INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Espetxeetan oraindik dagoen «gizagabekeriaz» ohartarazi du Etxeratek euskal hondartzetan

«Etxean eta bizirik nahi ditugu» aldarriak bertakoen eta udatiarren arreta bereganatu du igande honen eguerdian Euskal Herriko hamabost hondartzetan. Oraindik aplikatzen den «gizagabekeriaz» ohartarazi dute senide eta lagunek.


Azken hamarkadotan urtero-urtero egin duten bezala, hondartzetara atera dira abuztuko lehen igande honetan ehunka senide eta lagunek, aurtengoan presoen etxeratzeko bidean jartzen diren oztopoak behingoz albo batera uzteko eskatuz bereziki. Etxeraten ekimena da.

Azken egunotako eguraldi freskoa dela eta, hondartzak ez dira beste urteetan bezain beterik izan, baina beren aldarriak entzunarazi eta ikusarazi ahal izan ditu elkarteak, hamabost herriren ondoko bideetan ere.

Helburu ezberdinak ditu aspaldi luzean urtero egiten den ekimen honek. Batetik, Euskal Herrian oporraldia pasatzen ari diren lagunei euskal presoen errealitatearen berri ematea. Bide batez, etxekoei aldarrikapen hauek udan ez dutela etenik helaraztea. Eta horrekin batera, herrietako jaiak eta uda betea berriro ere kartzelan, legediak dioenaren aurka, igaro beharko duten dozenaka lagun egon badirela gogora ekartzea.

Horren adibide dira gertatu berri diren bi kasu, Etxeratek aipatu dituenak: Ainhoa Barbarinek aste honetan jasandako gradu erregresioa (bigarren aldiz), eta Xabier Atristrain barruan mantentzeko emandako epaia. Beraiekin eta gainerakoekin «egiten ari den jazarpena salatzen dugu, justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari, errebantxa eta mendekuz baizik, beste garai batean bizi garela kontuan izan gabe».

«Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau dira oraindik Estatu espainiarrarentzat, bereziki, Auzitegi Nazionala eta Fiskaltzaren aldetik», adierazi dute Donostian, hedabideen aurreko agerraldian, eta beste hamalau tokitan.

«Izan ere, batez beste, 20 urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna baldintza txarrenetan gainditzen dute euskal presoa eta iheslariak, asko eta asko jada adinduak dira eta horietako batzuk gaixotasun larriekin diagnostikatuak. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe-politika humanistaren legezko helburua, eta, aitzitik, gizagabetzat baino ezin dira jo –nabarmendu du Etxeratek–. Testuinguru honetan, espetxe-administrazioaren ezaugarriak finkatu nahian EAEko Arartekoak esandakoarekin bat gatoz, izan ere, pertsona presoen duintasun-printzipioak, espetxe-aldia murriztea eta erkidegoan birgizarteratzea balore gisa hartzeko gomendioa».

Bizkaiari dagokionez, Mundakan, Lagan, Laidan, Lekeition, Ondarroan, Bakion, Ean eta Muskiz-Zierbenan egon dira senide, lagunak edota herritar xumeak aldarrikapen hauek zabalduz. Gipuzkoako herrialdean, Donostian (Kontxan), Hondarribian, Mutrikun, Orion, Zarautzen eta Deban. Eta aurretik, 11.00etan, Hendaian ere bildu dira.

Dozenaka lagun Muskizen. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Dozenaka lagun Muskizen. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Eskubideak, ez pribilegioak»

«Biktimen sektoreak, komunikabide eta Espainiako alderdi jakin batzuk osatzen duten lobbyari kasu eginez, aipaturiko espainiar Justiziaren parte horren jarrera oztopatzaile eta konfrontatzailearen aurrean, berriro diogu, ez dira pribilegioak, gure senide presoentzat ez ditugu pribilegiorik eskatzen, eskubideak baizik. Aplikatu legeria arrunta eta desblokeatu dagokien ibilbidea», aldarrikatu dute parte hartzaileek.

Hau ez da izango uda partean presoen eskubideen alde egiten den mobilizazio bakarra. Sarek herri eta hiri askotan antolatzen ari den ekimenekin bat egiteko gonbidapena luzatu du Etxeratek gaurko ekimenean.