INFO

Sagardo Eguna, azokak, kirola... ezin konta ahala jarduera Donostiako Euskal Jaietan

Estropaden bi igandeekin batera, Euskal Jaiak ospatuko dira Gipuzkoako hiriburuan; kultura, folklorea eta herri kirolak batzen dituzten tradizio handiko ekitaldiak. Formatu txikiko hamaika jarduera daude egitarauan, tartean Sagardo Eguna larunbatean eta Dantza Sueltoko Txapelketa igandean.

Donostiako Euskal Jaiak aurkeztu dituzte. (DONOSTIA KULTURA)

Donostiako Euskal Jaien egitaraua aurkeztu dute. Iraileko lehen egunetan, estropadekin batera, ezin konta ahala jarduera egingo dira: kontzertuak, dantzaldiak, herri kirolak eta ikuskizunak. Formatu txikiko ekintzak izango dira.

Larunbatean, 36. Sagardo Eguna egingo da, Konstituzio plazan. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 34 sagardogilek ekoitzitako sagardoak dastatzeko aukera izango da, trikitilarien musikarekin girotuta, txorizo pintxoekin, bakailao tortillarekin eta gaztarekin batera.

Hernaniko Alberro Sagardotegiko Joxe Mari Alberro, Aiako Satxota Sagardotegiko Juan Ignacio Artola eta Ana Maria Pascual, eta Urnietako Setien Sagardotegiko Eugenio Urruzola omenduko dituzte.

Dantza Sueltoko Txapelketa

Igandean, Dantza Sueltoko Txapelketa izango da. Konstituzio plazan da hitzordua, 18.00etan. Bikote bakoitzarentzat fandango bat eta arin arin bat interpretatuko dira txistuarekin eta trikitiarekin.

Puntuatuko diren beste bi froga ere pasatu beharko dira: ‘Besoak airean’ (fandangoko bi pauso) eta ‘txapela gainean’ (arin arineko bi pauso), eta derrigorrezkoa izango da usadiozko jantzia erabiltzea. 11 bikotek hartuko dute parte.

Merkatua eta artisau azoka

Larunbat goizean, Biolurrek antolatuta, Nekazaritza Ekologikoaren 20. Merkatua egingo da. 17 ekoizle bilduko dira Bulebarren. Baserrien etorkizuna ziurtatzeko, kontsumitzailearentzat osasungarriak diren elikagaiak ekoizteko, eta animaliak zein ingurumena errespetatzeko lanean dihardu Biolurrek 1993tik, produkzio eredu industrial-intentsiboa aldatzeko gogoz.

Berriagoa da Artisautza Azoka. Asteazken honetatik irailaren 10era bitartean egingo da hirugarren edizioa. Goiz zein arratsalde bisitatzen ahalko da.

Lur Kolektiboa da antolatzailea. 1985ean sortu zuten artisau donostiarrek, hirian artisautzak gune bat izan zezan. Artisautza galtzen utzi nahi ez duten adierazpen kulturaltzat jotzen dute.

Tomateen erakusketa eta lehiaketa

Larunbat honetan, Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa izango dira Bulebarreko kioskoan, 11.00etan. Aretxabaleta, Igeldo, Erandioko planoa eta Pico Luze barietateetako tomate landareak doan banatu ziren joan den maiatzean, Trinitate plazan, Gipuzkoako antzinako barietateak sustatzeko eta jendea landatzera eta gozatzera animatzeko. Banaketa haren fruituak ikustea da asmoa.

Alde Zaharreko Jai Batzordeak, bestalde, bosgarren Marmitako Lehiaketa prestatu du, Josu Esnalen oroimenez. Irailaren 8an izango da, Trinitate Plazan, 18.00etan.

Hurrengo egunean, irailaren 9an, 11. Gastronomia Elkarteen arteko Luis Irizar legatza donostiar erara lehiaketa solidarioa izango da, Trinitate Plazan hau ere, eguerdian. Etiopia Utopia Fundazioak antolatu du.

Kirolaz gozatzeko aukera ugari ere egongo da: bola, toka, esku pilota, igeriketa, lasterketa...

Aurtengo Euskal Jaien kartelaren egilea Julen Cano da. Arte Ederretan eta Publizitate eta Publizitate Grafikoan lizentziaduna, diseinuaren arloan garatu du bere ibilbide profesionala. ‘Zirrar!’ izenburua du bere lanak, eta collage teknikarekin egin du.

Tradizio luzeko ospakizunak

1893an, Antoine D’Abbadiek, Sara, Donibane Lohizune eta Urruñako Euskal Jaien sortzaileak, euskal jai bat antolatu zuen Azpeitian. Gipuzkoako Foru Aldundiak segida eman zion ekimen hari, eta Arrasaten egin zituen lehen aldiz. Baserri giroko lehiaketak antolatzen ziren, eta haien osagarri izaten ziren literatur lehiaketak, dantzaldiak eta herri kirolak.

Donostiako lehen Euskal Astea 1927ko irailaren 8tik 18ra antolatu zen, Jose Antonio Begiristain alkatearen ekimenez.