Markus Howardek Jordan bere anaiaren kontra jokatu ahal izango du ACB Ligan
Moncho Fernandezen aginduetara, Santiagoko Obradoiro taldean ariko da eskolta estatubatuarra pasa den denboraldian LEGAko Napoli Basket taldearekin batez beste 13,4 puntu, 1,6 errebote eta 2,5 asistentzia pilatu eta gero.
Pasa den sasoian Markus Howarden ACB Liga eta Euroliga tarteka harri eta zur laga zuen puntuak sartzeko erraztasun horri esker. «Ez nau harritzen egiten ari dena. Eliteko jaurtitzailea da eta munduan gutxi batzuek soilik egin dezaketen hori egiteko kapaz dela banekien, bere ibilbidea hasi zenetik hona badakidalako nire anaiak zenbat lan egin duen», adierazi zuen NAIZeko elkarrizketa batean Jordan Howardek, Markusen anaia nagusiak –hiru anaietatik bigarrenak, hobe esanda–.
Italiako LEGAko Basket Napoli taldean ari zen jokatzen iaz Jordan Howard. Eskolta postuan jokatzen dute bai Jordanek nola Markusek, eta orain arte bederen ezin izan dute talde berean jokatu, unibertsitate sasoitik abiatuta, ibilbide arras ezberdina izan dutelako. Markus Howardek Gasteizen segituko duelarik, aurten ere ez dute talde bereko kamiseta jantziko, baina elkarren aurka jokatzeko abagunea izango dute, hori bai, Jordan Howardek ACB Liga ezagutuko baitu.
Izan ere ACB Ligako Obradoiro talde galiziarrarekin urtebeteko kontratua sinatu du Markus Howarden anaia nagusiak, Kassius Robertson eskolta kanadarraren lekuan. Moncho Fernandez «alkimistaren» aginduetara jokatuko du Jordan Howardek Napolin denboraldi eder askoa borobildu eta gero. Batez beste 13,4 puntu, 1,6 errebote eta 2,5 asistentzia pilatu ditu, jaurtitzailea baino zerbait gehiago ere badela erakutsiz.
Jaurtitzailea, burugogorra eta nonahi egokitzeko gaitasuna duen jokalaria, hain zuzen. «Gure familiak behar bezala hazi gintuen eta horrek han eta hemen egokitzeko gaitasuna lantzen lagundu digu. Biok etxetik urrun egin genuen unibertsitateko ibilbidea –Milwaukeen lekutzen den Marquette unibertsitatean ikasi zuen Markusek eta Northern Arkansasen Jordanek, New Jerseyko etxetik oso urrun– eta zeinahi egoeraren aurrean arrakastaz moldatzen ikasi genuen bidean», adierazi zuen NAIZ-i eskainitako elkarrizketa hartan.
Toronto Raptorsen proba egindakoa da Jordan Howard, Markusek Denven Nuggetsen jokatu zuen bitartean. Horrez gain, Puerto Ricoko selekzioan ere jokatu izan du eta Obradoiroko buruak «urrutiko jaurtiketa ez ezik, taldekideentzat jokoa sortzeko gaitasuna» duen jokalaria lortu dutela ziur daude.
Beraz, ikusi egin behar ea posible den Howard anaiak elkar defendatzen edo elkar erasotzen ikustea. Ikusi egin behar lesioekin zorterik duten eta, Markus Howarden kasuan, Euroligak ezartzen duen erritmo gogorra dela-eta, ACB Ligako zenbat partidatan atsedena emango dion Joan Peñarroya entrenatzaileak. Aurreneko itzulian Santiago ikusiko dute elkar Howard anaiek: azaroan 12an. Gasteizen berriz, gauzak ondo, 2024ko urtarrilaren 28an lehiatuko dira Markus eta Jordan.
«Egunero egiten dugu berba elkarrekin. Elkar miretsi eta errespetatzen dugu eta bata bestea egiten hari den horigatik poztu ez ezik, elkar motibatu ere egiten gara; baita elkarri animoak eta aholkuak eman ere garai zailetan. Oso harro nago egiten ari denaz. I love you, bro!», esanda agurtu zuen Jordan Howard elkarrizketa. Orain hori eta gehiago aurrez aurre esango diote elkarri.