INFO

Laugarren egunean Bibby Stockholm ur gaineko espetxea hustu dute, legionellagatik

Aste hasieran Ingalaterra hegoaldeko uretan atxiloketa zentro gisa ezarri duten itsasontzi erraldoian sartu zituzten 39 asilo-eskatzaileak ebakuatu behar izan ditu britainiar Gobernuak, ontziko ur-sistemaren lagin batzuek legionellaren bakterioa aurkitu ostean.

Ontziak 500 pertsona hartzeko gaitasuna du. (Ben STANSALL | AFP)

Britainia Handiko Barne Ministerioak jakinarazi duenez, astelehenean Dorset konderriko ur gaineko espetxean sartu zituzten asilo-eskatzaileak ebakuatu behar izan dituzte, legionellaren bakterioa aurkitu dutelako. «Itsasontzian pertsonen osasuna eta ongizatea da gure lehentasun nagusia. Bibby Stockholmeko ur-sistemaren ingurumen-laginek ikerketa gehiago behar duten legionela-bakterioen mailak erakutsi dituzte», adierazi die hedabideei Barne Ministerioko bozeramaile batek.

«Emaitza hauekin, Barne Ministerioa lankidetza estuan aritu da UKHSA Osasun eta Segurtasun Agentziarekin, eta haren aholkuei jarraiki, aspalditik ezarritako osasun publikoko prozesuen ildotik», gaineratu du.

«Prebentzio neurri gisa, aste honetan itsasontzira iritsi diren 39 asilo-eskatzaileak lehorreratzen ari dira ebaluazio gehiago egiten diren bitartean. Ontziko inork ez du legionela izateko sintomarik izan, eta asilo-eskatzaileak aholkularitza eta laguntza egokia jasotzen ari dira», zehaztu du bozeramaileak.

500 lagunentzako lekua duen Bibby Stockholm ontzia astelehenean hasi zen lehen migratzaileak hartzen. Laboristen oposizioak eta GKEek gogor kritikatu dute neurria, ankerra eta giza eskubideen aurkakoa dela gaitzetsiz.