INFO

Flandriako eta Euskal Herriko kulturak elkartuko ditu Etxepare Institutuaren programak

Etxepare Euskal Institutuak ‘Vlaanderen-Baskenland’ edo ‘Flandria-Euskadi’ kultur trukerako egitasmoa aurkeztu du. Joan-etorriko programa bat da, eta bi helburu ditu: kultur eragileak elkartzea, esperimentatu eta ikasteko; eta kultur proposamen zehatzak lankidetzan garatu eta plazaratzea.

Flandria-Euskadi egitasmoa aurkeztu dute ostegun honetan Donostiako Tabakaleran. (IREKIA)

‘Vlaanderen-Baskenland’ edo ‘Flandria-Euskadi’ programa abian da dagoeneko. Kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala sortu nahi du, baita eragileen arteko lankidetza sustatu ere.

Tabakaleran bildu dira bultzatzaileak: Bingen Zupiria, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Jan Jambon, Flandriako ministro-presidentea (bideo bidez); Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia eta Fernando Saenz de Ugarte Dantzazeko zuzendari nagusia.

Azaldu dutenez, kultur egitasmo hau bi urteko harremanaren emaitza da. 2021 eta 2022an Araba, Bizkai eta Gipuzkoara eta Flandriara lan-bisita bana egin zuten. Eta aurten, bi lurraldeen arteko kultur lankidetza sustatzeko deialdiak egin dituzte bai Lakuak eta bai Flandriako Gobernuak.

Ostegun honetan, programaren lehendabiziko ekintzak plazaratu dituzte.

Sortzeko egonaldiak

Flandriako eta Euskal Herriko kale arteen topaketa izan zen iragan maiatzean Flandriako Leuvenen eta Leioako Umore Azokan. Horrekin lotuta, astebete eta bi aste bitarteko lau sorkuntza egonaldi antolatu dituzte azarorako (euskal konpainiak Flandrian) eta heldu den urterako (flandriarrak hemen).

Tabakalerak eta Anbereseko Morpho zentroak ere hemengo eta hango artista bana aukeratu dute hiru hilabeteko egonaldia egiteko. Euskal artista Gala Knörr da, eta bere proiektua, ‘Passion Social Club’. Abuztuan hasiko du egonaldia.

Bestalde, Lore Stessel artista flandiarra Azkuna Zentroko kide izango da 2025 arte. ‘Prototipoak 2025’ nazioarteko ekitaldian hartuko du parte ‘Baskenland’ proiektu bisualarekin.

Molenbeek eta Errenteria

LLS Paleisek eta ANTespaciok egitasmo bat jarriko dute martxan, ‘Antwerpen Bilbao: Itzulera guztiak!’. Bertan, Taxio Ardanaz, Justine Grillet, Amaia Molinet, Leire Muñoz eta Rik Van Gorp artistek bakoitzaren obraren zentzuari buruzko ekitaldia sortuko dute Anberesen eta Bilbon.

‘Dance and Community’ proiektuak Molenbeek (Bruselako eskualdean) eta Errenteriaren arteko antzekotasun bat du abiapuntu, bietan baitago koreografia zentroa: Ultima Vez Molenbeek-en eta Dantzaz Errenterian.

Dantza bertikaleko La Glo Zirko Dantza eta Cirkus in Beweging konpainiek ere elkarrekin ikertuko dute. Emaitza gisa, zirkua, musika eta ilustrazioa uztartuko dituzte ikuskizun batean.

Kontzertu programa bat

Akartia Triok Euskal Herriko eta Flandriako hainbat konpositorerekin lan egin du. Hortik abiatuta, kontzertu programa bat sortu du. Bi estreinaldi izango dira tartean: bata, Ward De Vleeschouwerrren konpositore flandiarrarena, eta bestea, Mikel Chamizo euskal konpositorearena.

Urte bukaeran, Korrontzik euskal musika eta dantza tradizionala eramango ditu Flandriara. Gainera, Muziekcentru Dranouter-eko dantzariekin koreografia berriak sortu eta beren ikuskizunean txertatuko dituzte.

Beste ekintza bat EHU Flandriako hainbat unibertsitaterekin antolatzen ari den mintegia da, hizkuntza komunitate gutxituen ezagutza partekatzeko asmoz.

Aiaraldeko Ekintzen Faktoria eta Bruselako YouYou Group ahots taldea, bestalde, ahozko ondarea berpizten saiatuko dira.

Etxepare Euskal Institutua 2019an hasi zen nazioartean kultur harremanak bultzatzen. Lehendabiziko jomuga Eskozia izan zen; Quebec etorri zen gero; eta Flandriaren txanda da orain.