INFO

Mendiak aplikazioan ikusgai daude Gipuzkoako 310 tontor nagusietako postontzien argazkiak

Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteko kideek herrialdeko mendi nagusiak igo zituzten 2021. urtean, pandemia garaian jarritako erronka bati erantzunez, eta bildutako informazio guztia denen eskura jarri dute.

Ekimena gaur aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Jauregian. (GIPUZKOA.EUS)

Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteko kideek Gipuzkoako 310 mendi nagusietako tontorrak igo zituzten 2021. urtean, pandemia garaian jarritako erronka bati erantzunez, eta postontzi guztien argazkiak atera. Orain, mendizale hauek batutako informazio guztia eta argazkiak Mendiak Aplikaziora igo dira (Mendiak.eus webgunera zein Mendiak APPera), Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kiroletako Departamentuaren eta Mendizale Federazioaren arteko elkarlanean eta euren babesarekin.

Foru Jauregian aurkeztu dira ostegun goiz honetan Mendiak aplikazioaren berrikuntzak, Gipuzkoako mendietako postontzien argazkiei eta informazioari buruzkoak. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Goizane Alvarez Kiroletako diputatua, Urdin Elortza, Gipuzkoako Mendizale Federazioko bideziorretako teknikaria, eta Josu Azpilleta, aplikazioa sortu duen Code Syntax enpresaren ordezkaria.

Mendizaletasuna ez da atzean geratu teknologia berriei dagokionean eta garai batean buzoiarekin topo egin arte mendizaleek maldan gora eta gora egiten zuten bitartean, ohitura berriek telefono mugikorrak eta GPS gailuak bidelagun izatera eraman dituzte. Honi erantzunez, eta etengabeko digitalizazio prozesu horretan, mendi tontor eta buzoi horien kokapen edo koordenatu zehatzak aplikazioan uztartzea ezinbesteko lana izan da.

«Gainera, elkarlan horren barruan, Mendizale Federazioek mendizaleontzat idatzi dituzten segurtasun arau batzuk zabaltzen ere lagunduko dugu eta mendizaleentzat erronka txikiak sortu eta plazaratzeko tresna ere txertatu dugu Mendiak Aplikazioan.  Helburua, beti bezala, euskal mendizaleentzat informazio eta tresna erabilgarriak kaleratzea izan da, mendizaletasuna sustatzeko asmoz», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Mendizaleak hezi

Urdin Elorza, Gipuzkoako Mendizale Federazioko bideziorretako teknikariak adierazi duenez, «gaur mendizaleak bagara, atzoko mendizaleek bideak garbitu zizkigutelako da. Mendiko postontziak digitalizatzeko proiektu honi ekin diogu, mendiak, natura eta ondarea babesteko eta belaunaldi berriak hezteko».

Josu Azpiellta CodeSyntaxeko ordezkariaren esanetan, «kaleratu ditugun aplikazioen artean arrakastatsuenetakoa da Mendiak APPa. Euskal Herriko 3.000 mendiren informazioa biltzen duen aplikazioa da eta mendizaleei beren igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko aukera ematen die, norbere igoera guztien historikoa eta estatistikak eskaintzen dituelarik. Android eta iPhone gailuentzat dago prest, doakoa da eta 20.000 deskarga baino gehiago ditu, euskara hutsean dagoen aplikazio batentzat marka adierazgarria. 2016an sortu genuen eta harrezkero etengabe eguneratu dugu, informazio eta eduki berria gehituz eta teknikoki ere urtero-urtero berrikuntzak erantsiz (50 eguneraketa baino gehiago).  Mendiak plataforman argitaratzen ditugun testu guztiak CC-BY-SA lizentzia librearekin partekatzen ditugu».