INFO

Eskuzko euskal selekzioak zenbait lagunarteko jokatuko ditu Mexikon

Gizonezkoak –Ekhi Ziarrusta (Txumulutxueta), Inhar Ugarte (Kurene) eta EPLE-ko  Julen Chiapsusso eta Iban Taberna– trinketean arituko dira eta emakumeak –Enara Gaminde (Lea Ibarra) eta Miren Larrarte (Behar Zana)–, aldiz, ezker horman.

Euskal selekzioa osatuko duten pilotarien multzoa, Loiun, hegazkina hartu aurretik. (EEPF)

Euskadiko selekzioaren ofizialtasunak airean jarrraitzen duen bitartean, euskal pilotariei lagunartekoak jokatzearen aukera geratzen zaie soilik eta horixe egingo dute gaurtik abuztuaren 14ra bitartean Mexikora joandako taldeak. Denera sei pilotarik, lau gizonezkok eta bi emakumek osatzen dute espedizioa eta gizonezkoek trinketean binaka jokatuko duten bitartean, neskek ezker horman egingo dute.

Trinketean arituko direnak Ekhi Ziarrusta (Txumulutxueta), Inhar Ugarte (Kurene) eta EPLE-ko  Julen Chiapsusso eta Iban Taberna dira. Enara Gaminde (Lea Ibarra) eta Miren Larrarte (Behar Zana) izango dira euskal ordezkariak nesketan.

Aurtengo udan Euskal Pilota Selekzioak egingo dituen hiru bidaietatik lehena izando da honako hau. Helburua bikoitza izango da; alde batetik Euskal Herriko Kluben arteko txapelketako pilotariei saria ematea eta beste alde batetik Euskal Pilota Selekzioaren presentzia mundu guztian barrena zabaltzea.

San Miguel de Coatlinchan, lehen geltokia

Lehen partidak igande honetan jokatuko dira, San Miguel de Coatlinchaneko trinketean eta bertan gizonezkoek jokatuko dute. Partida nagusian, Ekhi Ziarrustak eta Inhar Ugartek, Fernando (Momito) eta Donovan Medinaren, 2023ko Mexikoko jubenilen mailako txapeldunen, aurka jokatuko dute. Kantxa hau iazko udan estreinatu zuten eta honako hau izango da jasotzen duen nazioarteko lehen jaialdia.

Hurrengo jaialdiak Coatapec eta Campo Marten jokatuko dituzte.