INFO

Yeray eta Imanol, taldekideekin batera, eta Rincon, Bita eta Egiluz, Bilbao Athleticekin

Nico Williamsek min hartu zuen Necaxaren aurkako norgehiagokan eta ez du Lezaman burutu den asteko lehen saioan parte hartu. Yurik ere lesionaturik jarraitzen du eta Petxarromanek Andorran jokatuko du berriro.

Zuri-gorriak Lezamara itzuli dira Mexikotik bira amaitu ostean. (@AthleticClub)

Athleticek Lezaman ekin dio entrenatzeari denboraldiaurreko laugarren aste hasieran. Nico Williamsek ez du lan saioan parte hartu, ezta lesionaturik jarraitzen duen Yurik eta taldea utzi berri duen Petxarromanek.

Yerayk eta Imanolek, aldiz, taldekideekin batera entrenatu dute. Mexikora joan ez ziren De Marcos, Iñaki Williams, Villalibre eta Dani Garcia ere guztiekin batera entrenatzen izan dira.

Zerbitzu medikuek Yeray eta Imanol liga hasierarako jokatzea prest egotea espero dute. Yuri ere osatuta egongo dela adierazi zuten, baina motelago joango dela. Ezker hegalekoa azken jardunaldian lesionatu zuen Carvajalek ostikada bortitz batekin hankako hezu bat hautsiz.

Athleticek arazoak dauzka atzeko lerroan eta Ernesto Valverde proba ezberdinak egiten aritu da Chivasen eta Necaxaren kontrako partidetan. Lekuek eta Morcillok jokatu dute ezker hegaletik eta erdiko atzelari bezala Beñat Prados, Nolaskoain eta Ander Herrera zelairatu ditu.

Gasteizen hezitako entrenatzaileak jokalari gehiegi dauzka taldean eta erabakiak hartzen joan beharko da hurrengo egunetan. Jon Morcillok, Petxarromanek, Unai Vencedorrek, Nico Serranok edo Javi Martonek zaila izango dute toki bat egitea.

Aldi berean, bigarren taldeko zazpi jokalari hasi ziren lehen taldearekin denboraldiaurrean entrenatzen eta erdia dagoeneko Bilbao Athleticera itzuli dira. Gastesi atezaina eta Barandalla ezker hegaleko atzelaria ez ziren Mexikora joan. Hugo Rincon eskuin laterala, Unai Egiluz erdiko atzelaria eta Junior Bita erdilaria Carlos Gurpegik zuzentzen duen taldearekin entrenatzen hasi dira gaur.

Unai Gomez erdilaria da lehen taldearen dinamikan jarraitzen duen lehoikume bakarra eta baita ere Alex Padilla atezaina. Hala ere, aste honetan zehar itzuliko dira Julen Agirrezabala atezaina, Paredes atzelaria eta Oihan Sancet eta ikusiko da entrenatzaileak zer egiten duen.

Hurrengo partidak

Ostegunean adiskidantzazko partida jokatuko dute Santanderreko Racing taldearen aurka Kantabriako Santa Maria de Cayon herrian. Arratsaldeko 19.00retan izango da partida. Lehen jardunaldian Real Madrilen kontra neurtuko dituzte indarrak San Mamesen abuztuaren 12an. Liga hasi aurretik Celtic taldearen aurka jokatuko dute Glasgown zuri-gorriek abuztuaren 1ean eta hilaren 3an Eibarren kontra Las Llanasen. Abuztuaren 6ean Manchester United taldearen kontra arituko dira Dublinen.