INFO

Euskarazko zinema sustatzeko bermeak badu zenbakia: milioi bat euro

Tinko Films-ek eta UEMAk elkarlanean osatu duten proiektua da Zinuema. Helburua izan da zinema eskaintza euskaraz egitea. Lau udalerri euskaldunetan proba pilotua egin ondoren balorazio positiboa egin duten arren, inbertsio gehiago behar dela ondorioztatu dute.

Zinema aretoetara Zinema eramatea du helburu Zinuemak. (Getty images)

Herritarren hizkuntza ohiturak beti izan dira kezka iturri UEMArentzat, baina hizkuntza ohiturak ia beti gure eguneroko bestelako joerekin gurutzatzen dira. Eta horregatik jarri ziren pantaila handira begira UEMA eta Tinko Filmak, gure egunerokoan pantailek gero eta presentzia handiagoa duten honetan, euskarak gero eta txikiagoa duelako. Zinema aretoetan dagoen euskarazko eskaintza urriari erantzuteko asmoarekin sortu zen Zinuema, lau udalerritan euskarazko ikus-entzunezkoen egitarau egonkorra eskaini duen egitasmoa. Urtebeteren ondoren balantze gazi-gozoa egin dute; oso positibotzat dute proiektua, baina ez da aski, «iraunkorragoa eta sendoagoa» den zerbait galdegiten dute udalerri euskaldunek. Baina horrek badu bere prezioa: milioi bat euro.

2022ko azarotik 2023ko martxora egin zuten Zinuema izeneko programa pilotua UEMAren parte diren lau udalerrik: Ataunek, Azpeitiak, Etxarri Aranatzek eta Igorrek. Lau herri, 12 film eta 2.123 ikusle izan ditu guztira proiektu pilotuak. Ataungo alkate Martin Aramendik kontatu du proposamenari baiezkoa emateko ez zutela zalantzarik izan: «Etxeko pantailetan daukagun eskaintzaren %95 erdaretan da, eta guk herriko zineman ez genuen eskaintza erdaraz egin nahi». Haien kabuz abiatu ziren, baina UEMAri beren kezka adierazirik, udalerri gehiagoren kezka ere bazenez, zerbait egituratuagoa egin behar zela iruditu zitzaien. Hala, ikasturte honetan abiatu dute Zinuema.

Hizkuntza erabilera

UEMAko udalerrietan, oro har, kultur programazioa euskaraz eskaintzen dela azaldu du Miren Sarasola udalerri euskaldunen mankomunitateko koordinatzaileak, baina zinemaren kasuan badagoela «ñabardura txiki eta garrantzitsu bat»: zailtasun handiak dituzte astero euskarazko eskaintza bat egiteko, eta erdaretako estreinaldiekin bete behar izaten dute. «Eskaintzen denari erantzuten dio jendeak. Beharra badago, baina euskarazko eskaintza da falta dena», Sarasolaren ustez.

Euskararen erabileran eragiteko ezinbestekoa iruditzen zaio UEMAri aisialdian ere eragitea, eta eskaintza ahalik txukunena eta zabalena egitea izan da helburua: «UEMAren helburu nagusietako bat da udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea, eta Zinuema ekimena helburu horretarantz beste urrats bat egiteko sortu da».

Aramendiren ustez, pantailek eragin handia dute hizkuntza ohituretan. Eta «pantailen munduari» heltzeko unea da, berandu baino lehen: «Telebista ikusteko ohitura gero eta gutxiago dago, baina badirudi zine programazio erakargarri batek jendea biltzen duela eta, batez ere, gaztetxoen hizkuntza ohiturak finkatzeko orduan eragina duela. Pantailen gerra hori irabaztea ezinezkoa izango da, baina behintzat hor egon behar dugu». Sarasolaren aburuz, hezkuntzak euskararen jakintza bermatu du, baina «erabileran eragiteko palanka beste nonbait» dagoela uste du, eta hori ikus-entzunezkoetan egon daitekeen susmoa du. Haurrentzako filmek izan dut ikusle gehien; helduentzako fikziozko filmen hutsunea sumatu dela adierazi dute egindako balorazioan, eta aurrera begira erronka horri heltzeko asmoa erakutsi dute.

