INFO

Zigor espedientea ireki diete aire-konpainia batzuei eskuko ekipajea kobratzeagatik

Facua kontsumitzaileen elkarteak jarritako salaketa baten harira, zehapen-espedientea ireki die Kontsumo Ministerio espainiarrak kostu baxuko hainbat airelineari, besteak beste, Ryanair, Vueling, Easyjet eta Voloteari, bidaiariei eskuko ekipajea kobratzeagatik.

Ryanair konpainiaren hegazkin bat, Forondako aireportuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Facuak baieztatu duenez, Espainiako Kontsumo Ministerioaren esku dagoen Ikuskaritzako eta Zehapen Prozedurako Zuzendariordetza Nagusiak espedientea ireki die kostu baxuko hainbat airelineari, eskuko ekipajea kobratzeagatik.

Halaber, aireportuetan eskudirutan ordaintzen ez uzteagatik eta adingabeei eta mendeko pertsonei beren laguntzaileekin batera eserita bidaiatzeagatik tarifa bat ordainarazteagatik ere ireki diete espedientea.

Facua kontsumitzaileen elkarteak erkidego desberdinetako kontsumo-agintarien eta Ministerioaren aurrean salatu zituen gertakariak duela bi urte.

Ministerioak ohar bat igorri du airelineei egotzitako arau-hausteak larritzat edo oso larritzat jo daitezkeela gogorarazteko. 10.001 eta 100.000 euro arteko isunekin zehatu daitezke, arau-hauste larrien kasuan, eta 100.001 eta 1.000.000 euro arteko isunekin, arau-hauste oso larrien kasuan.

Eskuko ekipajea kobratzeagatik Ministerioaren aurrean jarritako lehen salaketa 2021eko urrikoa da, Vuelingen aurkakoa, hain zuzen ere. Lehenago ere, 2018an, Facuak Ryanair eta Wizzair salatu zituen Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaren eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazional espainiarraren aurrean, arrazoi horrengatik, eta bi erakundeetako batek ere ez zion inolako jarduketarik jakinarazi, erakundeak adierazi duenez.

Facuak ohar baten bidez adierazi duenez, 2021eko martxoan, Balear Uharteek Ryanairri zehapen-espedientea irekitzea erabaki zuten, hiru urte lehenago jarritako salaketaren ondorioz. 2022ko apirilean, beste bat ireki zion Vuelingi, beste salaketa batengatik, eta, ondoren, espedientea ireki zien Easyjeti eta Voloteari, baina aurten zehapen-espediente horiek guztiak artxibatzea erabaki du, Kontsumo Ministerioa izan dadin isuna ezartzen duena, Facuaren arabera.