INFO

Mexiko, estatubatuar gazteen bizilekua eguneroko kostuei «aurre egin» ahal izateko

Geroz eta estatubatuar gazte gehiagok Mexikora bizitzera joatea erabakitzen dute, haien jatorrizko herrialdeko bizitzaren «kostu altua» dela eta. Askok mugan dauden hirietan bizi dira, gehien bat Tijuanan, egunero lanera AEBra bueltatu ahal izateko.

Geroz eta estatubatuar gazte gehiagok Mexikora bizitzera joatea erabakitzen dute. ( Jgroup | Gettyimages)

Tijuanako hiria AEBko gazte askoren bizilekua bilakatu da azken urteetan. Mexikoko biztanle askok Estatu Batuetara lekualdatzeko saiakerak egiten dituzten bitartean, gazteek «alderantzizko bidea» egiten dute. Gehienak Kaliforniakoak dira eta egunero muga zeharkatzen dute, oraindik bertan lan egiten dutelako. Tijuanan bizitzea merkeagoa da eta horregatik, hain zuzen ere, gazte askoren helmuga bilakatu da.

Horren adibide argia da Gabriel Zarate, duela lau urte San Diegotik Tijuanara lekualdatu zena, bertako bizitzaren kostu altuaz «ihes egiteko». Hori izan zen Zarateren arrazoi nagusia Tijuanara joateko eta egunero San Diegora bueltatzen da ingeleseko irakasle bezala lan egiteko bertan. Mike Rachfal, lanbide berdinekoa, erabaki berdina hartu zuen, eta orain bere pisuagatik «ia erdia ordaintzen duela» adierazi du.

Kalifornia Behereko Higiezinen Profesionalen Estatu Kontseiluaren arabera bisitari eta bezeroen %80 baino gehiago estatubatuarrak dira. «Hemengo higiezinak Estatu Batuetan kostatuko luketen baino hiru aldiz gutxiagoko prezioa dute», azaldu du Ruth Sastre Kontseiluko lehendakariak.

Biztanle estatubatuar gehiago Tijuanan bizitzearen ondorioak nabaritzen ari dira hirian; alegia, higiezinen prezioak gehiago igo diren Mexiko hirietako bat da. Horrek mexikar askoren erosteko ahalmenean eragin zuzena duela adierazi dute adituek.

1,6 milioi inguru jada, guztira

Estatu Batuetako Enbaxadaren erregistroen arabera 1,6 estatubatuar inguru bizi dira Mexikon. Rosariton, Tijuana ondoan, 70.000 biztanleetatik 10.000 inguru estatubatuarrak dira. Europarrak bezala, estatubatuarrak 6 hilabete bizi ahal dira Mexikon erraztasun handiz, soilik turista txartela izanda.

Mugaren inguruko hiriez gain, Mexiko estatubatuar askoren «interesa piztu» du azken urteetan. Bertara lekualdatu diren estatubatuarrek enpresak hazteko erraztasuna nabarmendu dute, gehien bat, arlo digitaleko enpresak.

Brian McDonald, Oklahomakoa, duela urte bat lekualdatu zen Mexikoko hirira: «Mexiko atari moduko bat da hedatu nahi diren enpresentzat», adierazi du. McDonaldek software-ak garatzen lan egiten du eta lan aukeraz gain, hiriaren «kultura adiskidetsua» nabarmendu du.

Orokorrean erdialdeko auzoetan bizi dira eta askok hiriaren kultura eta garraio publikoa nabarmentzen dute. «Garraio publikoa zoragarria eta oso merkea da. Jendea oso abegitsua da», adierazi du Kitty Hallek, San Frantziskoko enpresa batean era telematikoan lan egiten duen gazte eskoziarrak.