Ikus-entzunezko formatuei erreparatuz gero, dokumentalak izan dira gutxien ikusitakoak, eta arrakastarik ez izana nabarmendu dute. Datuei begiratuta, ikusle gutxien izan dituzten emanaldiak izan dira horiek; Igorren izan zuen ikusle daturik onena, eta eserlekuen %8 bete zen.

Haurren filmekin batera, arrakasta izan duen beste alorra estreinaldiena izan da. «Oso ongi funtzionatu» dutela adierazi dute antolatzaileek. EiTBren aurrestreinaldiek ere egundoko erantzuna izan zuten, eta elkarteak eginiko balorazioan «giltzarria izan da EiTBren laguntza, ekimena arrakastatsua izan dadin». Gehien saldu ziren sarreren artean ‘Go!azen’ (585 sarrera) eta ‘Irabazi arte’ (363 sarrera) egotea da horren adibidea.

Datuez harago, UEMAk egindako balorazioetan ere euskarazko estreinaldien beharra nabarmentzen da: «Dokumentalek eta azpitituluek ez dute asko funtzionatzen, jendeak estreinaldiak nahi ditu». Balorazio positiboa egiten dute dena den, lehendabiziko urratserako baliagarria delakoan. «Egon den tokietan herritarrek erantzun dute, baina badakigu aldi baterako partxe edo konponbide bat dela; 3-4 hilabete besterik ez ziren, eta lau udalerrirentzat bakarrik».

Urrats bat egin, hiru egiteke

«Zinema aretoetan astero euskarazko film bat egoteko zer behar du herri honek?», galdera hori planteatu du Sarasolak, eta gordin bota du erantzuna jarraian: milioi bat euro.

Etorkizunera begira, apustu sendoagoak egiteko beharra adierazten dute proiektuko kide guztiek. Sarasolak azaldu du lau herri horietatik herri gehiagotara zabaltzea dela asmoa, herri askok eskatu dutela programan parte hartzea eta egitasmoa dozena bat udalerritara eramatea dela erronka. «Badakigu egiturazko erabakiak beharko direla euskarazko eskaintza iraunkorra eta kalitatezkoa astero izateko, baina herri bezala erantzun beharko dugu».

Ataunen programa pilotuak oso ongi funtzionatu badu ere, «euskarazko programazio sendo eta iraunkor» bat nahi dute, eta «ez puntuala». Aramendiren ustez, UEMAk izugarrizko lana egin du, baina erakundeen inplikazioa behar da: «Gu baino gorago dauden erakundeen inplikazioa baldin badago, posible da. Hor daude Lakua eta Aldundiak… Zerbait txukuna egiteko aukera badago».

Sarasolak esan du zenbakiak aztertzen eta proposamenak egiten ibili direla, eta Euskal Herri osoan urtean 52 film –astean bat– egoteko milioi bat euro beharko liratekeela. Aurrekontu horretan sartzen dira erabilera eskubideak, bikoizketarako gastuak, Euskal Herrian bertan filmak produzitzeko zakua… Nolanahi dela, UEMAk bakarrik ezingo dio horri aurre egin. «Guretzat izugarria da diru kopuru hori, baina beste erakunde publiko batzuentzat huskeria da», argitu du.

Udazkenean berriz gaia hartuko dutela eta erakunde ezberdinen ateak jotzen hasiko direla azaldu dute. Izan ere, udazkenean EiTBk ‘Primeran’ plataforma martxan jarriko du, eta pentsatzen dute horretarako ere ekoitzi beharko direla ikus-entzunezkoak. Horrenbestez, bide bat egin daiteke, UEMAko koordinatzailearen hitzetan: «Orain da momentua».