INFO

Ortzaizeko elizako ateak zabalik agurtu dute Graxi Etxebehere

Graxi Etxebehere agurtu dute Ortzaizeko Elizan ostiral arratsaldean. Lepo beteta zegoen eliza, eta Graxiren etxea bezala, ateak zabalik egin dute ekitaldia. Kantuz, umorez eta herriarekiko konpromisoz agurtu dute euskal militantea.

Graxi Etxebehereren argazkia, zapi gorria lepoan, elizara sartu den unea. (Guillaume FAUVEAU)

Etxeko ateak beti zabalik zituen Graxi Etxebeherek, eta ostiral arratsaldean Ortzaize ere Graxiren etxe bihurtu da. Elizako ateak zabalik eta lagunez gainezka egin diote azken agurra euskal militanteari. Gainezka zegoen herria, baina elizan izan behar zuen halaber, Graxi bera joan baitzen bere heriotza prestatzen ari zela elizako baimena eskatzera, baina elizkizunik gabe, hileta zibila nahi baitzuen, eta hori ere lortu.

Arratsaldeko bostetarako herrian sumatzen zen aspaldiko lagunen elkargunea izango zela ostiral iluntze honetakoa, horrela gustatzen baitzitzaion Graxiri berari ere. Bostak eta laurdenerako elizako eserleku guztiak beteta zeuden, baina aurreikuspenekin jokatu dute herritarrek eta bozgorailuak jarri dituzte kanpora begira, inor ez zedin geratu ortzaiztar enbaxadorea agurtzeko aukerarik gabe. Elizara sartu eta alde batea «Ongi Etorri» kolore gorri, zuri eta berdez idatziriko oihala zegoen –berari soilik bururatu ahal zitzaion bera agurtzera zihoazenei ongi etorria ematea– eta beste aldean lore sorta koloretsuak.

Bertaratutakoei ongietorri mezua. (Guillaume FAUVEAU)


Seietako kanpaiekin batera isildu dira guztiak eta senide zein gertukoak abiatu dira eliza barrualdera: Graxiren argazkia –jada bere ikur bihurtutako sanferminetako zapiarekin– eta ikurrina batek ireki dute bidea, jarraian bere gorpua jasotzen zuen hilkutxa bizkarrean lagun eta kideak. Organoak ETS taldearen «Zurekin batera» jotzen zuen, bera ere bertan zegoela gogoratzeko asmoz edo. Ordubeteko agur ekitaldiak horren bereak ziren osagai guztiak elkartu ditu: lagunak, senideak, musika eta aldarria. Euskal Herriarekiko engaiamendua bere zentzu zabalenean.

Ortzaizek enbaxadore bat galdu duela esan dute herritarrek, saminez eta hunkiturik, eta igande arratsean Graxiren agur mezua jasotzerakoan bere ibilbideaz oroitu ziren, bakoitzak bere harremana izan zuen ortzaiztarrarekin, baina denek oroitzen dute eskuzabal, umoretsu, ahoan bilorik gabe eta kantuan.

Kantuan gaurkoan ere

Askok oroitu dute azken egunetan bere lan militantea, baina Graxi gehiago ere bazen, bazen erizain, eta bazen ahizpa. Bere ahizpak hitz egin du eta kontatu du beti izan dela «bihotz zabal zabaleko ahizpa»; ama gaixotu zitzaienean ikasketak utzi zituen Graxik eta aitari zein etxekoei lagundu: «Beti ez zen hain errex izan gu gobernatzea», aitortu du irri txikia ahoan. Eta ahizpa zaharra «beti sutan» egoten zela gogoratu du, haserrealdiek ere harremanak estutzen dituztela sinetsita. Umorez mintzatu da ahizpa, labur, «isilduko naun hi ez kexatzeko, eskerrak Graxi, hintzana hintzalako» esanez amaitu du.

