INFO

Benhalimaren kasuaren gaineko protesta eramango du Amnesty Internationalek aljeriar enbaxadara

Euskal Herritik joandako aktibistak Aljeriak Madrilen duen egoitza diplomatikoaren aurrean kontzentratuko dira Benhalima militar ohiaren alde. 30.000 sinadura eta Gasteizko Parlamentuaren ebazpen bat eramango dituzte.

Mohamed Benhalima espainiar Estatutik Aljeriara deportatua izan zen 2022an. (AMNESTY INTERNATIONAL)

EAEko Amnesty Internationalek hamar hilabete daramatza mobilizatuta Mohamed Benhalimaren kasua salatzeko eta, oraingoan, Aljeriak Madrilen duen enbaxadara eraman du kontua. Euskal Herritik joanda, aktibistak 12.00etan kontzentratuko dira egoitza diplomatikoaren aurrean, eta saiatuko dira Benhalimaren alde ziberekintza batean bildutako 30.000 sinadura inguru eramaten, baita Gasteizko Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordeak haren alde ateratako adierazpena ere.

Benhalima magrebiar herrialdetik ihesi ibilitako militar ohi bat da, espainiar Estatuan babesa bilatu zuena, eta Amnestyk Bilbon zuen taldeko kide izatera iritsi zen. 2022ko martxoan atxilotu zuten, Zaragozan, eta espainiar Gobernuak arrapaladan deportatu zuen, hegazkin pleitatu batean, Espainiaren eta Aljeriaren arteko harreman diplomatiko zail baten testuinguruan.

«Tartean ziren Mendebaldeko Sahararekiko politikaren aldaketa eta Ukrainako gerra lehertu ondotik sorturiko gas premia. Nazioarteko interes sare horrek bakarrik azaldu dezake azpiofizial xume bati emandako ezohiko tratua», gogoratu du Amnesty Internationalek.

Bide horretan, elkarteak gogoratu du «Benhalimaren delitu bakarra dela bere herrialdeko Armadaren ustelkeria azalaraztea sare sozialetan». Gainera, Benhalimak Aljeriako zerbitzu sekretuen partetik tratu txarrak eta torturak pairatu izana salatu zuen eta, ondoren, heriotza zigorra eta zenbait kartzela zigor ezarri zizkioten.

Bakartze erregimen zorrotz batean egon da hilabete askoz Bildako militarren presondegian. Aljerian heriotza zigorra 1993. urtetik aplikatzen ez bada ere, oraindik beste 50 epaiketatik gora jasan beharko ditu. Gehien leporatzen dizkioten delituen artean hauek daude: atzerritarrei informazioa ematea; herrialdetik ihes egitea; terrorista izatea eta terrorismoa goratzea; interes nazionalen kalterako diren argitalpenak egitea; eta erakunde konstituzional bat difamatzea edo iraintzea, azaldu du.

Mohamed Benhalimaren kasuaz gain, Mohamed Abdellahren kasua ere salatuko dute Aljeriako ordezkaritza diplomatikoaren egoitzan egingo duten kontzentrazioan. Beste militar ohi bat da, Gasteizen atxilotu eta deportatu zutena. Haren emaztea eta bi haurrak Gipuzkoan bizi dira gaur egun, ihes eginda.

«Polizia etxean babes estatusa berritzera joan zenean atxilotu zuten Abdellah, eta berehala deportatu zuten Barne Ministerioaren aginduz, abokatuei denborarik eman gabe lege errekurtsorik aurkezteko eta Espainiak berretsitako nazioarteko legedia urratuz. 2022ko urtarrilean epaitu zutenean, berak ere torturak eta tratu txarrak salatu zituen», azaldu du Amnesty Internationalek.