INFO

Orreagako gatazka irabazi zuten baskoien monumentua inauguratu dute Luzaiden

Igande honetan inauguratu dute, Luzaiden, 778. urtean Carlomagnoren tropak garaitu zituzten baskoiei eskainitako oroitarria. Patxi Aldunateren obra da, Mikel Iriarte aezkoarrak bultzatua eta herriko etxeak eta Orreaga Fundazioak lagundua. Historiari buelta ematen dio, baskoien lorpena goratuz.

1.200 urte geroago, Orreagako gudua irabazi zuten baskoiak omentzeko eskultura inauguratu dute Luzaiden, azkenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ohore handiz jaso du Luzaideko herriak Orreagako bataila irabazi zuten baskoien omenezko monumentua. Hala dio oroitarriak: «Euskal Herriari, hemen Askatasunaren alde borrokatu zena eta Carlomagno garaitu zuena». Igande honetan inauguratu dute, musikaz, dantzaz eta kantuz alaitutako ekitaldian. Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko ordezkariak bildu dira; Floren Aoiz (EH Bildu), Jabi Arakama, Ana Ollo eta Unai Hualde (Geroa Bai). Inguruko udaletako alkate eta zinegotziak ere izan dira; Auritz, Erro eta Aezkoakoak.

Ekintzaz betetako egitarau zabalago baten barnean inauguratu dute eskultura, Orreaga Fundazioaren 25 urteko ibilbidea burutuz, Koldo Amatria bertako arduradunak erran duenez. Azkenean lortu dute eskultura jartzea eta «pozik» daude. «Ongi atera zaigu. Luzea eta gogorra izan da diru bilketa, baina lortu dugu eta hor dago... espero dugu betirako», adierazi du.

 

 

500 lagun inguru elkartu dira eta gustura egon dira, eguraldia lagun. Ekitaldi xumea baina polita izan dela kontatu du Amatriak. «Orreagako abesbatzak kantatu du eta oso gustura entzun dugu. Luzaideko bolantak herrian barna ibili dira, eta gero Santiago plazan. Arizkungo dantzariek ere oso dantza politak egin dituzte, ezpatadantza eta banderaren agurra, oso hunkigarria. Aurreskua ere dantzatu dute».

Orreagak Nafarroako herriari emana

Orreaga Fundazioak Nicolas Camino Luzaideko alkateari oroigarri bat eman dio, idatzi bat. Testu horretan agertzen denez, Fundazioak bere eskultura ematen dio Nafarroako herriari eta Luzaideko herriari dagokio hura zaintzea. Alkateak ere oroigarri bat eman dio Orreagari.

Xabier Irujo historialariak azalpen txiki bat eman du, 778. urteko batailaren inguruan, zergatik eta zertarako izan zen oroituz.

Zor historiko bat kitatuz

Patxi Aldunate monumentua egin duen artistak azaldu duenez, «gure herriaren erraietan arakatzen du» obrak. 1.200 urte baino gehiagoren ondotik, Orreaga Fundazioak crowdfunding kanpaina batean eskuratutako 40.000 euroei esker, azkenean 778ko abuztuaren 15ean garaiko armada indartsuena, Carlomagnorena, garaitu zuten baskoiek oroitarri bat dute.

Aldunatek aitortu zuen estresatuta eta gaindituta sentitzen zela pixka bat «gure historiaren eta gure izatearen barne-barneko zatia den» bataila bat eskultura batean biltzeko arduragatik. Zor historiko bat kitatzeko pauso bat da oroitarria inauguratzea.

Bi Nafarroak

Bi Nafarroek izan dute lekua ekitaldian, baita Behe Nafarroak ere, Orreaga Fundazioko arduradunak zehaztu duenez. Eguerdian hasi da ospakizuna, eta aipatutako Luzaideko bolantez, Arizkungo dantzariez eta Orreagako abesbatzaz gain, joaldunak, Baigorriko gaiteroak, eta Mikel Alzuart eta Bittor Elizagoien bertsolariak izan dira partaide.

Elkarrekin kantatu dute, eta Bordel Luzaideko bertsolaria omendu dute.

 

 

Ez dute mezu politikoetan luzatu nahi izan. Aperitiboa hartu, eta herri bazkarian gozatzera joan dira.

Arratsaldean, Beltxaren taldearen ‘Errozabal 778’ disko berriaren aurkezpena dute, Luzaideko elizan. Xabier Irujo historialariaren hitzak eta musika jasotzen ditu.

Guduaren egunean, Orreagan eta Ibañetan

Batailaren egunean, abuztuaren 15ean, asteartearekin, 778. urteko lorpen hura oroituko dute, Orreagan 12.00etan eta Ibañetan 13.30ean.

Baskoien omenezko oroitarria Luzaide erdian jarri dute, Ipar Euskal Herria atzean ageri dela. Denak ados daude hori dela tokirik aproposena, gatazka herri inguruko haitzarteetan gertatu zela uste baita. Nicolas Camino herriko alkateak eta Salvador Bidegain Kultura zinegotziak azaldu dutenez, bisitarien ikusmina pizten ari da guduari buruzko museoari batzen zaion monumentua.