INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Donostiako Piratek Kontxako badia abordatu dute hogeigarrenez

Autogestioa eta jai herrikoiak aldarrikatu dituzte, beste behin, Donostiako Piratak. Astelehen honetan, marea goran eta itsaso barearekin abiatu dira Kontxa hondartzara 1.200 pirata inguru, 200 baltsatan, egungo hiri eredua eraldatzeko helburuarekin. Petodun gazte ugari ibili da lanean. Bada segida.

Jai herrikoiak aldarrikatu dituzte piratek aurtengo abordatzean. (Idoia ZABALETA)

17.00etan iritsi da Donostian gehien esperotako unea: hiria abordatzeari ekin diote 200 txalupa inguruk, Kontxako badian barrena. Mota guztietako baltsak eta ontziak erabili dituzte abordatzea gauzatzeko, eta irudi koloretsua utzi dute badian, bertaratu diren ikusleen gozamenerako. Zaporeak elkartekoek hitz egin dute hasieran, txupinazoan bezala. Eskerrak eman dizkiete piratei eurekin oroitzeagatik.

Hain zuzen ere, 2023an 20 urte bete dira Donostiako Piratek belak zabaldu eta Gipuzkoako hiriburua lehen aldiz abordatu zutenetik. Bi hamarkadaren ondoren, milaka lagunek hartzen dute parte, kaitik irten eta etxeko ontziekin Kontxako hondartzaren ertzera iristeko. Aurten, orotara, 1.200 piratak abordatu dute hiria.

Horietako batzuk ez ziren jaioak ere 2003an, ‘Dena da posible’ lelo ederra hirian zabaltzen hasi zenean kalaberadun zapi beltzarekin batera. Groseko Naroa, Joane eta Lidek 19na urte dituzte eta «emozioz eta gogoz» bizitzen ari dira jaiak. Bigarrenez animatu dira abordatzera. Iaz puzgarriekin egin zuten proba eta aurten baltsa bat osatu dute, «nahiko inprobisatua». Heldu den urtean hobeki antolatuko direla agindu diote euren buruari.

Goizeko muntaketaren ondoren, berrehun pirata gaztek paella goxoekin indarrak hartu eta abordatzerako prestatu dira. Karabela portugaldarra ez da agertu, beraz, parte-hartzaile guztiek gozatu ahal izan dute itsasoaz giro osasuntsuan.

80 bat petodun lanean egun osoan

Elene mikro eta kaskoak jantzita harrapatu dugu kaiko arrapalan. Bera bezala, gazteak dira peto horiarekin lanean ari diren piratak. Bada erreleboa, beraz. Ez daki erraten zenbat boluntario izanen diren, egun osoa kontuan hartuta 80 bat bai. «Belaunaldi berriak sartu gara eta pozgarria da hori. Ondo bizitzen da jaia alde honetatik ere. Koordinazio handia dugu: lan taldeak osatu ditugu, guneka eta funtzioka. Oso giro polita dugu. Irratia ere badugu egun osoan animatzen».

17.00ak jo baino minutu gutxi lehenago, urduri eta adrenalinaz beteta elkarrizketatu dugu askotariko lagunez osatutako pirata talde bat. Belgikarra bat, sevillarra bertzea, boliviarra ondokoa, madrildarra... Zer moduz doazen galdetuta, «kaos bat» izaten ari dela aitortu dute. «Materiala emango zigutela pentsatzen genuen eta ezer gabe etorri gara. Baina lortu dugu: badugu txalupa! Inprobisatutako arraunak ditugu», diote palekin osatutako arraunak erakutsiz.

Solastatu bitartean ez diote begirik kentzen ontziari, lapurtuko ote dieten beldurrez. «Egia esan, denetan kutreena da eta ez dute eramango», bota du batek. «Garaile aterako gara», erran du bertzeak.

Kofradiak, gero eta indartsuago

Donostiako Piratek musika egitarau erakargarri prestatu dute Aste Nagusirako. Portuko Flamenka gunean ospatuko dira emanaldi nagusiak eta Trinitate plazan ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izango da musikalki egitarau anitz eta koloretsuan.

Zalantzarik gabe, abordatzea da jai piraten ekitaldi izarra edo esentzia, baina, Elenek azaldu duenez, kofradiak ere pisu handia hartzen ari dira azken urteetan: gauetako kontzertuak, kuadrillen jolasak, sardineren egun feminista...

Itsasoan bezala, zikloak dira eta badirudi marea goran doazela piratak.