Neandertalen printza, San Adriango geruzen sakonean
San Adrian kobazuloaren lurretan zundatuta, neandertalek landutako suharrizko printzak eta giza espezie honek zanpatutako animalien hezurrak aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo talde batek. Geruzaz geruza miatu dute eremua, gutxienez 40.000 urte atzera egin arte.
Euskal Herrian denboraren pasadizorik bada, dudarik gabe, Aizkorri eta Aratz mendien arteko San Adrian kobazuloa da horietako bat. Azkenengo bidaia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek gidatu dute eta gutxienez 40.000 urte atzera egin dute, Erdi Paleolito hotzera. Eta ikusi dute leize horretan neandertalak egon zirela.
Lur azpiko geruzek denboren ordena errespetatzen dute; zenbat eta sakonago, orduan eta zaharrago. Eta geruzaka kontatu du San Adriango indusketa koordinatu duen –Manu Ceberio eta Alfredo Morazarekin batera– Jesus Tapia Aranzadiko kideak ere –momentuz– neandertalek landutako piezetan amaitzen den istorioa. Arkeologo baten pazientziaz, eskuila batekin garbitutako eta bahetutako piezak erakusten dituen detailez.
Azala, artean zulatu gabeko zorua, 2008koa da. Mendi gaineko eremuaren garrantzia historikoa, batetik, begi bistakoa da, leizea eta ermita baitaude bertan; bestetik, dokumentala: testu zaharretan jasota dago San Adrian gotortuta egon zela, galtzada igaro zela handik, bazela ostatua, mikeleteen etxea han izan zela XX. mende hasierara arte. Eta, hala ere, 2008 arte ez zen esku hartze arkeologiko sistematikorik egin bertan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo orokorrek eta Zegamako Udalak lagundu dute Aranzadiren proiektua.
Dena zegoen deskubritzeko, beraz, edo ezer ez. «Lanak hastean, ez zen gauza handirik espero, eraikuntza asko izan dituen alderdi bat delako eta kobazuloan metatutakoak erabat suntsituta egon zitezkeelako», dio Jesus Tapiak. Morazak eta Ceberiok abiatu zuten indusketara 2011n batu zen Tapia, eta ordurako topatu zituzten Aro Modernoko eta Erdi Aroko aztarnak, garaiko eraikuntzekin lotutakoak, orobat. Eta hurrengo geruzara jo zuten.
Aranzadik koordinatutako arkeologia taldeak Moustier garaiko harrizko hamasei pieza inguru aurkitu ditu San Adriango indusketan. Tartean, suharrizko printzak edo haien zatiak. Neandertalek zanpatutako animalia hezurrak ere topatu dituzte
Brontze Arotik nomaden garaira
Ermitaren ondoko hondakinak garbitu eta, azpian, Brontze Aroko aztarnekin topo egin zuten arkeologoek, duela 3.600 urte ingurukoak. Eta ikusi zuten garai hartan Aizkorriko leizea ez zela soilik pasabide bezala erabili, bizitokia ere izan zela. Bakanetakoa, Gipuzkoan. «Ezagutzen dira aztarnak Gipuzkoako kobetan, baina horrelako egiturekin ez. Lurrean egindako zuloak, sutondo modukoak... aurkitu genituen eta, horiekin batera, beste aztarna pila bat: zeramika zatiak, faunaren hezurrak, jateko ziren haziak eta harrizko tresna batzuk ere bai», oroitu du Jesus Tapiak.
Harrizko piezen bilduma horretan aurkitu zuen taldeak hurrengo geruzara egiteko pista. Pieza batzuk ez ziruditen Brontze Arokoak, zaharragoak baizik. «Kontuan hartuta Brontze Aroko giza okupazioetan zuloak egin zituztela, logikoa zen pentsatzea harrizko pieza horiek azpian zeuden geruzetatik ateratakoak izan zitezkeela. Orduan, zundaketa bat egin genuen», esplikatu du Aranzadikoak.
Goi Paleolitoaren amaierara eraman zuen arkeologo taldea hurrengo geruzak, Madelein eta Azil aldietara, 13.000-14.000 urte atzera, hots, azken glaziazioko bukaerara. Brontze Aroko gizaki sedentarioak kobazuloan bizitokia hartu zuten garaitik –«ez zuten urte osoa leizean pasatuko, baina bailaran edo inguruan sedentarioak ziren, nekazari eta abeltzainak, metalgintza ere ezagutzen zuten», azaldu du Tapiak– ehiztari ibilkarien aldira.
