Gaztetasuna zainetan dute Eskifaia kofradian
Eskifaia Donostiako gazteek osatzen duten kofradia da. 2012an sortu ziren lehen kofradien artean dago txaleko granatedunena, eta gazteentzako eskaintza bat egitea izan da beti beren helburua.
Ontzi baten baten gobernuaz eta zerbitzuaz arduratzen diren pertsonek osatzen duten taldea da Eskifaia Euskaltzaindiaren arabera. Zerbitzuaz edota gobernuaz ez dakit zenbat jakingo duten, baina Donostia txaleko granatez eta trizikloa bidelagun hartuta Donostia girotzeaz asko dakite hamarnaka gaztek. Eskifaia gazte kofradiakoak dira, Piraten mugimenduan lekua egin nahi zuten zenbait gazte aktiboa elkartu ziren 2012an, eta Pirata Bihurriekin batera sortutako lehen kofradia izan zen.
Hamaika urteko ibilbidearen ostean, jai herrikoi eraldatzaileak bultzatzen jarraitzen dute. Beraien hitzetan, «gazte alai eta errebeldeak» dira, baina gaztetasunarekin eta errebeldiarekin batera badaramate beste ageriko nortasun bat ere: festazale amorratuak dira. Donostiako auzo eta adin ezberdinetako gazteek osatzen dute Kaia abordatzen duten gazteen eskifaia, eta festak umorez eta aldarrikapenez betetzeko aukera baliatu ohi dute.
Aurtengo Aste Nagusiko ekitaldi bereziena Gazte Eguna izango da, gaur bertan ospatuko dute, bazkaria izango da Flamenkan eta jarraian DJ ibiltaria. Kuadrilen jolasak izaten dira beraien ekintza izarretako beste bat, Donostiako gazteen elkargune eta harremanetarako zubi izatea bilatzen baitute egun horrekin. Ontziola astintzen jarraituko dute, gazte eta errebelde.