INFO

Gogotsu dauden Tito Diaz eta Marko Jevtic jokalari berriak aurkeztu ditu Bidasoa Irunek

Bai defentsan eta bai erasoan joka dezaketela adierazi dute bi jokalariek. Serbiarrak badaki zer den EHF European Leaguen jokatzea eta madrildarra Civitas Guadalajara taldetik dator.

Alberto Tito Diaz eta Marko Jevtic, Julen Aginagalde Bidasoako kirol zuzendariarekin Artalekun. (CD BIDASOA)

Julen Aginagalde martxan da bere eginkizun berrian, kirol zuzendariaren eginkizunetan alegia, eta aurkezpen bikoitza egin du ostegun honetan Artalekun. Izan ere, Bidasoa Irunek datorren denboraldian izango duen bi jokalari berriren aurkezpena egin du: Alberto Tito Diaz eta Marko Jevtic.

Azken hau Serbiako selekzioarekin internazionala da, RK Metaloplastika Sabac taldetik datorren pibotea da eta 194 zentimetroko altuera du eta 102 kilo pisatzen ditu. Serbiako Superkopa irabazi zuen iaz. 2021/2022 denboraldian, EHF European Leagueko multzoen fasera sartzeko kanporaketa bat jokatu zuen, eta hiru tanto egin zituen.

Jevticek bai defentsan, bai erasoan joka dezake, eta pozik agertu da Irunera iristeagatik. «Bidasoak deitu nindunean, Julenek deitu zidan eta ez nuen birritan pentsatu», adierazi du jokalari berriak.

Haren ustez, Irunera iristea «aurrera pausoa izango da, hobeto jokatzeko, hazteko, klub handi batean ibiltzeko eta emaitza onak lortzeko». hasteko, gogoz dago etxeko lehen neurketa ofiziala iritsi dadin: «Entzuna dut zaleak izugarriak direla, Artaleku askotan beteta egoten dela, Irunek eskubaloia bizi duela eta gogoak ditut lehen neurketa ofiziala iritsi dadin, Barçaren aurka eta espero norgehiagoka irabazi ahal izatea».

Julen Aginagalderen hitzetan, «eskubaloilari gaztea da, 21 urtekoa, serbiarra, eta pibote moduan etorkizun ona duena. Bere taldean gehiago zebilen defentsa lanetan, baina erasoan ere lan ona egin dezake hazi eta hobetzeko, eta horrela beste erabateko jokalaria izan dezakegu. Oso pozik daude horrelako ezaugarriak dituen profil bat taldean edukitzeagatik».

Jokalari ohiak taldearen polibalentzia aipatu du, bakoitzaren bere postutik, hainbat zereginetara egokitzeko ahalmena: «Eskubaloia horretara dihoa, aldaketa gutxiago eta espezialista gutxiago. Harrobian ere ari gara hori lantzen, eta kasu honetan Markorekin hori betetzen da. Espero bere ekarpena ona izatea. Polibalentziaren bidean iaz aurrerapausoa eman genuen, eta aurten ere».

tartekia

Bestalde, Alberto ‘Tito’ Diaz (Madril, 2000/9/6) internazionala da Espainiako gazteen selekzioarekin (15 partida, 44 gol), 195 zentimetroko altuera eta 102 kiloko pisua du. Asobaleko estreinako denboraldian, 60 gol sartu zituen 34 partidatan, eta iazko denboraldian, berriz, 122 tanto egin zituen 29 partidatan, 4,21 goleko batezbestekoa edukiz.

Bidasoako jokalari berria «taldeari ahalik eta ekarpen handiena egiteko gogoz» agertu da. Klubari «fitxaketa aurrera eramateko erakutsi duen konfiantza» eskertu ondoren, aurkezpenean «alor guztietan ekarpenak egiten saiatzen» dela adierazi du, «bai erasoan zein defentsan, balio anitzekoa izaten. Ahalik eta gehien egiten dut beti, pista barruan zein kanpoan ahalik eta ekarpen handiena eginez».

Helburu handietan pentsatzetik urrun, astero, neurketa bakoitzean topera joatearen aldeko apustua egin du Diazek: «Helburua neurketa bakoitza irabaztea da, bai denboraldiaurrean, bai Ligan irailetik aurrera, edo Kopako txapelketa bakoitza hauek iristen direnean. Norgehiagoka bakoitza asteko helburua izango da. Aurten Europarik ez dugunez, tarte handiagoa izango dugu, eta hala izango dela uste dut, %100ean gogo handienarekin hartuko dugun helburu nagusi horrekin».

Tito Diaz Civitas Guadalajara taldetik dator eta Artaleku ezaguna du, «zaleek gehien estutzen duen pabiloietako bat», bisitari gisa gozatu duena eta orain horiz jantzita egiteko gogoz dago: «Etxeko bezala gozatzeko irrikitan nago».

Julen Aginagaldek adierazi duenez, Tito Diaz «ezker alboko bezala dator, eta taldea egiterako momentuan, beste jokalari mota bat sinatu nahi genuen. Hankez ongi dihoa, bertikalagoa, taldearen jokoan sartzeko. Profil horretan Tito sartu daiteke eta bi urteko kontratua egin dugu, oso pozik gaude hemen dagoelako».