INFO

‘Stop AHT Zundaketak’ bizikleta martxa antolatu dute Sakana, Goierrin eta Lautadan

Euskal Herriko hainbat zonaldetan AHTaren eraikuntzarako egiten ari diren zundaketa geologikoak geldiarazteko bizikleta martxa antolatu dute. Abuztuaren 25tik 27ra izango da, eta Irurtzunen hasi eta amaituko dute parte hartzaileek.

Stop AHT Zundaketak bizikleta martxa antolatu dute abuztuaren 25tik 27ra. (Gotzon Aranburu | Foku)

Goierrin, Arabako Lautadan eta Sakanan AHTerako zundaketa geologikoak geldiarazteko bizikleta martxa antolatu dute. Abuztuaren 25etik 27ra egingo dute, eta Irurtzunen hasi eta amaituko da. Ekimen honen helburu nagusia herritarrak zundaketak «geldiarazteko beharraz» ohartaraztea da.

‘Stop AHT zundaketak’ ekimena hainbat elkartek osatzen dute; Sakana Trenaren alde, Sustrai Erakuntza Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa. Bizikleta martxan AHTaren aurkakoen arteko «harremanak sendotzea» helburu ere badutela adierazi dute.

«Azken hilabeteotan, Sakanan eta Goierrin AHTrako zundaketa geologikoak egiteko baimen-eskaera ugari egin dira», gogora ekarri dute antolatzaileek. Zundaketa horiek AHTaren «Nafarroako korridorea» eta Euskal Y-a lotzeko bi aukerak aztertzea helburu dutela azaldu dute. Lehenengo aukera Aralarko mendigunea zulatzea da eta beste Sakana eta Lautada osoa zeharkatzea izango litzateke, Iruñea eta Gasteiz lotuz.

«Bata zein bestea justifikaziorik gabeko eraso latzak dira, bai naturarentzat bai herrientzat, ohiko trenaren suntsiketaren beste urrats bat eta diru-xahutze onartezina», nabarmendu dute. Jada elkarretaratzeak burutu dituzte eta zundaketen aurrean jarduteko «protokoloa» prestatu dute. Hori esker, lehengo hiru saiakerak geldiaraztea lortu dutela azpimarratu du ekimenak.

Zundaketa saiakera berrien aurrean, ekimenak «mobilizazio sozialera» deitzen ditu hiritarrak, inguruko udalekin arbuiatzeko eta zundaketak «bertan behera» gelditzeko helburuarekin.

Bizikleta martxa hainbat herrietatik igaroko da abuztuaren 25tik 27ra, ostiraletik igandera bitarte beraz. Azaldu dutenez, abuztuak 25an Irurtzunetik abiatuko dira eta Olaztira helduko dira. Bigarren egunean Olaztitik Ataunera ibiliko dira, eta azken egunean Ataunetik hasi eta Irurtzunen amaituko da bizikleta martxa.

Hiritarrei bizikleta martxan parte hartzeko eta haien ekimenera batzeko deia egin diete antolatzaileek. Ekimenean izena emateko telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat abiarazi dute.