INFO

19 urteko beste espetxe zigor bat ezarri diote Navalniri Errusian, «estremismoa» egotzita

Errusiako Justiziak 19 urteko beste espetxe zigor bat ezarri dio Alexei Navalni oposizioko kideari. Beste kargu batzuen artean, «estremismoa» leporatzen diote.

Errusian presoek daramaten jantziarekin eraman dute Navalni auzitegira. (AFP)

Moskuko auzitegi batek 19 urteko beste espetxe zigor bat ezarri dio Errusiako oposizioko kide Alexei Navalniri, «estremismoa» eta beste kargu batzuk leporatuta. Erregimen berezi batean bete beharko du zigorra 47 dituen Navalnik, preso berrerorleak edota bizi arteko zigorra jaso dutenak giltzaperatzen baitituzte kartzela horretan.

Vladimir eskualdeko espetxean egin da epaiketa, Moskutik 200 kilometrora, bederatzi urteko zigorra ari baita bertan betetzen iruzurragatik. Erakunde «estremista» bat sortzea leporatzen diote Navalniri, FBK Ustelkeriaren Aurkako Fundazioari erreferentzia eginez. 2011n eratu zuten erakundea eta duela bi urte legez kanpokotzat jo zuten Errusiar auzitegiek.

Herrialdeko goi funtzionarioen legez kanpoko jarrerak salatu zituen erakunde horrek. Vladimir Putin presidenteari Itsaso Beltzaren ertzean jauregi dotore bat izatea leporatu zion 2021ean.

Beste kargu batzuk ere leporatu dizkiote Navalniri, tartean muturreko jarduerak finantzatu eta bultzatzea, herritarren eskubideen aurka egin zuen erakunde bat sortzea eta adingabeak ekintza arriskutsuetan sartzea, baimendu gabeko oposizioko manifestazioei erreferentzia eginez.

Moskuko Hiri Auzitegiko epaile Andrei Suvorovek minutu gutxi batzuk baino ez ditu behar izan Navalniren aurkako zigorra emateko.

Espetxe-zerbitzuek prentsari galarazi diote aretoan egotea, eta kazetariek telebista bidez jarraitu behar izan dute saioa, beste gela batetik.

Navalnik ostegunean gogoratu zuenez, auzitegi militar batek epaitu beharko du oraindik, «terrorismoagatik». Bere aurreikuspenen arabera, beste hamar urteko espetxe zigorra ekar diezaioke.

Errusiar oposizioko kidea 2021eko urtarrilean espetxeratu zuten, Berlindik Moskura itzuli zenean. Berak eta mendebaldeko gobernuek Putinen segurtasun zerbitzuari egotzi zioten pozoitze batetik suspertzen egon zen Alemaniako hiriburuan.