Elefantea mugitzen has liteke larunbat honetan Mexikon
Nazioarteko Pilota Federazioak larunbat honetan bozkatuko du Euskadikoa bere kide izatea onartzen duen ala ez. Botoen bi herenak beharko lituzke aurrera egiteko; Espainiako Federazioa aurka agertuko da, Frantziakoa alde.
Euskal Herriko herri mugimendu anitzek erabili dute metafora hori, hots, elefantea mugitzearena, denbora luzez inolako aurrerapenik egin gabe egon den arazo bati irtenbidea bilatu nahi izan zaionean. “Elefante” horietako bat da euskal selekzioaren auzia, pilotari dagokionez bederen, eta pakidermoa mugiarazteko aukera egon liteke. Kasu honetan elefantea Mexiko Hirian dago, han egingo baitu larunbat honetan (Euskal Herrian arratsaldeko 18.00ak direnean) Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko Federazioa kide izan ala ez erabakitzeko bozketa. Bi bozketa gainditu beharko ditu Euskadiko Federazioak.
Lehen langa gainditzeko, batzar horretan parte hartzen duten kideek Nazioarteko Federazioak bere estatutuak aldatzea onartu beharko lukete eta, behin hori lortuta, bigarren bozketa batean Euskadiko Federazioa kide gisa onartu. Kongresu espainolak Kirolaren Legea onartu eta zortzi hilabetera, Frantziako, Mexikoko eta Argentinako euskal pilota federazioak izan ziren estatutuak aldatzeko proposamena aurkeztu zutenak. Gauzak horrela, lehen langa hori gaindituko balitz, historian bigarren aldiz bozkatuko litzateke Euskadiko Federazioa nazioarteko erakundean onartu ala ez. Lehen saiakera 2002ko abuztuan egin zuten, Iruñean jokatutako Munduko Txapelketaren harira, Venezuelak eskatuta. Proposamenak ezezko borobila jaso zuen orduan.
Oraingo honetan, ordea, bada itxaropentsuago izateko arrazoirik. Hasteko, batzar nagusia deitze hutsa, eta proposamena egin dutenen artean Xavier Cazaubon Nazioarteko Federazioko presidentea egotea aurrerapauso garrantzitsua da. Gainera, batzar horren gai zerrendak ere ematen du bilera horri itxaropenez begiratzeko motiborik. Hasiera batean, puntu bakarra egotekoa zen, alegia, estatutuak aldatu edo ez bozkatzea, baina bigarren puntua sartuta, jarraian bozkatuko lukete Euskadiko Federazioa onartu ala ez. Eta pentsatzekoa da, lehen puntu horri baiezkoa ematen dioten federazioek bigarrenari ere baiezkoa emango diotela.
Bi herenak
Oraingoz ia ezinezkoa da batzar horretan parte hartuko duten federazioen zerrenda ezagutzea. Berez 33 herrialdek dute ordezkaritza; horretarako herrialde horretako olinpiar batzordearen oniritzia izan behar du federazio horrek –AEBetakoak, esaterako, ez du– eta bere kirol mailaren araberako boto kopuru bat du –Espainiak, Frantziak eta Mexikok, esaterako, bederatzina dituzte, Kubak eta Argentinak, zortzi–; guztira, 76. Batzarra egin ahal izateko quoruma %50ean legoke; hau da, 38k bertan egon beharko lukete eta, gai zerrendako puntuak onartzeko, bi herenek baiezkoa eman beharko lukete. Boto presentziala izango da eta federazio bakoitzean titular batek edo ordezko batek baino ezin dute boto hori eman. Ikusi beharko da nortzuk joango diren, federazio txiki askorentzat Mexikoraino joatea ez baita erraza.
Momentuz, bere posizioa, kontrakoa, argiki agertu duen bakarra Espainiako Federazioa da. Are gehiago, batzarra egingo zela jakin zenetik, nahiz eta hasiera batean horren aurka azaldu ez, Julian Garcia Angulo –Espainiako Federazioko presidentea– presio egiten aritu da gainerako delegazioetan, sare sozialetatik eta telefonoz. Horren harira, Nazioarteko Federazioko Cazaubonek eta Garcia Angulok dezenteko iskanbilak izan dituzte euren artean. Nazioarteko Federazioko presidenteak nazioartekoaren idazkari kargutik kendu zuen Garcia Angulo orain gutxi, Euskadikoaren aurka egindako kanpainarengatik. Bi buruzagi hauen arteko harremanak asko mikaztu dira eta euskaldunen asmoentzat interesgarria izan daiteke Nazioarteko Federazioko presidentea euren alde izatea.
Bestetik, ezin ahaztu, EAJk eta PSOEk Espainiako Kongresuan Kirolaren Legea onartu zutela –horrek dioenez, erkidego bateko selekzio bat nazioarteko txapelketan lehiatu ahal izango da kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu eta kirol horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortua bada– eta hori gertatu eta egun gutxira publiko egin zen 2030eko Munduko Txapelketa Bilbon eta Gernikan jokatuko dela; hau da, sukalde lana bada hor atzean, nekez ulertu ahal izango baita bestela halako txapelketa bat Bizkaian jokatzea euskal selekzioaren parte hartzerik gabe.
Hala ere, ezin da, inola ere, Julian Garcia Angulo bezalako pertsonaia ilun batek egin dezakeen presioa gutxietsi eta, momentuz, zuhurrak izate aldera, Euskadiko federazioak nahiago izan du inolako adierazpenik ez egin.
Badira, hortaz, elefantea mugitzen has daitekeen zantzuak. Dena dela, komenigarria izango da zehaztuta izatea elefantea nora mugitu, Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko pilotaririk gabeko euskal selekzio bat pakidermoa kristaldegi batean sartzearen parekoa izan daiteke-eta.