AEKko familia-barnetegi baten istorioak, udaren erdian
Barnetegi bakoitzarekin ekosistema berezi bat sortzen da, mundutik apur bat aldenduta eta euskalduntze prozesutik haratago doan esperientzia bat eratuz. Zirraragarria izaten da beti, zaila agian hasieran, hizkuntz gaitasuna edo ahozko jarioa oraindik bere unerik onenean ez dagoenean; eta zer esanik ez harremanei dagokienez, asteetan zehar ezezagunen arteko elkarbizitza eraiki behar den une horietan. Hala ere, gauza asko aktibatzen dituen esperientzia da, hizkuntza ulertzeko eta erabiltzeko mekanismoei dagokienean, harremanetan.... Gertu ditugun planen artean, ekosistema horietako batera hurbildu da GAUR8. Ekosistema horien artean, formula berezia duen familia-barnetegia aurkitu dugu Busturialdeko Biosferaren Erreserban, Foruan, AEKren eskaintzaren barruan. Santimamiñeko Kobez eta padurez inguratutako ingurunean, Foruako aztarnategi ezagunetik gertu, baserri handi batean eskola orduetan aurkitu dugu udako lehen taldea. Goizean egin dugu hitzordua, eta baserrian isiltasuna da nagusi, haurrak herrian daude jolasean, begiraleen zaintzapean. Han ikusi dugu taldea jolasean.
Udarako egon daitezkeen plan guztien artean, euskara ikasteko barnetegia egitea hautatzera zerk bultzatu dituen galdetu diegu etxe aurrean inprobisatutako solasalditxoan. Mintzapraktika saio bereizia ere bada GAUR8ren galderei erantzutea. Txukun moldatzen direla ikusi dugu. Egun batzuk daramatzate bertan, eta hizkuntzari dagokionez ez dute aldaketa oso handirik nabaritu, edo ez lehen kolpean, eta pentsatu baino aurrerapauso gehiago egin dute dagoeneko.
«Orokorrean helburu ezberdinekin datoz, batzuk azterketa prestatzera, beste batzuk etxeko hizkuntza ohiturak aldatzera, opor ezberdinak egitera, ondo pasatzera... bakoitzaren helburu nagusia ezberdina da», azaldu du Irati Manzisidor Muruaga AEKko irakasleak, hautua egitera bultza ditzaketen arrazoiez.
Sei familia daude barnetegian. Seme-alabekin joandako emakumeak dira guztiak. Bost eta zortzi urte bitarteko haurrak dira barnetegian amekin parte hartzen duten gehienak, baita hamar urteko bat ere; Algortatik, Gasteiztik, Arrasatetik eta Hendaiatik etorriak. Euskaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa bilatzen dutela esan dute, eta haurrekin bizitako esperientzia berezia ere aipatu dute. Seme-alabekin dituzten etxeko hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzte, euskaraz bizi nahi dute, finean.
Ikasleen artean, Priscilla Casu italiarra dago. Duela bost urte ez zuen euskal hitz bat bera ere ezagutzen. Gasteizko lagun batekin eta bien semeekin ari da barnetegia egiten. Semeak elkarrekin dabiltza eskolan. Duela lau urte hasi zen euskara ikasten Agurainen. Egiten duen bigarren barnetegia da hau, eta aurrerapausoak begi bistakoak dira, baina irribarretsu kontatu duenez, batzuetan hitz bat itzultzeko orduan, «gaztelaniaz ere ez dakit nola esaten den».
«Ez daukat errieta egiteko mailarik»
Hiru egun baino ez dituzte egin barnetegian, elkarrizketatu ditugunean. Hizkuntzari dagokionez, euren buruak euskaraz egiteko erraztasun gehiagorekin ikusten dituzten galdetuta, ez dute bai biribil bat esaten, norberak baino ziurrenik irakasleek sumatuko dute egin duten aurrerapena. Onartzen dute kostatzen zaiela, eta hori nekagarria dela diote batzuek. «Kostatzen zait euskaraz egitea, baina gustatzen zait eta saiatuko naiz», adierazi du Susana Alonso Tena arrasatearrak. Dioenez, ahalegin handia da, nekea sorrarazten duen ahalegina. Normalean afaldu ondoren telebista ikusi edo liburu bat irakurtzeko ohitura du, «baina hemen umeekin joaten naiz egunero ohera, lotara eta kito, neke hau ez da normala».
