Bilboko Udalak eraso sexisten kontrako kanpaina aurkeztu du, ‘Bakarrik bai da bai’ leloarekin
Bilboko Udalak, Aste Nagusiari begira, eraso sexisten kontra sentsibilizatzeko eta prebenitzeko kanpainaren irudia aurkeztu du astelehen honetan, ‘Bakarrik bai da bai’ leloarekin.
Astelehen honetatik aurrera, Bilboko Udalak eraso sexisten aurkako sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina berria zabalduko du, ‘Bakarrik bai da bai’ leloarekin. Kanpaina hori abuztuaren 19tik 27ra ospatuko den 2023ko Aste Nagusirako diseinatu da.
«Horrela, Bilbok sexu-erasoen eta edozein motatako indarkeria matxistaren eta LGTBIQ+fobikoaren aurkako jarrera irmoa agertzen du», nabarmendu du Udalak ohar batean.
«Aurtengo leloak, zeina iaz ere erabili baikenuen, islatzen du adostasuna funtsezkoa dela harreman afektiboetan. Horrelako ekimenekin Bilboko Udalak zenbait helburu ditu: gizonei eta emakumeei hausnartu araztea; emakumeen ahalduntzea lortzea; gizonen, eta, oro har, gizarte osoaren erantzukizuna eskatzea...», gaineratu du.
Azaldu duenez, irudiaren diseinuari dagokionez, protagonista Marijaia da, «errespetuzko eta berdintasunezko jaien defendatzaile handiena; besoak altxatuta, eskuekin egiten duen keinuaren bidez edozein indarkeria-motaren aurka dagoela erakutsiz». ‘Bakarrik bai da bai’ leloa irakur daiteke, erdigunean kokatuta, eta dagoeneko herritarren artean zabalduta dagoen mezu honekin batera ‘Ez beti da ez’.
Bizkaiko hiriburuko Udalak jaiak hasi aurreko egunetan aurkeztuko ditu kanpainaren eduki osoa, Bilboko Konpartsen, entitateen eta Udalaren artean adostutako protokoloa, eta halaber, zer udal baliabide eskainiko diren Aste Nagusian inork eraso sexistaren bat jasanez gero.