INFO

Greziako erdialdeko eta hainbat irlatako suteak geldiaraztea lortu dute suhiltzaileek

Greziako suhiltzaileek herrialdean piztuta dauden sute nagusiak geldiaraztea lortu dute; hain zuzen ere, Rodas, Korfu eta Eubeako uharteetako eta Greziako erdialdekoak. Hamar egunetan sua itzaltzeko lanean ibili ondoren, egoera «kontrolpean» dagoela adierazi dute suhiltzaileek.

Rodas, Korfu eta Eubeako irletako eta greziar erdialdeko suteak geldiaraztea lortu dute. (SAKIS MITROLIDIS | AFP)

Rodas, Korfu eta Eubeako irletako eta greziar erdialdeko suteak geldiaraztea lortu dute hamar egunetan zehar «etenik gabe» lanean egon diren suhiltzaile eta boluntarioek. Herrialdeko agintariek jakinarazi dute suteen ondorioz 5 pertsona hil direla.

Korfuko irlan 10 egunetan zehar egon dira lanean 300 suhiltzaile eta milaka boluntario sutea gelditzeko. Agintarien arabera, 16.000 hektarea erre dira eta hainbat etxe suntsitu dira garren eraginez. 19.000 pertsonak beren etxeak utzi behar izan dituzte; horietatik, 7.000 turistak ziren.

Greziar erdialdean kokatutako Voloseko hirian piztu zen suteak ere «ondorio nabariak» izan dituela jakinarazi dute suhiltzaileek. Garrak hedatzean, greziar aire Armadak munizioa gordetzeko biltegira iritsi zen sua. Bertan zeuden armak erretzeak leherketa ugari sorrarazi zituen. Horrek Voloseko eta inguruko zenbait herritako biztanleek beren etxeak utzi behar izatea ekarri zuen.

Uztailaren 17an, ostegunean, Greziako klima krisialdiko eta hiri babeseko ministroak, Vasilis Kikiliasek, jakinarazi zuen herrialdean 594 sute piztu zirela. Ostiral honetan, berriz, suhiltzaileek jakinarazi dute Voloseko sutea geldiaraztea lortu dutela. Eubea eta Korfuko suteak ere itzaltzea lortu dute eta orokorrean egoera «kontrolpean» dagoela jakinarazi dute.

Iparraldeko haizearen ondorioz, tenperaturak jaitsi egin dira herrialdean, suteak amatatzeko oso onuragarria izan dena. Hala ere, suteen arriskua oraindik altua dela ohartarazi dute agintariek, bereziki haizea eta lehorteak direla eta.