INFO

Urdaibai gailendu da Sestaon, hirugarren bandera eramanda, eta aurrenekoz lidertza eskuratuta

Ohorezko txandan lehia oso estua izan da, eta azken luzean hartutako abantailari esker, Bermeora joan da Sestaoko Bandera. 4 segundotara sartu dira Zierbena eta Hondarribia. 'Bou Bizkaia' traineruak eta 'Ama Guadalupekoak' 64 puntu dituzte. Bihar Castron jokatuko dute (12.25ean).

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia Sestaoko Bandera astintzen, arraunlariak aurrean dituela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Emozioz beterikoa izan da ohorezko txanda, eta azken luzera arte ez da erabaki nor izango zen garailea. Azken luzean hartutako abantailari esker Bermeora joan da Sestaoko Bandera; denboraldiko hirugarrena da bizkaitarrentzat, eta estreinakoz lidertza eskuratu dute. Hondarribiarekin puntuetan berdinduta daude (64), baina ez banderetan. Iker Zabalaren taldeak hiru poltsikoratu ditu, eta Mikel Orbañanosenak, bat.

Korronteak behera egin du txandak igaro ahala, eta, beraz, ohorezko txandako traineruek baldintza hobeagoak izan dituzte arraun egiteko. Eta hegan egin dute.

Paperean, korronteak direla-eta, joaneko luzean laugarren kalea zen onena, eta etortzekoan bigarrena. Bada, ohorezko txandan, lehen luzean Donostiarra hasi da aurretik, nabarmen, lehen kaletik zihoala. Hondarribia zuen atzetik, bigarrenetik; eta traineru bat atzerago zeuden Zierbena eta Urdaibai, hirugarren eta laugarren kaleetik, hurrenez hurren. Korrontea ez ezik, haizeak ere eragin zuen.

Lehen ziabogan Donostiarrak markatu du denborarik onena, baina atzean itsatsita zituen beste hiru ontziak, bi segundoko aldearekin. Orduan, Urdaibai hasi da aurrea hartzen, baita hari segika Zierbena ere; teorikoki kale txarrenak zituzten arren, korronteari dagokionez.

Hirugarren luzeak, lehenengoaren lehengo lepotik izan du burua: Donostiarra jarri da lehena, eta Hondarribia atzetik. Hirugarren eta azken ziaboga hartu aurretik berriro ere parez pare jarri dira lau traineruak eta orduan hartu du aurrea Urdaibaik, ziaboga eman eta berehala.

'Torrekua II' ontziak momentu horretan egin zuen pauso bat atzera. Banderaren lehiatik kanpo geratu da, eta beste hiru traineruak garaipena lortzeko borrokan bizirik zihoazen. 'Ama Guadalupekoa' zihoan bigarren, 'Bou Bizkaia'-ri tartea jan nahian. Baina azkenerako, ezin. Gorka Aranberri patroiak gidatutako traineruak eraman du bandera. Hondarribiaren atzetik zetorren Zierbena, eta atzekoz aurrera eginda, bigarren iritsi dira helmugara; Ioseba Amunarriz lemazainak gidatutako ontzia baino milaren gutxi batzuen aurretik.

Bigarren txandan, Cabo nagusi

Ohorezko txandatik urruti ez da ibili Cabo. Bigarren txandako trainerurik indartsuena izan da. Lehen kalea tokatu zaie, eta eskifaia indartsua dutela erakutsi dute. Oriorekin izan dute ika-mikarik handiena, baina azkeneko luzean tartea atera dio Cabok Jon Salsamendiren taldeari, eta txandako lehena izan da.

Atzetik ere, lehia estua izan dute Getariak eta Lekittarrak, eta helmuga pasata ere, ez da jakin zein izan den lehena. Helmugako argazkiak argitu du zein igaro den aurretik: Gipuzkoarrak izan dira, eta bost milaren atzetik igaro dira bizkaitarrak.

Lehen txandan Ondarroak laugarren kaleari etekina atera dio, eta ‘Esperantza’ eta Isuntza traineruek baino denbora hobea egin du. Hozka egin du Ondarroak, eta bi puntu baliotsu gehiago lortu ditu helburua lortzeko bidean: kanporaketarik ez jokatzea, alegia. Izan ere, Samertolameuk azken postuan jarraitzen du, eta zuloan sartzen ari da. Zazpi puntuko aldea du Santurtzi azken aurreko sailkatuarekiko. Kaikuk etxean egin du arraun, baina ez du lortu estropada ona egitea, ezta gutxiago ere. Azken bi jardunaldietan hirugarren txandatik ez dira atera.

 

XXII Bandera Ayuntamiento de Sestao, Centenario Kaiku

1. Urdaibai 19:55.26


2. Zierbena 19:59.52


3. Hondarribia 20:00.04


4. Donostiarra 20:04.22


5. Cabo 20:05.42


6.Orio 20:10.16


7. Ondarroa 20:13.74


8. Getaria 20:19.42


9. Lekittarra 20:19.52


10. Kaiku 20:23.18


11. Santurtzi 20:29.28


12. Samertolameu 20:55.34

 

Sailkapen nagusia:

1. Urdaibai 64 puntu

2. Hondarribia 64

3. Zierbena 62

4. Donostiarra 48

5. Getaria 40

6. Orio 38

7. Cabo 37

8. Lekittarra 33

9. Kaiku 27

10. Ondarroa 24

11. Santurtzi 19

12. Samertolameu 12