INFO

Ia 300.000 maskota abandonatu zituzten 2022an Espainiar Estatuan

288.000 etxeko animalia edo maskota kalean utzi zituzten 2022 urtean Espainiar Estatuan. Affinity Fundazioak burututako ikerketan animalien abandonuen inguruko informazioa bildu du, 478 etxeko animalien abegi-zentroen datuetan oinarriturik.

288.000 etxeko animalia kalean utzi zituzten 2022 urtean Espainiar Estatuan. (Ivan Kyryk | Gettyimages)

Affintiy Fundazioak burututako ikerketa baten arabera 2022an 288.000 etxeko animalia abandonatu zituzten Espainiar Estatuan. Aurreko urtearekin alderatuz, kopurua ez da gehiegi handitu, uste litekeenaren kontra. Ikerketan animaliak kalean uzteko arrazoietan jarri dute arreta, horren aurrean abandonu kopurua jaisteko moduak bilatzeko helburuarekin.

Ikerketaren arabera, etxeko animaliak abandonatzeko arrazoi nagusia «espero ez ziren kumaldiak» dira; hain zuzen ere, %18,6k abandonatzen dituzte arrazoi honengatik. Hori dela eta, aterpeetara iristen diren katu gehienak katakumeak dira.

Horretaz gain %12,3 animalien «jokaera desegokiarengatik» kalean uzten dituzte etxeko animaliak. Beste bi arrazoi ohikoenak «interesa galtzea» (%11,6) eta «ehizaren denboraldiaren amaiera» (%11,4) dira, ikerketaren datuetan oinarriturik.

Ikerketaren arabera, adin eta arraza guztietako animaliak abandonatzen ditzute, urte osoan zehar. Udan katu gehiago jasotzen dira, denboraldi horretan jaio ohi direlako katakumeak, baina txakurren kasuan, oso txakur kopuru berdintsuak jasotzen dituzte zentroetan urte osoan zehar.

Espero ez diren kumaldiak murrizteko, fundazioak eta hainbat adituk animaliak antzutzea konponbide nagusia dela uste dute, modu horretan «animalien ugalketa kontrolatzean», abandonu ugari ekidin ahalko ziren.

Gainera, adituek «identifikazioa eta heziketa» abandonuak ekiditeko konponbide nagusiak direla diote; azken finean, etxeko animalia bat izan aurretik beharrezkoa baita ezagutzea nolakoa den eta bakoitzaren bizimoduarekin «bat egingo» duen. Animaliak heztea ere beharrezkoa da, animalia bat izatearen «betebeharra» baita, jabearen eta animaliaren «elkarbizitza errazten» duena, Affinityren arabera.

Ia erdia, adopzioan hartua

Adopzioa «ezinbestekoa» dela adierazi dute fundaziotik. Abandonatzen diren katuen %47a eta txakurren %50 adoptatzen dituzte, jasotako datuen arabera. Gainerako urteko datuekin alderatuz, 2022ko adopzio kopuruekin alderatuz, ehuneko altuenetariko bat jaso da urte horretan, fundaziotik «oso positiboki» baloratzen dutena. «Adopzioa neurri eraginkorrenetako bat da, epe labur eta ertainean etxeko animaliak abandonatzearen eragin negatiboa murrizteko», adierazi dute.

Hala ere, nabarmendu nahi izan dute, batzuetan ez dela «erraza» familia berriarekin bat egitea eta animalia guztiek ez dituztela adoptatuak izateko «aukera berdinak». Hori dela eta, abegi-zentroen lana «balioan jartzea» nahi izan du Affinityk.