INFO

Zalduako aztarnategiaren jarduera metalurgikoa arakatu du Aranzadik

Aintzinate Berantiar garaiko labe bat aurkitu du Aranzadik Zalduako aztarnategian eta, beraz, Nafarroako Pirinioetan kokatuta dagoen hiri honetan kokaleku erromatarrak egon zirela ziurtzat ematen dute. Ate irekien jardunaldia egingo dute asteburu honetan.

Aranzadiko lantaldea Zalduako aztarnategian lanean. (Jagoba Manterola | FOKU)

Iaz hamar urte bete ziren Auritz-Buguetetik gertu dagoen Zalduako aztarnategiko lanak abiatu zirenetik eta, Aranzadik jakitera eman duenez, aztarnategiak gure historiaren aztarnak argitara ematen jarraitzen du.

Ostegun goiz honetan egin dute Zalduan egindako azken aurkikuntzen aurkezpena eta kanpaina honetako esanguratsuena Aintzinate Berantiar garaiko (K.o. III. mendearen bigarren erdian eta IV. mendearen hasieran) labe baten aurkikuntza izan da.

Oihane Mendizabal Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta indusketaren zuzendariak eman ditu aurkikuntzaren xehetasunak. Azaldu duenez, labea «seguruenik metalurgia lanak egiteko baliatua izan zen, inguruan brontzezko hainbat elementuren zati aurkitu direlako inguruan». Aurkitutako objektu horien artean aipagarriak dira bi brontzezko eskulturen zatiak, batetik zaldi txiki baten apatxa eta zangoa eta bestetik, beste animalia baten balizko adar zatia.

Aurkikuntza horiek «beste behin metarlurgiak lurralde honetan izango zuen garrantzia azpimarratuko luke, baita inperioaren azken garaietan material metalikoak berrerabiltzeko joera ere», ziurtatu du Mendizabalek.

Kanpaina honetan, termen eraikinaren iparraldean kokatutako bi gune induskatu dira. Gainontzeko eraikinean bezala erromatar garaian iraun duten fase ezberdinetako aztarnak identifikatu dira haien barnean, hau da, k.o. I-V. mendeetakoak.

Aurkitu dituzten elementuetatik gehientsuenak egunerokotasunari lotutakoak direla nabarmendu du Mendizabalek, besteren artean zeramika ontziak, eraikuntza material zatiak, iltzeak, oinetakoen tatxetak, txanponak eta animalia-hezurrak.

Ate irekien jardunaldia

Zalduako hirigunearen erdian tamaina handiko (800 m2) konplexu termal bat dago. 300 urte baino gehiagoko fase historiko ugari dituen eraikina. Aranzaditik azaldu dutenez, denbora horretan guztian hainbat funtzio izan ditu, hala nola termak berak edo metalurgiarekin lotutako hainbat tailer, non burdina eta brontzea lantzen baitziren.

Aurtengo kanpainak 15 eguneko iraupena izan du eta Nafarroako Gobernuak eta Auritz-Burgueteko Udalak finantzatu dute indusketa, eskualdeko gainerako udalen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin.

Hirigunea eta kanpainak eman duena bertatik bertara ezagutu nahi duenak aukera du asteburu honetan: larunbatean, uztailak 22, ate irekien jardunaldia antolatu dute. 45 minutu inguruko doako bisita gidatua egingo da, aurtengo indusketa-lanetan aurkitutako material
esanguratsuenak ikusteko.

Bisita euskaraz goizeko 11.00etan izango da eta gaztelaniaz 12.00etan. Aranzaditik azaldu dutenez, oinez edo bizikletaz hurbiltzea gomendagarriena bada ere, bisitariak autoz iritsi ahal izango dira aztarnategira. Informazio gehiago Aranzadiren webgunean.