INFO

Eguraldiaren petralkeria noiz pasako zain, Kontxako Banderaren lehen igandeari ekiteko

Igande eguerdirako eguraldi eguzkitsua espero da, 15 kilometro orduko haizea eta metro bat edo metro eta erdiko olatuak izango direla espero da. Bezperan, talde gutxi batzuk bakarrik aritu dira saio arinen bat egiten Kontxako badian.

Cabo eta Zierbenako kideak, Kontxako estropada bezperako azken lansaioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eguraldi petrala lekuko, igandean Kontxako Banderaren aurreneko igandean aritu behar diren talde oso gutxi baino ez dira bezperan animatu Kontxako badian arraunean egitera. Donostiarra eta Orio baino ez dira pasa uretatik emakumeen artean –Arraun Lagunak Trintxerpe aldetik pasa da– eta gizonen estropadan lehiatu behar duten taldeei dagokienez, Donostiarra, Urdaibai, Getaria eta Caboko ontziek egin dute entrenamendu azkar bana Kontxako uretan. Denak ere nahi baino gehiago hozteko beldurrez eta igandera begira.

«Eguraldi desatseginak entrenamendua asko gogortu badu ere, saio ona egin dugu eta, tira, igandea noiz iritsiko gaude topera joateko», onartu du Uxue Urra Orioko arraunlariak.

Oriotarrek egin zuten asteazkeneko sailkapen estropadan denborarik onena, itsaso petralean beste inor baino hobeto moldatu baitziren «mirotzak», nahiz eta itzulerako luzean Nadeth Agirrek trainerua zuzen ekartzeko lanak izan zituen tarte baten.

Getariako Unax Eizagirre patroiak, bestalde, «ostegunean urduritasunak askatu genituen eta igandean gerra apur bat ematera aterako gara. Lehenengo aldamenekoari irabazi beharko diogu eta gero ikusiko da zein ematza ateratzen den. Dena dela, ahalik eta ondoen egitera aterako gara», gaineratu du.

Getariako ‘Esperantza’ ontziko patroiak ongi asko daki iazko moduan bigarren igandeko Ohorezko txandan sailkatzea lortzea bera ere nahikoa meritu izango litzatekeela. Izan ere, Kontxako Banderaren 128. edizioa hau eramateko Urdaibai, Hondarribia eta Zierbena dira faboritoak gizonezkoetan, eta Orio eta Arraun Lagunak izango dira hautagai nagusiak emakumezkoen estropadak, nahiz eta gero itsasoak jarriko duen bakoitza bere lekuan.

Gogoan izan behar da estropadak goizeko 11.0ak aldera hasiko direla, emakumeen lehiarekin. Lehen txandan egingo dute arraun Hibaikak, Oriok, Zumaiak eta Kaikuk. Bigarrenean, aldiz, Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia arituko dira nor baino nor gehiago.

Eguerdira iristeaz bat, gizonei egokituko zaie uretaratzea. Aurreneko txandan lehiatuko dira Donostiarra, Zierbena, Orio eta Hondarribia. Bigarrenean arituko dira Cabo, Getaria, Ondarroa eta Urdaibai.

Bezperakoarekin zerikusirik ez

Haizea eta euria asteburuaren atarira iritsi badira ere, igande eguerdiko aldartea beste kontu bat izango omen da. Hasteko eta bat, eguzkia berriz ere ikusteko parada izango omen da: zerua garbi xamar eta 18 eta 28 gradu inguruko tenperaturarekin, Euskalmet agentziak aditzera eman duenez.

Horrez gain, itsasoa beste batzuetan baino lasaiago izango omen dute arraunlariek. Itasoa ez da laino egongo, baina metro beteko eta arraunlariek metro eta erdi bitarteko olatuak izango dituztela espero da. Haizeak, berriz, 15 kilometro orduko abiadura konstantean joko ei du eta tarteka 20 kilometro orduko ufadaren bat espero da ere. Euskalmeten itsasoko parteak aditzera eman duenez, «estropaden momentuan, eki/ipar-ekialdeko haizea espero da 3ko indarrarekin. Gutxi gora behera, metro bateko olatuak sortuko dira eta hauen arteko denbora tartea 9 edo 10 segundokoa izango da».

Faboritoen dantza

Urdaibaik 2022an lortutako titulua defendatzen du, Hondarribiak, berriz, 2018 eta 2020 artean lortutako garaipenak gogoratzen ditu, eta Zierbenak bere maila erakutsi du uda honetan, denboraldi erregularrean lortutako hiru banderarekin eta balio moral handia duen sailkatze proban lehen postua eskuratuta. ‘Galipoak’ 2018an Kontxa irabaztear izan ziren, baina 86 ehunenekoren aldeagatik Hondarribia izan zen nagusi. Ostegunean garaile izan eta gero, nahiz eta jakin Urdaibaik eta Hondarribiak zenbait aldaketa egin, Zierbenak bere palmaresa estreinatu nahiko du arraunaren ‘Olinpiadetan’.

Urdaibaiko Iñaki Goikoetxeak bezperan oraindik eguneko lana izan du gogoan. «Igandean nahikoa zeregin izango dugu, baina orain entrenamendu azkar on bat egitea tokatzen da», adierazi du.

Maila bat beherago Donostiarra anfitrioia geratzen da. Ez zen ibili osteguneko atarikoan, etxeko arraun taldea baita. Orio, berriz, ehun urtetik gorako historian bandera hau gehien altxatu duen kluba (32) eta klasikoetako beste bat, kontuan hartzekoa da. Getaria, Cabo da Cruz galiziarra eta Ondarroa dira, hasiera batean, garaipena lortzeko aukera gutxien dituztenak.

Emakumezkoen proba, igandeko jardunaldiari hasiera emango diona, gipuzkoarren kutsu nabarmenarekin aurkezten da, zortzi ontzietatik zazpi lurralde honetakoak dira eta Kaikuk badu saria bere sailkapenarekin, beraz, itxura guztien arabera, Orio eta Arraun Lagunak taldeen arteko lehia berri bat izango da, Donostiarra zelatan dagoela, aukera egokia ote den ikusteko.