INFO

Europako ahots guztiak mapan jarri nahi zituen hizkuntzen printzea

Euskarari arreta gehien eskaini arren, Bonaparte printzeak askoz hizkuntza gehiago aztertu zituen bere bizitzan zehar. Korsikarrak, hain zuzen, Europako hizkuntza eta dialektoen mapa osatzea zuen helburu nagusi. Horretara eman zuen bizitza, ikerketa sakon bezain liluragarrian.

Bonaparte printzearen euskalkien mapa. (GAUR8)

Louis Lucienen mapa bitxia zen oso. Bere azaleko orbanek ez zuten ez mendirik ez lakurik ez ibairik ordezkatzen. Hori gutxi ez, eta herrialdeen arteko mugak ez zeuden agerian bertan. Europar kartografia zen, zalantzarik gabe, baina ez bere osabaren egoitzetan agertzen zena. Louis Lucien, alabaina, Bonaparte peto-petoa zen, amets egiteko jaioa. Urrutien dagoen eskoziar irlatik abiatu eta kareliar baso, Piriniotako bailara, dalmaziar kobazulo eta baltiar portuak zeharkatu ondoren, enperadorearen ilobak kontinenteko hizkuntza guztiak katalogatu nahi zituen.

Horixe zen plana.

Zerk bultzatzen ote zuen honelako egitasmoa? Akaso atzerrian, erbestean, jaio izate hutsak? Hain zen handia sustraitze eza? Louis Lucien, hain justu, Ingalaterran jaio zen, 1813an. Hiru urte lehenago, ingelesek itsasoaren erdian harrapatu zuten bere aita. Frantziatik ihes egin ostean, Estatu Batuetarantz zihoan Napoleonen anaia. Garai korapilatsu haietan, gerrak eta iraultzak elkarren segidan kateatzen ziren. 1815ean, Waterloon dena galdu zenean, Louis Lucienen gurasoak Estatu Pontifizioetan instalatu ziren. Txikiak hezkuntza anitza bezain sendoa jasoko du han. Natur Zientziak oso gogoko ditu, eta Kimika eta Mineralogian lizentziatuko da. Ordurako ezaguna da bere obsesiorako joera. Burua nekez altxatzen du liburuetatik.

Ideia ona al da Ana Maria Cecchi florentziarrarekin ezkontzea? Hogei urte ditu Bonaparte gazteak, eta pentsatzeko denborarik ez. Azkenean, inertziak erabakiko du. Dibortzioa ia berehala eskatuko dio, baina ez dago traturik. Italiar emakumeak, baina, ontzat ematen du Bonapartetarrek Korsikan duten egoitza nagusian bizitzea, ardurarik gabe. Honela, aske da Louis Lucien Europa eta Estatu Batuetan zehar bidaiatzeko, mineralen bila. Gaiari buruz hainbat ikerketa eta artikulu argitaratuko ditu, baina ezin dira, inola ere, beste honekin alderatu: «Specimen lexici comparativi omnium Iinguarum europearum».

Frisiako errota bat. Bertako hizkuntzak biziki piztu zuen printzearen jakin-mina (Rango VEUGER)

Hizkuntzalaritzari buruzko bere lehen lana da. Latina menderatu gabe ere, abiapuntua uler daiteke: Europako hizkuntza guztien lexikoa konparatzea. Bere ingurukoek bultzatuta, Louis Lucienek politikan ere sartuko du muturra. 1948an, esaterako, parlamentari bilakatuko da, baina dena askoz errazagoa izango da Napoleon III.ak, auto estatu kolpea ematen duenean. Inperio burua bere lehengusua denez, Louis Lucienek printze titulua eskuratuko du. Dena den, 130.000 frankoko betirako pentsio hori da onena. Hizkuntzen ikerketari bere bizitza eskain diezaioke. Ez dago aitzakiarik.

Ingalaterran hasiko da. Ingeles hizkuntzaren aldaerek eta azpi-aldaerek txunditzen dute, eta hauek sailkatzen lehenengoa izango da printzea: Plymouthetik Newcastlera, eta Kent-etik Blackpool-eraino. Hego-ekialdean, esaterako, izan aditzaren aditz-joko bakun eta liluragarri batekin topo egin du («I be, thou bist, he be, we be, you be, they be»). Eta nola deskribatu aurrizki misteriotsu hori? «I have heard» («entzun dut») ordez, «I have aheard» entzun du printzeak hainbaten ahoetatik. Bibliaren itzulpenak ere bilatzen ditu han-hemenka. Hauexek ditu ikerketa eta konparazioa burutzeko ezinbesteko tresnak.

Eta horrela, entzunez eta transkribatuz, ingelesaren aniztasuna jasotzen duen mapa marraztea lortuko du. Espero zenez, bertako adituek apenas eskertuko diote ahalegina, meriturik ez diote aitortuko. Ingelesari dagokionez, zer dauka erakusteko frantziarrak, edo korsikarrak… kontinenteko gizaseme batek, azken finean?

