INFO

Harrotasunez ospatu dute New Yorkeko Bronx auzoan hiphop kulturaren 50. urteurrena

Hiphop kulturaren 50. urteurreneko ospakizunek milaka lagun bildu dituzte New Yorkeko Bronx auzoan. Kale jaialdi erraldoi batean, bisitariek eta bertakoek auzoa izaera berriz hornitu zuen kultura berri baten erroetara bidaiatzeko aukera izan dute.

Chuck-D eta Flavor Flav, Bronxeko kale jaialdian. (David DEE DELGADO | AFP)

New Yorkeko Bronx auzoa, hainbat hamarkadatan zehar arriskutsutzat hartua izan dena, bertako bizilagunekin batera hiphop kulturaren 50. urteurrena ospatu nahi duten milaka lagunen bilgune izaten ari da egunotan.

‘Block party’ honen epizentroa Sedgwick etorbideko 1520. zenbakia da. Etxebizitza sozialeko eraikin bat dago helbide honetan, lehen kolpean hiriko beste eraikin batzuetatik ezberdintzen ez dena, bere ondare historikoari erreparatzen ez bazaio behintzat: han barruan sortu zen hiphopa, 1973ko abuztuaren 11n.

Egun hartan Clive Campbell Jamaikako migrante gazteak, DJ Kool Herc izenaz ere ezaguna eta egun ‘hiphoparen aitatzat’ hartzen denak, «eskolara itzultzeko festa» bat egin zuen bere arreba Cindyrekin batera eta teknika berri bat probatu zuen bi platerekin, kanten zati erritmikoa luzatuz eta gerora ‘breaks’ deituko zena sortuz.

Pertsona batek hiphopa sortu zen eraikineko irudia erakusten du. (David DEE DELGADO | AFP)

DJ Kool Herc-ek eta haren lagunek, New Yorken aldarrikatzen dutenez, hiphoparen kultura sortu zuten. Baina DJa ez da kultura honetako protagonista bakarra, ‘B-boy’ edo ‘Break-boy’ dantzariak, mikrofonoetan dauden MC edo zeremonia-maisuak eta graffitiak pintatzen dituzten artistak ere bai baitira protagonista, orotara kultura honen lau zutabeak osatuz.

Aitzindariak eta ‘hasiberriak’

Horiei guztiei eskaini zaie larunbat honetan Bronx-ek hartu duen festa, hiriko alkatetzak antolatu duena. Bisitariek auzoko biztanleekin biltzeko aukera izan dute, KRS-One eta Grandmaster Caz bezalako aitzindariak buru izan dituen kontzertu batean. Talentu berriek ere izan zuten oholtzara igotzeko aukera, aita lagun duela agertokira igo den 8 urteko mutikoa kasu.

«Hau guztia nire anai-arreben ingurukoa da. A ze ibilbidea. Oso gutxik esan dezakete lehen egunetik hemen egon direla. Festa hau hiphoparen kultura osoari buruzkoa da eta 50. urteurren hau DJ Kool Herc bezala hemen egon ziren guztientzat da, berak egin baitzuen bloke hau famatu», esan zuen Grandmasterrek.

Breakdance erakustaldia Bronx auzoan. (David DEE DELGADO | AFP)

Jende andana ibili da blokeak koroatzen duen eraikinaren aurrean geldiunea egin eta generoko artistekin argazkiak egin eta hitz egiteko beta hartzen. Horien artean bi legenda ere bai, ‘Dancing Doug’ izenez ezaguna den Douglas J. Colon eta Trixie, lehen B-boy-etako bi izan zirenak.

Biek gogoratu dute hip hoparen hasiera: «Ondo pasatzeko egiten genuen guztia, ez genuen dirurik egin nahi, telebistan, publizitatean edo bideoetan egon nahi genuen», esan du lehenak, eta bigarrenak nabarmendu du hiphoparekin zebiltzan artean «lanpetuta» zeudela, «arazoetatik urrun eta guretzat izango zen zerbait sortuz».

1970eko hamarkadako dantza-borrokei aurre egiteak adiskidetasun iraunkor bat sortzera eraman zituen, eta, orain, beren zatia aldarrikatu dute «rap hutsa ez den» kultura batean. Hori dela eta, B-boy-en famaren ‘hall’-a sortu dute.

«Musika honekin hitz egin daiteke»

Beste ardatz bat, graffitia, izan da ospakizuneko beste parte hartzaile batean eragin gehien izan duena: Brooklyngo LeRone Wilson eskultorea. Hiphoparen jaiotzaren ostean «mundu guztia kanpora ateratzen eta sortzailea izaten» saiatzen ari zela ekarri du gogora.

A Boogie Wit da Hoodie rap abeslaria, ospakizunetako kontzertu erraldoiean. (David DEE DELGADO | AFP)

«Bronxetik zetorren musika berri hau... guau! Kalean taldean dantzatu eta gozatzeko aukera genuen (...) Hau esaten genuen: arraio, eskua sutan jar dezakegu honengatik, musika mota honekin hitz egin dezakegu!», nabarmendu du.

Ospakizunak festan parte hartzera bultzatu ditu herritar asko, hala nola Mr. MC Mellow D, purpura koloreko kamiseta eta galtzak soinean eta bere esaldietarako oinarri erritmikoa markatzen dion bozgorailu ‘grafitatua’ eskutan: «Hip hop-ak 50 urte ditu eta nik 49, 1974az geroztik... hip hopa nire bizitza osoa da», esaten du, rapeatzen.

Beste batzuek ohiz kanpoko jendetza baliatu dute euren ibilbideari bultzada berria emateko, hala nola Punchline Q rapzalea, txartelak banatu eta eskaintza luzatuz: «Gustuko izango duzu nire rapa Nas gustatzen bazaizu, baina ez da Tupak Shakur edo Mendebaldeko Kostako rapa. Eman aukera bat, nire abilezia lirikoa ikusiko duzu, izugarri gustatuko zaizu».

‘Project’-etatik izar bilakatzeraino

Bertaratutako askok harro erakusten dituzte Yankee Stadiumeko kontzertu erraldoiean egon direla ziurtatzen duen kamiseta. Run DMC, Snoop Dogg eta Fat Joe bezalako rapzale mitikoak, Eve eta Lil Kim bezalako ‘hip hopeko erreginak’ edo DJ bera bildu dute kontzertuak.

Baina ospakizunak izar izaterainoko bidaia izan du ardatz: orain mende erdi Bronx eremu apala zen, gatazkatsua, eta «gaixotasunak, gorrotoak, ezjakintasunak eta pobreziak» markatutako garai batean gazte talde batek, ohartu gabe, auzoarentzako etorkizun berri bat eraiki zuen, eraikinaren oinetan jarritako kartel batek dioen bezala.

«Etsipen-egoera horretan hondoratu beharrean, gu geu bilakatu ginen bila genbiltzan irtenbidea (...). Ez ziguten erantzunik eman, erantzun bihurtu ginen», gaineratzen du testuak.