Solasaldi giroan, beste ama batek aurrerapausoa batez ere ulermenean nabaritzen duela dio. Irakasleek ere onartu dute hasieran astiro hitz egiten zutela, baina beste erritmo bat hartu dutela gerora. Tartean bada, umore puntu batekin, hizkuntzak ama eta seme-alaben arteko harremanak aldatu dituen galdetuta, «errieta egiteko mailarik» ez duela esaten duenik. Mahai luzearen inguruan eseritako guztien artean, hausnarketa asko sortzen dira, txikienek ere hartzen dute parte, batzuetan amari zuzentzen diotela argitzeko.
Egoera ezberdinak azaltzen dira. Amaia Mekoleta Ruiz de Larramendi Hendaian bizi den irundarra da. Alabarekin egiten ari da barnetegia, eta beren kasuan, azaltzen duenez, «bikotea frantsesa da, alabak frantsesez egiten du aitarekin eta gaztelaniaz nirekin, eta euskaraz batzuetan, segun eta non gauden, baina gehienetan gaztelaniaz». C1 eskakizuna atera nahi du, eta aurtengo hau bere bigarren barnetegia da. Nabarmendu duenez, iazko esperientziarekin alderatuta, erosoago sentitzen da aurten hizkuntzari dagokionez. Susana Alonsoren kasuan, semearekin euskaraz hitz egitea normalizatzea da helburua. Komentatzen dutenez, barnetegia modu polita da, eta batzuetan bakarra, umeekin euskaraz hitz egiteko, eta gainera, esperientzia polita da».
Programazioa beharretara egokitzea
Eguneko plana, beraz, helburu horietara egokituta dago. Goizean, gosaldu ondoren, esnatzeko jolas bat egiten dute. Amak eskola orduetan daudenean, haurrek aparteko jarduerak egiten dituzte begiraleekin, eta eguneko planifikazioaren barruan, elkarrekin egiteko saio ezberdinak daude. «Euskara ikasteaz gain, familia-barnetegian bilatzen dutena da elkarrekin egotea, ondo pasatzea... helburua hori dela uste dut, eta horretara bideratuta dago programazioa», aipatu du Manzisidorrek. Izan ere, inprimakia bete behar dute ikasleek matrikulatzean. Han aipatzen dute «haientzat zein den garrantzitsuena, eta hori kontuan izaten dugu programazioa egiterakoan». Barnetegiko lehen egunean berriz hitz egiten dute norberaren helburuez, «batzuetan egoera aldatzen da matrikula egin zutenetik, eta orduan helburuak partekatzen ditugu» zehaztu du Manzisidorrek.
Gosaldu ondoren, goiza eskola ordua izaten da, atsedenalditxo batekin. Bazkalorduan elkartzen dira ama eta seme-alabak, eta arratsaldean beste ordu eta erdiko saio bat izaten dute gramatikan eta abarrean sakontzeko. Bitartean, tailerrak, txangoak... egiten dituzte haurrek, elkarrekin bazkaldu, eta 17.30etik 19.30era elkarrekin egiteko jardueraen ordua da. Tarte horretan, jolasak, etxeko baratzea atontzeko lanak eta zirkua izan dira azken egunetako jarduerak.
Haurrei entzunda, abentura baten itxura hartzen du barnetegiak. Diotenez, gehiago hitz egiten dute euskaraz; amarekin ere bai, baina hori ez da, halere, zirragarriena. Tabernako mamuaren jolasa aipatzen dute. Antza, etxe handiak joko handia ematen du, eta jolas hori asmatu dute: «tabernarik ez dago, baina barra moduko bat dago, eta hor egiten dute jolasa», kontatu dute helduek. Gustukoen dituzten jardueren artean, tailerrak aipatu dituzte, eta zirkua, saio bakar batean dantza egin, magia saioak, kartelak eta guzti egin dituztela diote. Plan zirraragarri gehiago dago: itsasadarretik txalupan bidaiatzea, ihes gela, Basondoko aterpea... Ez dago aspertzeko astirik.
Jakin beharrekoak
AEKko udako eskaintzaren barruan, ohiko ikastaroen ondoan, barnetegiak dira udako izar nagusiak, eta horien barruan, eskaintza zabala izaten du urtero AEK-k. Aurten, adibidez, Zugarramurdin, Arantzan eta Foruan programatu dira familia-barnetegiak, etxe barruko komunikazioa euskaraz bultzatzeko eta oporrak beste era batera bizitzeko. Parte hartzaileek esperientzia polita eta berezia dela aipatzen dute.