INFO

Bero sapa handia: Gueñesen 45,6 gradu eta gauean Jaizkibelen ez da 29,7tik jeitsi

Bero saparen eraginez, 45 gradutara iritsi dira asteazken honetan Bizkaiko Gueñes herrian. Eta ez dira atzean gelditu Laudio (44,5 gradu), Bilbo (41,4) edota Iruñea (40,4 gradu) ere. Gauean Gipuzkoan gertatutakoa nabarmendu da, eta bereziki Hondarribia inguruan

Beroa gogor jotzen dabil Euskal Herrian. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

«Muturreko temperatura altuengatik» alerta laranjatik gorrira igaro da asteazken honetan Euskalmeten aurreikuspena, eta 40 graduak gainditu dituzte Euskal Herriko termometro askok. Euskalmetek Sodupe-Kadagua estazio meteorologikoan jaso du tenperaturarik altuena: 45,6 gradu, Bizkaiko Gueñes herrian. Bizkaiko hiriburuan 41,4 gradu gainditu dituzte termometroek Euskalmeten arabera; Laudion, 44,5, eta Iruñean 40,4 gradu jaso ditu Aemetek.

40 gradu pasatxo jaso dituzte termometro beroenek, Arrasaten, esate baterako, 42 gradu erregistratu dira Euskalmeteko estazioan. Bizkaian ere izan da tenperatura horietara gerturatu denik, Derion eta Galdakaon hain zuzen ere 43 gradu izan dira arratsaldeko lehen zatian.

15.00etatik 18.00ak bitarte alerta gorria ezarri du Lakuako Gobernuak eta aurreikuspena bete da bero saparekin. Baso suteak izateko arriskuagatik abisu horia ere aktibatu dute. Nafarroa ere alerta gorrian dago Aemeten arabera, Hego Euskal Herria da alerta gorrian dagoen bakarra Espainia osoan Aemeten mapari erreparatuta. Nafarroako Gobernuak ere suteen ohartarazpena egin du, eta barbakoak egitea debekatu du piroteknia erabiltzearekin batera.

Ipar Euskal Herrian ere alerta naranja ezarri dute, Lapurdiko kostaldean 40 gradutara heldu delako asteazken honetan. Frantziako Gobernuak jakinarazi duenez, «bero errekor» guztiak hausten ari dira aste honetan Frantziako erdialdean eta hegoaldean. Plan Canicule izendaturikoa jarri dute martxan euskal herrialdeetan ere, 2003ko beroak eragindako hildakoen ondorioz sorturiko protokoloa. Bertan, adinekoentzako arreta zerbitzua, enpresentzat neurri zorrotzagoak eta herriko etxeen baliabideak herritar zaurgarrienen eskura jartzeko planak jasotzen dira.

Beroari aurre egiteko ura edateko gomendatu dute adituek.
Beroari aurre egiteko ura edateko gomendatu dute adituek.

Météo Francek jakinarazi duenez, bihar ere alerta laranjan jarraituko du Ipar Euskal Herriak, eta Lapurdiko kostaldea izango da bero gehien egingo duen ingurunea. Hego Euskal Herrian ere alerta laranjak jarraituko du bihar, ostegunez. Eta gau beroa izango denaren aurreikuspena egin dute meteorologoek, tenperatura minimoak 25 graduren bueltan ibiliko direla jakinarazi baitute.

Gauean egoera gogorrena eta harrigarriena Gipuzkoako Jaizkibelgo behatokian eman da: izan ere, tenperatura baxuena 29,7 gradukoa izan da, 05.50etan neurtuta. Zegaman ez dira 27.7tik jeitsi gau osoan zehar, eta Zizurkilen 26,7koa izan da «freskoena».

Osakidetzan 35 lagun baino gehiago artatu behar izan dituzte asteazkenean zehar, eta horietatik 16 erietxeratu dituzte.

Egitarauetan moldaketak

Beroak ez ditu festak geldiarazi Laudion edota Bilbon; bai ordea aldarazi. Izan ere, egunean zeharreko tenperatura altuen eraginez, zenbait ekintza bertan behera gelditu dira. Bilbon, goizean goizetik jakinarazi dituzte egitarauko zenbait moldaketa, eta konpartsak eguraldiaren baitan moldatu dituzte beraien planak. Txikigunea itxita egon da alerta gorriak iraun bitartean, beste zenbait ekintzetan ordu aldaketak egon dira, eta bertan behera utzi dituzte arratsaldearen lehen zatiko ekintza batzuk.

Bero boladari aurre egiteko Laudioko udalak osoko bilkuren aretoa zabaldu du goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitarte, herritarrek leku fresko bat izan dezaten. Gainera, jaiak dira Arabako herrian, eta Lamuza pilotalekuan jokatzekoak ziren pilota partidak bertan behera utzi dituzte.

Apar festa egin dute Bilboko Aste Nagusian.
Apar festa egin dute Bilboko Aste Nagusian.