Kornikeraren azken hiztunetako bat izan zen Dolly Pentreath gogoan, Kornuallesen (Paul MISON)

Printzeak ez du amore ematen. Galesera ere eskura dauka, eta jakin badaki kornikera ere inoiz hitz egin zela hegoaldeko mutur horretan. Dolly Pentreath izeneko arrain saltzaile bat izan omen zen kornikeraren azken hiztuna. Hizkuntza 1777an eraman zuen hilobira, eta horrek biziki hunkitu du Bonaparte. Monolito bat altxaraziko du bere omenez. Edonola, korsikarrak bizidunak nahiago ditu hildakoak baino. Kaleko hizkerek pizten dute bere grina beti, haiexek baitira garai aldaketei egokitzeko tresnak dauzkatenak. Bizirik diraute, aske eta indartsu. Hizkuntz literarioak, ordea, negutegiko loreak bezain ahulak dira.

Europako balea zuria

Printzeak keinu lakonikoa agertzen du dagerrotipoko erretratuetan, aspertuta bizi den pertsonarena. Baina ez dago bere gosea pizten ez duen europar ahotsik. Albanieraren bi dialekto nagusiak (toskoa eta gegoa) ere begi puntuan ditu; Balkanetan ez ezik, korsikarrak Italiako hegoaldean jarraituko du arrastoa. Hain zuzen, Sizilian eta Kalabrian mantendu da egundaino albaniar «garbiena», otomandarrak Balkanetara iritsi baino lehenagokoa.

Ordurako, Doctor Honoris Causa da Oxford-en eta, Frantzian, Ohorezko Legioaren dominak jaso ditu. Eta horiek bi baino ez dira, sari eta aitorpen askoren artean. Dena den, ospearen distirak ez du bere misiotik desbideratzen. Hiztunak eta Bibliaren itzulpen gehiago besterik ez ditu behar bere mapa osatzen jarraitzeko. Korsikera ama hizkuntza duenez, italieraren dialektoek ez dute sekreturik berarentzat, baina Italiakoa dugu mapa konplexuenetako bat. Iparraldetik hegoaldera aldaketa gehiago eman daitezke gaztelaniaren, portugesaren eta frantsesaren artean baino.

Ikerketa sakona bezain liluragarria da berea. Nola ahaztu holandarra eta behe alemanieraren arteko harreman garbia? Eta Eskoziako Shetland irletako bikingoen hizkuntzaren arrastoa? Erreparatu al dio munduak Jutlandiako frisiar aldaera zahar eta zoragarri horri? Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeak ere erakarri du, horrexegatik eskatu dizkie Londresen dauden galiziarrei galegozko eta asturierazko ebanjelioen itzulpenak. Sekulako ezagutza lortuko du, baina ez du Galizia inoiz zapalduko. 71 urte dituela, Gonzales Viana portugesaren dialektologoari idatzitako gutunean, osasun arazoak aipatuko ditu. Korsikarrak Galizia «hil aurretik bisitatu ez izanaren» damua adieraziko du.

San Jorge egunaren ospakizuna Sizilian (NICOLA BARBATO)

Hain da ikertzaile sutsua, hainbeste eskaintzen dio bere pasioari, apenas baitakigu deus bere bizitzaz. Zein da, alabaina, laborategiko tresneriaren interesa? Haien bidez aztertzen den lagina da gakoa, behatu beharreko mamia. Zientzialari orok legez, Bonapartek ere horrela ikusten du. Bere ikerketa zabala tirada urriko argitalpenetan biltzen da beti. Berak sinatzen ditu ale guztiak, eta gehienak hizkuntzalarien eskuetara iristen dira, edo liburutegi nahiz hizkuntza erakundeetara helarazten ditu. Gutxi batzuk baino ez dira salgai jartzen, kantitate itzelen truk beti.

Europar dialektologia jardun amaiezina da, mesianikoa ere esan genezake. Balea zuriaren harrapaketarekin baino ezin da konparatu, ziurrenik. Melvillek, preseski, orduantxe argitaratu zuen bere maisulana. Bere hitzek ezin hobeto deskribatzen dute Bonaparteren ikusmira.

«Nire erabakiaren bideak burdinazko errailak ditu, haietatik doa nire arima. Hondorik gabeko amildegietatik mendien bihotz lehorretaraino erortzen naiz, desbideratu gabe. Ez dago oztopo bakar bat ere, ez dago artekarik burdinazko errailetan»

Ez dago. Bere mapa marraztu nahi horretan, Europako ipar muturreko tundran zehar galduko da: vepsiera, votiera, ingriera, livoniera… Muga mehe eta iheskor horiek aurkitzeaz gain, beren deklinabide nahiz aditz-jokoak euskararenekin konparatuko ditu.

Orain aipatu dugu euskara lehendabiziko aldiz.

Euskara

Liburu ttipi bat baino ez zen hizkuntzalaritzako bere lehen lan hura (“Specimen lexici comparativi omnium linguarum europaearum”). Bere 56 orriak zutabez beteta zeuden, lexikoa konparatzea baitzen haren helburua. Zutabe bakoitzeko lehendabizikoa, hain justu, euskal hitza zen. Familia gabeko Europako hizkuntza bakarra izateak printzearen jakingura piztu du; hura, gurea izango da bere kuttunena.