«Ni bezalakoak asko Euskal Herrian» esaten omen zuen berak ordea, eta asko egongo ziren, baina Graxi bazen, bera zen. Herritarrek ere hartu dute hitza : «Herri hau maitatu dun, eta azken urteetan maitasun horrek berpiztu hau, baina hik Ortzaize baino zabalagorik behar hunan eta hori Euskal Herria zunan», kontatu dute, eta horrek hamaika borroketan lan egitera bultzatu zuela. Bere egunerokoari lan militanteak ematen omen zion «zentzua» eta emakume nekaezina izan dela esan dute.

Graxiren gorpua zeraman hilkutxari txalo egin diote Ortzaizen bildutakoek. (Guillaume FAUVEAU)


Ortzaizeko herritarrentzat bere erizain langintzan ere garrantzitsua izan da: «40 urtez ez hain erizaina bakarrik izan, etxekoa izan haiz. Zahar bat artatuz autonomia erakusten hionan, etxean egoteko gaitasuna eman, eta etxea zutik mantentzekoa. Duintasuna» . Eta langintza hori herrigintzarekin lotzen zuen egunero egunero Graxik: «Herriarekiko maitasunak beste dimentsio bat ematen zionan hire lanari». Heriotzaren inguruan ere hamaika hausnarketa eta proposamen egindakoa dela oroitu zuten, guztiaren aurrean duintasuna bermatu behar zelarik.

Elizara sartzerakoan, kantuz beteriko orrialde bat banatu dute, bertan zeuden letrak idatzita, Graxiren argazki batekin batera. Kantuak eta festak ezin zuen huts egin bere azken agurrean ere. Xabier Sukiak, Graxiren festa eta lana uztartzearekin bota du bertsoa: «Presoen manifetan/ Nafarroaren egunetan/ Baigorriko kaletan/ sanferminetan/ Herri urratsetan/ta hainbeste festetan./ Beti oroituko zaitugu/ borroka guztietan./ Afarietan,/ lau ahotsetan,/Ortzaizeko haitzetan/ Beti oroituko zaitugu/ borroka guztietan».

Aro berri baterantz, Ortzaizeko zubia

Floren Aoiz tafallarraren laguna zuen, eta bera mintzatu da mugak desagerrarazteaz zuen arduraz eta Euskal Herri aske eta batu bat eraikitzeko Etxebeherek egindako lanaz. «Aro berri ekartzeko hautua» izan da Aoizentzat Graxi, eta nabarmendu du askok 2015ean ezagutu zutela, bere etxe pareko zubian, polizia bera atxilotzeko joan zenean.

Bakegintzako langintzan beharrezko militantea izan da bere ustez, «arriskuak hartzera» bultzatu arren. Ortzaizeko zubiak ireki zuen bakegintzarako pasabidea iruindarraren hitzetan, eta Graxik igaro zuen lehendabizi zubi hori, eta ondoren «Euskal Herri osoak».

Bere etxean babes harturikoek ere hartu dute hitza, eta zinez eskertu diote. Bai aterpe bat eman izana, bai babesa, eta baita bere ikuspegi kritikoa ere; «zauritutako bihotzen aterpe» izana, azken batean.

Musika ez da falta izan Graxiren agurrean. (Guillaume FAUVEAU)


Aurreskua dantzatu, eta ‘Herribehera’ kantatu dute, jota bat kantatu ostean, bere nafartasun senak egun honetan ere ezin hutsik egin. Ez egonda ere eliza guztia kantuan jartzeko ahalmena izan du Graxik, eta amaitzeko guztiak zutik jarri Xalbadorren heriotzean abestu eta hilerrira joan da sendiarekin batera. Ohar bat egin gabe ezin amaitu ordea, Ezker Paretan guztientzako jana, edana eta musika prest utzi zituela joan aurretik.

Hasieratik bukaeraraino berak prestatu zuen bere agurra, besteei emana, halakoxea zen Graxi, eta bere agurra ere halakoa prestatu zuen: besteentzako opari bat gisa. Euskal Herri txiki bat Ortzaizen elkartu zedin.