INFO

Islandiak berriro ere baimendu du baleen ehiza, baldintza «zorrotzagoekin»

Islandiak ostegun honetan berriro baimendu du baleen ehiza, ekainean denbora batez bertan behera utzi ondoren. Hiltzen dituztenean jasaten duten sufrimendua agerian uzten zuen txosten bat argitaratu eta gero erabaki zuen Gobernuak baleen ehizarako behin-behinean etetea.

Baleak ehizatzeko baimena eman du berriz Islandiako Gobernuak. (Halldor KOLBEINS | AFP)

Bi hilabeteko etenaren ondotik, Islandiako Gobernuak baleen ehiza berriz baimendu du eta ostegunetik aurrera arrantzaleek animalia ehizatzera irten ahalko dira. Ekainean denboraldia atzeratzea eta momentuz ehiza bertan behera uztea erabaki zuen, baleen tratamenduaren inguruko txosten bat ezagutzera eman ondoren. Bertan animali hauek ehizatzeko metodoak animalien ongizatearen legea betetzen ez zuela ondorioztatzen zuen.

Ehiza berriro ere baimendu arren, Elikadura, Arrantza eta Ehizako Ministerioak adierazi du animalia harrapatu eta hiltzeko baldintzak «gogortuko» dituztela eta neurri berrien gaineko «jarraipen zorrotza» egingo dutela. Gainera, heziketa bultzatuko duela adierazi du Gobernuak.

Islandiako Gobernua hiru alderdien arteko koalizio bat da, eta horietako bat, Ezker-berdeko mugimenduak, animalia hauen ehizaren kontra azaldu arren, beste biek, Alderdi Progresistak eta Independentziaren Alderdi kontserbadoreak, sostengatzen dute.

Hori dela eta, Svandis Svavarsdottirrek, Ezker Berdea alderdiko ministroak, aitortu du ehizaren alde egon ez arren, industriak balea ehizatzeko baimenak indarrean dituela, eta, beraz, lege erreforma ezarri ezean, ezinezkoa izango litzatekeela praktika hau geldiaraztea.

Ekainean Gobernuak jasotako txostenaren arabera, egun baleak hiltzeko erabiltzen dituzten metodoekin ez da animalien «ongizatea» bermatzen, jada zenbait erakunde ekologistak adierazten zutena. Adituen arabera, bale gehienak denbora asko ematen dute harrapatzen dituztenetik hil arte. Bi ordu ere igaro daitezke.

Norvegia eta Japoniarekin batera, Islandia baleen ehiza komertziala baimentzen duen herrialde gutxietako bat da. 2022ko udan 148 bale hil zituzten.