Gogoan al duzue bere emaztea izan zen florentziar hura? Katoliko sutsua eta eguneroko meza zalea izaki, Bonapartek ez zituen inoiz botoak hautsi. Baina bere bizitzan maite izan zuen emakume bakarrak (guk dakigula) Clementina Richard Grandmontagne izena zuen. Frantziarrak euskara menderatzen zuen, bere ahizpetako bat Claudio Otaegi ikertzailearekin ezkonduta baitzegoen. Euskararen ikerketaren bidetik abiatzean, Otaegi bilakatuko da printzearen kolaboratzaile estuenetako bat.

1850ean Gasteizko alkatearekin harremanetan jarri bazen ere, sei urte igaro ziren printzeak Euskal Herrira lehen bidaia egin zuen arte. Elizan irudikatzen dugu, bere lehen sermoia entzuten; begiak itxita, euskarazko hitz jario horretatik bakarren bat harrapatu, ulertu, deskodifikatu nahian. Goizegi da oraindik. Momentuz, mailegu latindarrak bereiztearekin konformatu beharko du.

Beste lau bidaia izango dira eta, horietan, printzeak gogotik eutsiko dio bere eginkizunari. Korsikarraren ahaleginak aho bete hortz uzten du Otaegi. Gipuzkoarraren hitzetan, Bonapartek galdera trebez setiatzen ditu bere informatzaileak, kontraesan eta zehaztasun falta arinenak nabarmenduz beti, behin eta berriz galdetuz…

«Zorionez, printzea ez da gerrazalea, bere osaba ez bezala; hala balitz, jainkoak berak ere ezingo luke gelditu», bota zion Otaegiri elkarrizketatu batek. Zorrotza da Bonaparte, belarri fina du, baita oso buru analitikoa ere. Haiexek bere tresnak, erabakigarriak izan daitezkeen ñabardurak bereizteko, gizaki arruntek usaindu ere egiten ez dituzten horiek.

Bonaparte printzearen argazki urrietako bat (Rango VEUGER))

Gogoratu beharra dago grabagailu eta disko gogorrik gabe burutzen duela bere jarduna. Batetik bestera, haran eta muino artean, zaldi kotxe xume batean mugitzen da, ibilaldi amaigabeak ere tarteko. Otsagabira iristerako, hain zuzen, hamar ordu izan dira oinez. Gauez iritsi arren, bere zain ditu herriko alkatea eta kapilaua. Azken finean, Bonaparte bat ez da herrian maiz bertaratzen den norbait.

Baina korsikar leinukoak ere gizakiak dira. 1867-1868ko neguan, printzeak garun-eraso bat jasango du, bere bizkortasun intelektuala nabarmen gutxitzen duena. Medikuek gelditzeko eskatu diote, baina ez dago galtzeko denborarik. «Hegoaldeko goi-nafar aditzaren koadroak biziki nekatu dit garuna. Nire buru gaixoan iltzatzen zaizkidan punta zorrotzen efektua egiten didate», idatzi zion 1872an bere laguntzaileetako bati.

Hizkuntzalaritzari buruzko 209 argitalpenetatik, Bonapartek 68 eskaini zizkion euskarari. Zera izan zen euskararen herrialdean egindako sartu-irten guztien helburua: denontzat aski ezaguna den euskalkien mapa linguistiko hura. Printzearen arabera, euskara hiru taldetan banatuta dago: mendebaldekoa, ekialdekoa eta erdialdekoa. Haietatik, zortzi euskalki bereizten dira, eta hogeita bost azpieuskalki, 50 aldaeratan banatuta. Ehun urte baino gehiago igaro ziren mapa hori Euskaltzaindiako kide eta ikertzaile Koldo Zuazok 1998an berrikusi eta eguneratu zuen arte.

Argi dago hizkuntzak eta, bereziki, euskara maite izanak bultzatu zuela Bonaparte. Baina ezin da ukatu horretarako baliabideak ere behar zirela, eta printzeak bazituen. II. Inperioa erori zenean, Eugenia enperatriz ohiak (bere lehengusinak) eskainitako pentsioari esker bizi zen. Geroxeago, 1883an, Gladstonen Gobernuak 250 liberako urteko pentsioa eskaini zion, «Ingalaterrako dialektoei buruz egindako lanagatik». Bizitzeko nahikoa zuen, baina ez amets egiteko. Diruarekin batera osasuna ere galdu zuen. Horiek biak falta direla, nekez bidera daiteke hizkuntzak esploratzeko kanpaina berririk.

Bonaparte 1891n zendu zen. 68 urte zituela, ahotsez beteriko milaka gutun eta eskuizkriburen artean itzali zen. Hainbeste zegoen egiteke oraindik, hainbeste hitz eta esamolde entzun eta katalogatzeko... Hizkuntzen printzea Londresko Santa Maria Hilerri Katolikoan dago hilobiratuta. Bertan, ingelesez idatzitako epitafio xume batek bikain laburtzen du bere pasioa:

«Filologia Konparatuari eskaini zion bere bizitza».