«Garrantzia handia» izan zuen aurkikuntza horrek, indusketaren koordinatzailearen hitzetan: «Erakusten zuen gizatalde horiek ordurako adimena garatuta zeukatela. Itxuraz, mendira igotzen ziren izotzaldiko une epelagoetan, eta kobazuloa okupatu zuten, mendilerroan barrena ondoko lurraldeetara igarotzeko, baita mendi gaineko baliabideak ustiatzeko ere: animaliak ehizatzeko, Arabako eta Urbasako suharria ekartzeko...».
Harresiak ekarri zuen pista
Denbora berean Aranzadiko taldea egiten ari zen beste zundaketa batekin bestelako erantzunen bila zebiltzan arkeologoak. Kobazulo-tunela Zegamako aldetik ixten zuen harresia estalita zegoen, lurraren azpian, eta garbitu egin zuten. Orduan ikusi zuten pentsatzen zutena baino altuagoa zela murrua, zazpi metrokoa. Kobazuloan metatutako sedimentuak ere uste baino sakonagoa izan zitezkeela pentsatzera eraman zituen horrek. Eta topo egin zuten printza pare batekin. «Ikusten zen ez zirela gizaki modernoak, Goi Paleolitoan erabiltzen zuen tekniken arabera landutakoak. Neandertalen usaina zuen. Berotu egin ginen; zerbait zaharragoa izango ote zen? Izotz Aroaren amaieran giza okupazioak egon baziren, zergatik ez ziren egongo okupazio zaharragoak? Izotz Aroko beste momentu epelago batekoak».
Galdera horiek eraman zuten Tapiak, Ceberiok eta Morazak zuzendutako taldea neandertalen zantzuen bila. Egin zuten hurrengo geruza, Madelein aldiari zegokionetik bi metro azpira. Ez zuten aztarnarik aurkitu bertan, baina itxaropena galdu ere ez. Ikusi zuten han aurkitu zituzten sedimentuak eta jalkinak ez zirela homogeneoak, aldi klimatikoen araberako aldaerak zituztela. «Eta pentsatu genuen –esan du Tapiak–: momentu epelago batekin topo egiten badugu, agian gai izango gara zerbait aurkitzeko».
Eta aurkitu zuten, Madelein aldiko geruzan behera zundatuta. Urbasako eta Arabako barietateko suharrizko printza bat agertu zen lehenengo eta, gero, suharrizko beste dozena bat pieza inguru –printza zatiak, karrakailu bat edo «nukleoak», artean printza bilakatu gabeko suharri zatiak– eta faunaren hezurrak. Neandertalek landutakoak ote? Zalantzarik ez dute, gizaki modernoak harria lantzeko erabiltzen zuen teknikarik ez baitzen antzematen piezatan, bai, ordea, neandertalenak. Moustier aldiko piezak dira, gutxienez 40.000 urtez San Adriango kobazuloaren sakonean iraun dutenak. Neandertalen hezurrik ez dutela aurkitu argi utzi nahi izan du Tapiak.
«Neandertalek ezagutza sakona zuten, estrategia bat, bide ahalik laburrena egiteko. Portaera garatua da hori; beraz, ez ziren ergelak. Gero eta maizago frogatzen da neandertalek ere adimen gaitasun handiak zituztela», nabarmendu du Jesus Tapiak
Bestalde, Aranzadik aurkitu dituen faunaren hezurrek ere pista interesgarriak eman ditu. «Bereizi egin behar da harrapakinek eramandako hezurrak diren edo gizakiak –gure espeziekoak edo besteetakoak– eramandakoak. Ikusi ditugun hezur gehienak erdibituta daude, kolpez irekita, barruko muina jateko. Kolpeak non jo ziren ikusten da, harrizko mailu batekin edo harri batekin», azaldu du Tapiak.
Eta zerk eraman zituen Neandertalak, Izotz Aroan, mila metroko altueran den kobazulo batera? Gora egin bazuten, goian zer zen bazekitelako izan zen, bazekitelako 60 metro luze den leizeak mendi gaineko ate gisa funtzionatzen duela, gaurko Arabara edo Nafarroara egiteko. Hori da, hain zuzen, Aranzadiren aurkikuntzaren alde garrantzizkoenetako bat, Tapiarentzat: demostratzea Neandertalek «ezagutza sakona zutela, estrategia bat, bide ahalik laburrena egiteko». «Portaera garatua da hori; beraz, ez ziren ergelak. Gero eta maizago frogatzen da neandertalek ere adimen gaitasun handiak zituztela», berretsi du Aranzadiko kideak.
San Adriango pasadizoak aurkikuntza gehiago eman ditzake oraindik. Aurrena, kanpaina honetan aurkitutakoak garbitu eta aztertuko dituzte adituek. Gero, Moustier garaiko maila tentuz arakatzeari ekingo diote. Duela 40.000 urte inguru galdu zen espezieak Aranzadiko arkeologo taldea bila izango du datorren kanpainan ere.