INFO

Fukushimako uren isurketak nazioarteko arauak errespetatzen ditu, OMEren arabera

Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du Japoniako Gobernuaren erabakiaz Fukushimako zentral nuklearretik isurtzen ari den urak erradiazioaren segurtasuneko nazioarteko neurriak betetzen dituela. Hainbat eragilek erabakia kritikatu dute.

Fukushimako uren isurketak nazioarteko arauak errespetatzen ditu, OMEren arabera (STR | AFP)

Osasunaren Munduko Erakundeak jakinarazi du Fukushimako zentral nuklearretik isurtzen ari den ura erradiazioaz babesteko nazioarteko segurtasun neurriak betetzen dituela. Japoniako Gobernuak zentraletik ura itsasora isuriko zuela adierazi zuen momentutik, hainbat eragilek erabakiaren kontra kokatu ziren; horien artean, erakunde ekologistak, hango arrantzaleak eta zenbait herrialdek ere (Txina eta Errusia).

Hala ere, Japoniak baieztatu du zentraletik isuri baino lehen, ura tratatu dela, eta jasotako tratamenduei esker elementu kutsakor gehienak kentzea lortu dutela. Adituek adierazi dute tritioa dela kendu ezin izan duten elementu bakarra. Hala ere, ikerketen arabera, kutsadura maila arriskutsua izateko mugatik «oso urrun» dago.

Gainera, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak (EANA) ontzat eman zuen Japoniako Gobernuak hartutako erabakia. Oraingoan, OMEk ere neurrien barnean kokatzen dela adierazi du, bai eta beste sei nazioarteko erakundek ere.

Japoniako Gobernuak gaiaren inguruan denbora oro izandako «gardentasuna» nabarmendu du, baita zentralaren arduraduna den Tokyo Electric Power enpresak ere. Enpresak ura isurtzen hasi zen momentuan itsasoko uren ikerketaren datuak iragarri zituen.

Ikerketa horien arabera, isurtzen den hoditik 3 eta 10 kilometrotara dagoen erradiazio maila muga legaletatik «oso behetik» kokatzen da. Horretaz gain, EANAk burututako ikerketak ere maiztasunez argitaratuko dituela adierazi du japoniar Gobernuak, beste herrialdeetako laborategien ikerketa independenteekin batera.

Hala ere, talde ekologistak, horien artean Greenpeace, eta Japoniak arrantzaleek isurketa hauen kontrako jarrera agerian utzi dute. Nahiz eta Japoniar Gobernuak uraren segurtasunaren ikerketak argitaratu eta arriskurik ez dagoela berretsi, erakunde hauek uraren tratamenduaren eraginkortasuna «zalantzan» jartzen jarraitzen dute.

Fukushimaren isurketen kontrako manifestaldia. (KAZUHIRO NOGI / AFP)

Pekinen «betoa»

Txinako Gobernuak uren isurtzearen kontrako jarrera «irmoa» izan du Japoniak erabakia hartu zuenetik. Behin Fukushima «husten» hasi zenean, Pekineko Gobernuak iragarri zuen Japoniatik inportatzen zituen produktuak bertan behera utziko zituela «kutsadura erradioaktiboa saihesteko». Hong Kongek ere Fukushimatik datozen inportazioak debekatu ditu.

Japoniak adierazi du Pekinek hartutako neurria «onartezina» dela eta erabakia ezagutu bezain laster Japoniak hau kentzeko eskatu dioTxinako gobernuari, bereziki, G20ren merkataritza buruen bileren aurretik, Jaipurren (Indian) aurreko ostegun eta ostiralean izan dena.

Japoniako kKontsumo ministroak, Taro Konok, adierazi du Pekinen erabaki hau «neurri politiko» bat dela, ez zientifikoa. Japoniak uste du Txinak jarritako «beto» hau «presio eta desprestigio kanpaina» dela, baita bi herrialdeen arteko harremanaren okertzearen ondorioa ere.

Horretaz gain, Japoniako Gobernuak adierazi du Txinak 2021ean bere zentral nuklearretatik isuri zituen uren erradioaktibitate bolumena Fukushimatik urtean isuriko den muga baino «hamar aldiz handiagoa» izan zela, EANAk jasotako datuetan oinarriturik.

Inguruko beste herrialde batzuk neurri «murriztaileak» ez ezarri arren, Japoniak hartutako erabakia «kolokan» jarri dute. Hegoaldeko Korean, Filipinak eta Ozeano Bareko zenbait irla izan dira horietako batzuk.