaro dituen taldeak -Oliver, Zaragoza, Las Palmas, Alcorcon eta Alaves-. «Harro» eta «bakean» sentitzen dela egin duenarekin.
Igoera ospatzeko ekimenetan gogotsu ikusi zitzaion Laguardiari, Alaveseko jabe nagusia den Josean Kerejetarekin bromak egiten. Komentatu duenez, Levanteren zelaian irabazi ostean taldekide batzuei aurreratu zien futbola uztea pentsatzen ari zela.
Ez du jokalari bezala Alavesen kamiseta defendatzen jarraituko, baina talde gasteiztarrarentzat lanean segituko du. Kirol zuzendaria den Sergio Fernandezek nabarmendu duenez, Laguardiak «izateko modu bat eta bizitza ulertzeko era bat erakutsi digu eta ohore bat izan da berarekin lan egitea».
Alfonso Fernandez de Troconiz presidentearentzat, aldiz, Laguardiak Alavesen izaera ordezkatzen du bikain eta klubaren enbaxadore lanak egingo ditu. Aldi berean, kirol zuzendaritzaren lan taldeko kidea izango da. Lehen taldeko jokalari eta klubaren arteko zubi lanak egingo ditu.
Eginkizun berria zehazten joango direla esan du Laguardiak, baina zelaian bezala dena emango duela ziurtatu du. Alavesen zaleak goraipatu nahi izan ditu agurrean erakutsitako leialtasunarengatik eta zorretan izango dela beti.
Bestalde, taldearen kapitain berria izateko hainbat jokalari prest daudela gaineratu du eta, horien artean, Duarteren izena atera da. Taldekideen babesa ere jaso du Laguardiak agurrean eta hunkiturik zegoela igarri da.
📸😀#GutarikoBat pic.twitter.com/qFlNNzz7qG
— Deportivo Alavés (@Alaves) July 18, 2023
Arroyok ez du Gasteizen jarraituko
Alavesek jakinarazi duenez, Anderson Arroyok ez du datorren denboraldian Gasteizen jarraituko. Jokalari kolonbiarra Liverpoolek utzita egon zen iaz eta 22 partidatan parte hartu zuen. Sergio Fernandez kirol zuzendariak azaldu zuenez, zalantzaren bat zeukaten bere kontratuaren inguruan, baina argitu dute dagoeneko eta ez duela Alavesen jarraituko ezagutarazi dute.